L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik (1994-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Arma, tiro... pun!

Miel Anjel Elustondo

 

(Zintzhilik Literatur Lehiaketan ipuinen saileko irabazlea)

Honelaxe da gertatzen Renon, Nevadan. Estatu Batuetan galarazia ez duen estatu bakarrean. Gaur bai eta bihar ere bai da gertatzen. Astean hiruzpalauetan; zehatz esatera eta estatistika emaitzak oker ez badira bederen, egun biz behin. Gizonezkoak ohi dira protagonista gehien. Zergatik? Ugari litezke arrazoiak. Sheriff buruaren esanetan, «desarrazoiak hainbeste, seguru».

        William Lacy-k ere —baina Bill, adiskideek hotsegitera—, ez zukeen erabateko arrazoi borobilik ematen asmatuko. Baina aurretik anitzek bezala egin zuen. Besteren bideari jarraiki zitzaion zuzen. Askoren arteko bat, hainbestean.

        Joan den martxoaren hamazortzian, ohi zuenez bete zuen eguna. Ohi zuenez lan egin. Gero, Virginia Street-en gora egin zuen etxera baino lehen. Hamar minutu orduko jo zuen helmuga. Irakurri ere zuen, aurrez hamaikatan bezala. Haatik, behin betiko —ustez—, ordukoan: "Bureau of Alcohol, Tobacco and Firearms". Puntuan berean eskuratuko zuelakoan sartu zen. Budweiser-a eskatzean legez. «Budweiser, please...». Eskatu, pagatu eta adio! egingo zuelakoan. Puntuan berean! Lekutara joan ziren haren esperantzak. Galdatu zuen... baina ez zuen jasotzerik izan. Jasoko zuen, agingu zioten; ez bapatean, ordea. Ez. Ez zitzaion aldez aurretik uste bezain erraz gertatuko. Moisesen denborako lege aldatu berriak kaltea zekarkion. «Kriminalitatearen gorakada, balizko erosleen antezedenteak ezagutu beharra...». Eta ez zegoen Bill zain egoteko. Bobor irakinean zuen odola, sutan barru-erraiak. Are, luzamendutan ibiltzeak dakarren kalteaz jakitun zen eta irakurria.

        Hortaz, dendariak eskaini zion papera beterik ere astebete luzea zain eman beharko zuela jakinda, ezin etsiko zuela barruntatu zitzaion. Alabaina, bere buruari eusten asmatu zuen. Hainbat denbora eman zuen esperoan. Luzetsi zuen.

        Zazpi egun. Zazpi gau. Loa galdurik batzuk. Lo arinean bestetzuk. Desoseguan guztiak. Zernahi moduz, jakin zuen zazpi egunez errenditzen. Iraun zuen...

        Martxoaren hogeitabostarekin itzu1i zen: "Bureau of Alcohol, Tobacco and Firearms". Bezperako ondoeza markaturik zeraman. Sei eguneko erremin lehertuaren ondorioa: nerbio krisia eta oneratzeko hartu lasaigarrien seinale ageria. Begizulo puztuak; boltsak.

        Aurreko astean legez aldatu nahi zuen. Amorrazioa. Aurrekoasteko dendaria ez, baina beste bat. Txandakako lana inondik ere. Eskatuko zuen berriro. Beste behin. «Budweiser, please...», agintzean ez bezala, ordea. Azalpenak eman beharko zizkion. «Hara, aurreko astean hemen izan ninduzun; zure lagunak hartu ninduen. Zera nahi nuen nik... zera bat eskatu nuen...». Herio zion esplikazio lehorra emateari. «Erretolika antzua. I want to do what I want to do». Eta kitto. Ez besterik.

        «What is your name, please?». Eta izena hotsegin fitxa bila dezan. Paper miatzea. «Bai; hor da ene eskaria». Izenpetzea. «Hori ere bai». Pagatzea ondoren. «Baita». «Eskutan diat arma. Munizioa behar diat. Asko diat kaxa bakarra. Ez nauk heizera gogotan. Barrena hustu baino ez diat gura». Erakusten dik kargatzen. Hustu eta heuk kargatzen duk berriro. Dagoenekoz, heure esku daukak arma. Baduk arma. Ez daukak apuntatu beharrik ere. Bion artean ez zegok metroa baino baino gehiago. Eskopeta jaso eta apuntatu beharrik gabe jotzen duk tiro. Tiro... pun! Primeran. Buruan bete-betean. Tiro... pun! Buruan jada ez zegok haren lepo gainean ezeren arrasto handirik. Denda aldea aldiz, muin-odolez zipriztinetan. Hi heu ere harrapatu hau zipriztinak. Baina ez ziok ardura. Heure buruari zuzentzen diok kainoia. Ahoa zabaltzen duk. Begiak zimurtzen. Hersten. Arma, tiro... pun!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.