Kaleko euskara
I. E. A.
Kaleko euskaraz, euskara mintzatuaz zer edo zer egiten hasteko garaia dela nahiko maiz entzuten ari gara azken aldi honetan. Eztabaida hortxe, kalean dago eta ondorengo lerroetan gai honen inguruko ene gogoeta eta ondorioen berri eman nahi nuke.
Jakin badakigu euskaldunak egoera diglosikoan bizi garela aspaldi honetan. Zenbatek egin ote digute barre euskaldunoi horren kariaz, "lengua arcaica" omen delako, ez dugu oso atzera egin beharrik, ez oso urrutira joan beharrik ere.
Euskal Herria zibilizazioaren maparen barruan dagoenez geroztik euskara euskaldunontzat etxean eta lagunartean erabiltzeko hizkuntza izan da eta euskaldunok beste hizkuntzatan ikasi behar izan ditugu giza jakituriaren sekretuak. Erdizka izan gara euskaldun. Etxean euskaraz eta hemendik kanpo erdaraz.
Euskarak erabilera eremu mugatua izan duen bitartean erdara "noranahiko" eta edozertarako baliogarri izan zaigu, ezinbesteko. Gauzak argi esanaz: erdararekiko morrontzan bizi izan gara eta ez honekiko berdintasun eta adiskidetasunezko harremanean.
Azken mende honetan egindako lan eskergaren ondorioz aipatu berri dudan egoera gainditzeko bideak jarri dira eta gogoz lan eginezkero kultura eta jakintzaren alor horretan bizi izan dugun eta bizi dugun morrontza gainditu ahal izango dugu. Pausu haundiak eman ditugu eta aukerak ez ditugu falta besterik da aukera horiez egiten dugun erabilpena edo ematen diegun bultzada. Gaur egun nahi izanezkero euskara hutsean fisikaz nahiz teoriaa filosofikoez mintza gaitezke. Lizardiren ametsaa egi bihurtzeko bideak egon daiteke ("Baiña nik, izkuntza larrekoa / nai aunat ere noranaikoa")
Asko eta asko gara euskaldun oso izateko erronka hori gure gain hartu dugunak, lehenik alfabetatu eta ondoren ikasketak euskaraz egiteko erabakia hartu dugunak. Zientzietan, administrazioan, komunikabideetan erderarekiko morrontzarik gabe ibiltzeko gai gara. Gaur egun garenak baino gehiago izango gara bihar, esan beharrik ez.
Antzinako egoera diglosikoa gainditu beharrak gure indar guztia horretan jartzera bultzatu gaitu urte luzez bestelako arazoei itzal eginaz; gure buruak hizkuntza zientifiko eta estandarrerako gai egin ditugu; badakigu burutapenik zailena ulertzen, aditzera ematen, termodinamika bera ere ez zaio arrotza euskarari.
Euskal gizartea asko aldatu zaigu azken urteotan, Aimery Picaud eta Humboldt-en deskripzioek zer ikusi gutxi dute gaur egungo edozein idazlek egin dezakeenarekin. Gizartea aldatu den heinean gizartearen beharrak aldatu dira adierazi beharrak era berean aldatuz. Hizkuntza zientifiko eta estandarra batzen eta sendotzen egin behar izan ditugun ahaleginen ondorioz ahazten egin duu eguneroko hizkuntza, kalekoa, etxekoa, hain gurea dugun horrek egokitu beharra zuela. Zer gertatu zaigu? Euskararen alderdi bat erdararen morrontzatik askatu nahian genbiltzan bitartean beste alderdia (lagunartean hain bitxi erabiltzen genuena) nagusi beraren hatzaparretan jausi zaigula, Clarísimo, o no?
