Hiru poema
Iñaki Andueza
Berriz ere dardartia bihurtu zait,
arima noski,
zer ote zitekeen baino...
Bitxikeriak besarkatuz eta,
hutsaren hustasun beltza topatuz
ene desnahia zureganatzeko.
Beti zu,
bidea atoratzen,
berde enkargatuaz asetzen,
zure bihotzgabearen hotsean
behin eta berriro ni murgiltzearren
madarikatua sentitu arte.
Beti zu,
ene munduaren lamien disdirak lapurtu nahiean
bizitzan topeka ibiltzera ni zigortuz
zure nahikeriengatik, kuttuna.
Beti zu,
beti ene porrota,
eta bizitzeko indarra ematen didan
bionganako oroimena.
Begi beltz mugagabe batzuk
nere gogamen-lapurtzen edo,
marmarkatzen zidaten,
eta lehenengo begiradarekin batera,
ito etin ninduten
beraien irribar herdoilduetan.
Konszienteki egiteak
mindu ninduen geihenbat
behin ezagutu nituenean;
bainan amodioan ibili gitien azken egunean,
beraien ilunabartasunean
hunkitu ninduten betirako,
zorotasunaren azken haria agortzen.
Begi beltz mugagabeak eta
ilargi tanta batzuk,
bihotzean murgildu zitzaizkidan,
derrepentean,
ene amodiozko hilerrian
etengabe izateko.
Lainotsua zera, iluna
eta kresalaz kutsatzen duzu guztia,
ametsak eta irriparrak
laztandura eta lujuria.
Lainotsua zera, laguna,
eta zure bide blaituetan,
zure musu sakon batean
galdu ninduzun, intzian.
Lainotsua, emakumea,
eroen nahia zera, agian
lamien bular saldaz egina
baina beti lainotsua, galdua,
erakargarri eta lizuna.
Malenkonia nereganatzean
izango zaitut gogoan,
itsas ertzean bagatzerakoan
mamituko zaitut apurka
lainoen erreinuan
zure desnahietan, kuttuna.
|