Iritsi ziren azkenean
Arranopola
Bazen behin Este Haundidun Umeak izeneko elkarte gastronomiko haundi bat, EHU izenez ezagutzen zen elkarte bat. Oraintsu arte elkarte honetako bazkideek haragia bakarrik jaten zuten eta gainera bazituzten xerrak prestatzen zizkieten sukaldariek ere. Noski, sukaldari hauetan batzuk beste batzuk baino hobeak ziren, baina jatunak nola-hala konpontzen ziren.
Behin, ostera, begetariano izan nahi zuen bazkide talde bat sartu zen EHUko azpielkarte batetan, izan ere oso haundia bait zen elkarte hau. EHUko estatutuetan azaltzen zenez bertako bazkide orok zuen begetariano nahiz ez begetariano izateko eskubidea. Bazkide berri hauek, Elkarteko legeek babesten zituztela eta, beste guztiek bezala urtero kuota ordaindu egin zuten.
Baina bazkide berrion arridurarako elkarteko zuzendaritzak ez zuen beraientzat jakiak prestatzeko beharrezko zen beste sukaldari kontratatu. Noski, gainera lehengo sukaldariek ez zekiten barazkiak prestatzen eta gainera nahiko lan zuten beraien lehengo jatunak elikatzen.
Bazkide berriotan zenbait dexente ondo moldatzen zen, egunean zehar behar zituzten sukaldari gehienak bazituzten eta. Zenbatzuri afaritako sukaldaria falta zitzaien, baina beste talde batzuetako sukaldarien lan gogorrari eta borondate onari esker goserik pasa gabe bizi izateko moduan zeuden.
Bazegoen, ordea, barazki jaleen artean benetan egoera larrian zegoen talde bat. Beraiek bazuten hamarretakoa prestatzen zieten sukaldaria, baina ez zuten gosari, askari eta afaria nork gertatu. Beraz, argi eta garbi esanda egunean bost jatordutatik bakarra egiten zuten. Benetan egoera larria zen taldetxo honena, egun guztia sukaldari bakarrak ipintzen zien hamarretako legearekin pasatzen bait zuten. Gizagaixook jadanik ez zekiten gosez ez hiltzeko zer egin ere. Gainera elkarteko hozkailuan ere ez zegoen beraientzat egoki zatekeen jakirik. Liburutegia, barka, hozkailua esan nahi nuen, goitik behera urdaiazpikoz, xerraz, arrainez, txorizoz... beterik zegoen. Barazkijale ez ziren taldeentzat bai ederki!! Azken hauek egunaren zati haundi bat hozkailura bueltaka pasatzen zuten, pika handik eta pika hemendik beraien elikadura asetu ahal izateko.
Egoera larri hau ikusirik Azpielkarteko zuzendariak zera esan zien jadanik hezur eta azal zeuden gajoei.
Sukaldari berriak kontratatzeko aukera dugun arte, zergatik ez zarete oro jaleen mahaian bazkatzen? Egoera laster konponduko dela uste dugu.
Ez, Pago Txienaga Jauna hala bait zuen izena zuzendariak guk begetariano izateko eskubidea dugu. Gainera elkarteko kuotak beste guztiek bezala ordaindu ditugu. Beraz, geuk nahi dugunetik jateko eskubidea dugu eta horretarako sukaldari egokiak edukitzeko eskubidea. Ez al da, bada, hori EHUko estatutuek diotena?
Bai, noski, erantzun zuen zuzendariak bazkideen jarreraren aurrean zerbait larritzen hasirik, eta neu ere zuen eskubide hori defendatzeko prest nago. Gure elkarte honetako zuzendari orokor den Emiba Liorbera Jaunak dioenez, ordea, Udaletxeak dirua eman arte ezin dugu sukaldari berririk kontratatu.
Goikoengandiko erantzuna beti berdina zela ikusirik, begetarianoek zerbait egiten hastea erabaki zuten. Gainera elkarteko jende asko beraien alde agertu zen ata prest zeuden edozein ekintzatan eurekin bat eginik joateko. Lehendabizi elkarteko bertako bazkide eta sukaldariak oharteraztea komeni zela pentsatu zuten. Ekintza txikiekin hasi ziren: Elkartean zarata apur bat atera, kartelak ipini... Bazkide gehientsuenak asanbladan bildurik egun batetako gose greba egitea ere erabaki zuten. Ekintza hauek, ordea, ez zuten ezertarako balio izan udaletxekoen aurrean, hauek ez bait zuten dirurik eta ez baimenik ematen.
Denbora era bildurgarrian aurrera zihoala eta Azpielkarteko Biltzarrea deitzea erabaki zuten. Biltzarre honetan sukaldari berrien kontratapenaren premiaz luze eta zabal jardun ondoren, denek aho batez, hauen kontratapena bideratu arte Azpielkartea ixtea erabaki zuten.
Berehala etorri zen, ordea, zuzendari orokorraren abisua, hori egiteko eskubidea ukatuz. Biltzarreak ez omen zuen hori egiteko botererik. Beraz, eta tartean azpielkarteko zuzendari aldaketa ere egon zen arren, arazoak (eta erasoak) lehenetan jarraitzen zuen. Bazkideek, asanbladan bildurik, beraien kabuz azpielkartea ixtea erabaki zuten; nolabait Zuzendari Orokorraren ata Udaletxearen aurrean presioa egiteko.
Bazkideek ez zekiten zenbat iraungo zuten Azpielkartea itxi eta ezer jan gabe. Gainera jakinaren gainean zeuden luze gabe beraien arteko zenbait bazkide (sukaldari faltarik ez zutenak batez ere) Azpielkartea zabaltzeko eta zabaltzeko esanaz joango zitzaiala. Bestalde, piketeak antolatzerakoan ere ez zuten bazkide guztiek parte hartu, negu gorria bildurgarria bait da, batez ere ezar jan gabe dagoenarentzat.
Kontuak kontu, Azpielkartea ixtea lortu zuten, tarteka beste zenbait ekintza ere burutzen zituztelarik: Zuzendari Orokorra eta Udaletxeko gastronomia arduradun zen Ibaiertz Jauna epaitegian kontratua ez betetzeagatik salatu, arartekoari arazoa konpontzen lagun ziezaien eskatu...
Pikete gehienak gosez eta hotzez erdi hilik zeuden, baina oraindik ere bizirik zirauten eta jarrera horretan sendo irauteko asmo tinkoz zeuden. Gainera, poliki-poliki, beste zenbait azpielkarte ere beraien ekintzak bultzatzen eta alkartasunean erakusten hasi ziren.
Bazkideak zertxobait larritzen ere hasi ziren erantzun sendorik inondik ere ez zetorrela eta Elkarteko bazkideentzat hain berezia zen Otsaila ere gainean zegoela ikusirik. Hala ere, beraien asmoan tinko zirauten.
Noizbait Zuzendari orokorrak sukaldari batzuk (ez denak ordea) emango zituela esan zuen, baina udaletxeko Ibaiertzen baimena behar zuela. Honen baimena ere ez zen bazkideak nahi bezain azkar etorri, baina hau ere etorri zen azkenean. Beraz bazkideak momentuz konforme geratu ziren, nahiz eta bazekiten luze gabe arazo berberaren aurrean aurkituko zirena.
|