Hizkuntza mintzatuaren trebetasuna galdu egin dugu; nork ez du entzun hori baserritarren hizkuntza dela esaten, nork ez du barre egin euskaldun peto-peto bat entzunda? (Iseka egiten diegu hizkuntza mintzatuan gu baino gehiago direnei, halakorik!) Euskaraz egiteko orduan erdal esapide eta hitzak barra-barra, kupidagabe sartzeko dugun ohitura gure ahuleziaren adierazgarri garbiena da, askok euskera eta erdera menderatzen dituelako egiten duena esan arren. Saia zaitezte lagunarteko edozein elkarrizketatan sartzen dituzuen erdal esapideak eta hitzak baztertuz mezu beraa, indar bera duena, euskaraz ematen. Lortzen duen horri zorionik beroenak; jakin beza ez dela edonor, ez horixe!
Gaur egungo euskararen egoera aztertuz gero antzinako egoeraren pareko zerbait bizi dugula esan dezakegu: hizkuntzaren erabilpen alderdi bat erdararen menpe, euskara morroi, euskaldunak erdizka euskaldun. Lehenagoko garaiez esan genuena neurri haundi batean orain errepikatzen ari zaigu.
Euskaldun oso izatera iritsi nahi baldun badugu guztiz beharrezkoa da honetan ere eredu bat izatea, erdarazkoa nahi ez badugu behintzat.
Hizkuntzak ez du jakintsuentzat balio duen tresna egokiaa bakarrik izan behar, herriak erabili, dastatu, eroso sentitu behar du hizkuntza horrekin, hori da funtsezkoena. Hor dago koska eta gaur egungo euskaldun askok dugun arazoa badakigu zein den, kaleko euskaraz eroso sentitu nahi eta gaitasunik ez. Arazoa, ordea, askoz harago doaa, euskaldun multzoaren zati haundi bat ez da inola ere eroso bizi egun eskeintzen zaionarekin ez bait da bere beharrentzako erantzun egokia. Hor arazo larri bat dugu, nor biziko da euskaraz erdizka egin behar baldin badugu? Gaur ezpadaa bihar arazo horri aurre egin behar badiogu.
Nora jo ordea, non dago harrobia? Helburua hiztunak eroso sentiaraztea bada hauen kale, denda eta etxeetara jo beharra daukagu, euskalkietara, hori da hiztunek gertuen sentizen dutena, bakoitzak berea. Zenbaitek kontrakoa esan arren euskalkiak ez dira batasunaren etsai, aitzitik, biek elkar osatzen dute baldin eta dagokien esparrua ematen badiegu. Balizko kaleko hizkera bizi horrek euskalkietan oinarritu behar du bizitasuna eta trinkotasuna galdu nahi ez baditu behintzat.
Esandakoarekin ez dut esan nahi arkeologia egiten hasi behar dugunik, ezta dionosaurioak berpiztu behar ditugunik ere. Egoera berrian egoki dena baino ez dugu gorde behar; falta dena beste euskalkietatik har dezakegu, edo sortu edo lapurtu baita erdaratik egokia izanezkero. Balizko eredu berriak zabala izan behar du, irekia baina ez besteren mendekoa.
Gaia honela azaltzeak zalantza ugari sortzen du, nagusiena, behar bada, euskara ikasten ari direnei zer eskeini behar diegun da, batez ere euskara aspaldi galdu zen eremuetako euskaldunberriei. Argi dago hauei ezin zaiela inguru horretan arrotza den euskalki bateko kaleko hizkera proposatu, baina aldi berean argi dago "zerbait" eskeini behar diegula. Erdararen erosotasuna utziaz euskara ikasteko bide kalkartsuetan gora abiatu denari uztera doanarekin bezain eroso bizitzeko aukera emango dion eredua eskeini behar diogu.
Arestian esandakoak galdera ugari sortzen du, agian mila orritako artikulu batez ere erantzun ezin daitezkeenak. Hala eta guztiz ere ziur naiz gai honetan gibelera begiratzeak aitzinera begiratzeak adina galdera eragiten duela. Itxaropena inon egotekotan gure aurrean dago eta galdera horientzat behar dugu erantzuna. Hori egin ezean nola izan gaitezke euskaldun oso albisteak euskaraz entzun ostean txisteak erdaraz egin behar baditugu? Izan al gaitezke euskaldun oso lagunartean Elhuyar-en fisika liburu batek bezala hitzegin behar badugu?
|