Carpe diem
Sonetoa
Luis de Góngora
Euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Hire adatsaren urregorriarekin lehian
eguzkiak alperrik argitzen duen bitartean;
lautadaren erdian hire kopeta xuriak
eder lilia gutxiesten duen artean;
hire ezpain bakoitzari, harrapatu guran,
krabelin goiztiarrei baino begi gehiagok darraion
eta hire lepo lerdena beira dizdiratsuaren gainetik
garaile suertatzen den honetan;
goza itzan lepo, adats, kopeta eta ezpain,
harik eta hire adin urrezkoan
urregorri, lili, krabelin, beira dizdiratsu zena
ez soilik zilar edo bioleta ustel bilakatu baino lehen,
baizik eta guzi hori batean
lur, ke, hauts, ilun, ezerez bihur dadin baino lehen.
Sonetoa: Luis de Góngora, Poetas de los siglos XVI y XVII; CSIC, Madrid, 1970. Gerardo Markuletak euskaratua.
|