L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik (1994-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Kaleko euskara (II)

Imanol Esnaola

Hizkuntza oso bihurtzeko euskara egiten ari den bide horretan hamaika zulo eta hutsarte di tu betetzeko etazein baino zein premiazkoagoa. Zintzhilik aldizkariaren aurreko alean (1993ko udaberria) kaleko euskararen ezak erdararen morrontzapean jartzen gintuela ikusi genuen eta guk geurea den kaleko euskara baten behar gorrian gaudela (A que sí?).

        Orduan esandako guztiari eutsiz, zehaztapen behar handia izan arren, oraingo honetan pauso bat harago joan nahi nuke eta zer behar dugun zehaztu ahal den neurrian.

        "Kaleko Euskara" delako horren mamian zer dagoen jakin behar genuke lehen lehenik. Horretarako beste hizkuntzetan antzeko fenomenuak izendatzeko zein hitz eta definizio erabiltzen duten ikustea da biderik zuzenena, baina eremu honetan mugak ez daude aurrez uste izan dezakegun bezain argi. Jerga, Argot, Habla urbana, Slang, Habla vulgar,... hitzak topatzen ditugu han eta hemen eta bakoitzak esanahi bati erantzuten dio, sarritan sakoneko aldeak dituztenak guri dagokigunean, ikus ditzagun hauetako zenbait:

SLANG:

        A) A special restricted speech of subgroups or subcultures in society. (The encyclopedia of Language and Linguistics)

        B) Vocabulary which is associated with very informal or colloquial styles. (Language and Society. P. Trudgill, Penguin, 1992)

JERGA:

        A) Cualquier alteración de la lengua standar a causa de las perturbaciones sociales, generacionales, profesionales, etc. (Dicc de lingüística. Anaya)

        B) Lenguaje formado en un círculo lingüístico especial: lenguaje infantil, lenguaje de cancillería,... (Dicc. de terminología lingüística actual)

ARGOT:

        A) Lenguaje especial de los marginados provisto de numerosas metáforas y deformado fonética y formalmente. (Dicc. de terminología lingüística actual)

        B) (Antilanguage) A variety of language usually spoken (...) by members of certain powerless or marginal groups in a society, which is intended to be incomprensible to other speakers (...) to exclude them. (Language and Society. P. Trudgill, Penguin, 1992)

        Definizio hauek agertzen dituzten aldeak nabarmenak dira batzutan eta nabardura arriskutsuak dituzte hizkera sekretu eta bazterreko taldeen hizkerei lotzen baitzaie eta gure kasuan helburua ez da, neurri handi batean bederen inolako talde bereizkeriatan sartzea, ez dugu lapurrek edo yonkiek soilik erabiliko duten hizkera batetik abiatu nahi talde murritz baten beharrak baizik ez baititu asetzen. Beraz, okerreko definizioak bidean oker ez gaitzan uste dut hobe dugula zer nahi dugun zehaztea eta ondoren aurkitzea horri egokitzen zaion izena.

        Hizkera estandarretik aldentzen den edozein hizkera hartzen dugularik ere (dela Espainiako XVI. mendeko gaizkileen hizkera dela New York Cityko beltzen hizkera) oso argi ageri da guztietan hizkera horren erabiltzaileak bere mezua talde sozial jakin bati zuzentzen diola eta horrekin identifikatzeko balio diola. Dena dela, hizkera kasu guztietan bereizketa sozial, kultural, adinezko, sexuzko edo bestelakoren baten ondorio da eta ez kausa: bereizketa egoera bat azaltzen du baina ez du bereizketa eragiten.

        Euskal gizartean talde izaera oso sarturik badugu ere ez dut uste bereizketa hori hain nabarmena denik hizkuntzari dagokionean, ezta erdal hiztunen multzoan ere (Ikus M. Etxebarriaren Sociolingüística Urbana. El habla de Bilbao). Horrek esan nahi du aski zabala eta aldi berean mugatua izango den talde baten hizkuntz komunikazio beharrak asetuko dituen hizkera bat inon sortzekotan behar hori duen talde bat topatu behar dugula. Baina talde horrek aldi berean aski bateratua izan behar du bizimodu aldetik eta gainera hizkuntza aldetik jantzia.

        Talde bereizketaren bila bagabiltza argi dago euskalki baten hiztunek ez dituztela, talde bezala behintzat, baldintza horiek betetzen problematika oso desberdinetako jendea biltzen baita eta behar komunikatiboak desberdinak dituzte, beraz, ez dira egokiak (egungo egoeran, jakina). Gauza bera gertatzen da herri bat hartzen baldin badugu oinarritzat. Guk behar dugun taldeak horizontalki osatua behar du eta ez bertikalki, ezin ditugu zaku berean sartu ugazaba eta langilea.

        Oinarri honetatik abiatuz eta lehen ikusitako baldintzak haintzakotzat hartuz GAZTEDIA izan daiteke bide honi ekiteko baldintzarik onenean dagoena: Problematika beretsua bizi du, etxeko euskara eta standarra ezagutzen ditu (hutsune handiak izan arren), talde dinamikoa da... (Gainera, euskararen erabilpen maila apurka bada ere gorantz omen doa gazteen artean), "Código de saberes compartidos" (F.M. Martinez Fonética Sociolingüística de la ciudad de Burgos 1983) delakoa osatzen dute.

        Guzti honek gaztedia potentzialki berezko hizkera eredu bat garatzeko guztiz aproposa dela adierazten digu. Horren froga tamalgarria erdal esapideak hartu eta batzutan egokitu besteetan gordinik hartzeko dugun joera da. Eta ez da harritzekoa, es que con esas cosas a uno se le va la olla, a que baietz?

        Argi dago honek erdararen menpeko egiten gaituela eta gure hizkuntzan hankamotz.

        Esandakoarekin ez dut uste ezer aldatuko denik, ez eta inolako soluzio biderik eman dudanik ere arazoa hemen esandakoa baino askoz sakonagoa baita, baina gazteok kaleko euskara sortzeko dugun arduraz baten bat jabe arazteko balio izango zuelakoan nago eta hori da behar duguna, Napartheideko lagunak hasiak ditugu lan honetan orain gainerakoak falta gara.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.