Gilemot-en malkorra
Guy de Maupassant
euskaratzailea: Rikardo
Hara, heldu da Gilemot-en sasoina.
Apiriletik Maiatz azkenera, Paris-eko bainuzaleak heldu baino lehenago, ikusi ohi da zenbait gizon, Etretat-eko hondartza ttipian, ehize janzkiz hedeztatuta eta oinetan botak dakarzkitela. Hanvill hôtelean igarotzen dute laupabost egun, desagertzen dira, eta hiru aste beranduago hor daude, berriz ere. Gero, egonaldi berri baten burura, joaten dira datorren udaberrira arte.
Azken Gilemot-jazarleak dira, aintzinakoetarik gelditzen direnak, zeren hogeitamar edo berrogei urte atzerago, ehiztari mordoska bat baibaitziren. Gaur egun tiratzaile amorratu gutxi batzu baino, ez da. Gilemot-a arront xori bitxia da, bidaizalea, ohitura arrotzetakoa. Terre-Neuve, Saint-Pierre eta Miquelon uharteetako aurkientzak habitatzen ditu ia urte osoan zehar, baina ugaltze aldian, migratazaile saldo batek, ozeanoa iragan eta, urtero, hona, Gilemot-en malkorrera etortzen da errun eta xitatzera. Betidanik dira heldu; beti izan dira ehizatuak. Ez dute etsi, hargatik: Badatoz oraino eta, hurrengo urteetan, eiki, hemen izango ditugu. Udaberri bakoitzean, tribu ttipi hori haitaturiko malkorretan pausatu deneko, ehiztariak agertzen dira herrira. Gazte ere ezagun izan dira; egun, zahartuta egonagatik, zintzo betetzen dute aldikako topara hau. Zer nahi ere jazo den munduan, ez dute huts egiten.
Apirileko arrats bat zen, azken urte haietako batean. Gilemot-ehiztari zaharretariko hiru heldu berri ziren; bat ordea, falta: M. d'Arnelles.
Ez zion inori idatzi, ez berririk eman. Ez zen hortaz, hilik, hainbat lagun zahar bezala. Bestela izan balitz, jakin izan zatekeen. Iguriki ordez, etorritakoak mahaira bildu ziren, eta afaria amaitu hurren zenean, horra non entzuten den zaldi-kotxe bat hôtelaren alartzeko zolan errepika. Berantiarrak egin zuen barrena. Eseri, eskuak igurtzi eta, jantzirik zeraman lebita beltzaz itaundurik, "ez dut aldatzeko astirik izan" xoil batez erantzun zuen.
Mahaitik altxa eta oheratu ziren guztiak, xoriak ustekabean harrapatzeko egunsentiari aurre hartu behar zaio eta. Ez da ehizaldia, ibilaldi goiztar hori baino gauza ederragorik.
Goizeko hiruretan, marinelek, ehiztariak esnarazi zituzten, leiho-beiren kontra harea jaurtikiz. Minutu batzutan prest zeuden hauek.
Goiztiriaren izpirik somatzen ez zelarik, izarrek xurhail xamar iduri zuten. Itxasoak kirrizka leunak ateratzen zizkien untziei, eta brisara hotzaren bolarek dardara eragiten zieten gizonei, hazturak gogortu zituen arren.
Haiek bultzaturiko bi untziak, urratzen den zapi hots batez, malda legarreztatuan behera jeitsi ziren. Oihal beltza mastara igan, apur bat hanpatu, antzika egin eta, azkenik, berriz ere buhatua, sabel bat bezain borobil, eroan zituen untzi-oskol bikeztatuak itzaletan nekez bereizten ahal ziren ur mantsoetan barrena.
Zohargitan, ilunbeak gesaltzen ari ziren. Kostaldeak, kostalde zuri handiak, ordurarte gandu batek ezabatsia, murrua bezain xuxena ematen zuen. Itsumustuan, hondartza bat desleitu genuen; haruntzago, labar-konkor handi bat, eta bertan, malkorretako erlaiz meharretan, xorien buruak, untziei begira.
Han zeuden, geldirik, haiduru. Ez ziren ausartzen hegaldatzera; ez oraindik. Haietariko zenbait, pendiz ertzetan bermaturik, beren atzekaldeen gainean jezarrita ematen zuten, tente, botilak izango bailiren. Hain dira motz xori hauen hankak non, ibiltzen direnean, lur gainean labainduz egiten dutela baitirudi. Hegaldatzeko, nola abioa ezin har dezaketen, harriak bezala behar dute beren buruak erortzen utzi, hain zuzen ere, itxaroten ari diren gizonen ingurura. Ez dira errex deliberatzen ihes egitera.
Baina marinelak hasi ziren deihadarka, eta untzien aldeak ohol-kolpeka hebaintzen. Xoriak, izuak harturik, banan-bana oldartzen ziren uhainen arrasera. Orduan, hegoak gora-behera azkarki mugituz, zuzeneko bidetik jotzen zuten, eta largua hartzen. Beren kazkabarkada batek uretara zeramatzan.
Lehen egunean, M. d'Arnelles gogotsu aritu zen ehizean, baina hamarrak irian itzuli zirenean, zerura goratzen zen eguzkiaren pean kezkatsu agertzen zen, gogoetari emana-edo, bere ohituraz beste eginik. Hôtelera iritsi zirenean, beltzezko neskame antzeko bat mintzatzera hurrendu zitzaion, ahapetik. Pentsatu, dudazko keinu bat egin, eta erantzun zuen ondoren: Ez, bihar.
Biharamunean ehizetara berriro.
Oraingoan, M. d'Arnelles-ek huts egin zuen bere piezatariko asko, ia eskupetaren ahoraino hurbiltzen zitzaizkion arren. Haren lagunek, trufaz eta algaraz, maitemindurik ote zebilen galdetzen zioten. Honek, tupustean, bota zien: Benetan... Ahalik lasterren joan behar dut, gogoz kontra bada ere.
Joan? Nola? Zergaitik zioten besteek, harrituta.
Zera..., konpondu behar dut ezustean sortu zaidan arazo ttiki bat. Ezin dut luzaroago gelditu.
Denak isildu ziren.
Bazkaria amaitu zenean, beltzezko neskamea agertu zen berriro. Berehala, M. d'Arnelles-ek kotxea uhalezta zezaten agindu zuen, eta bazohan irtetera beste hiru lagunak aitzinatu izan ez balitzaizkio, gera zedin otoika. Batek, erasiarekin eteten zuela, galdegin zion:
Tira, ikus dezagun, ez da ba hain arazo larria, horko hori, dagoeneko bi egunez iguriki baldin baduzu.
Ehiztaria, kilikatua bezala, pentsatzen jarri zen. Hausnarketa luze joan zen eta azkenean, ahots kantituz, murmurikatu zien:
Zera, zera da, ez nago bakarrik hemen; suhia dut nerekin.
Oihuka besteak: Suhia? Baina non da?
Orduan, bat-batean, aztoratua iduri zuen, eta ahalge: Nola, ez dakizue? Ba... Gurtegian dago, hilik.
Isiltasuna egin zen, baldidurazkoa. M. d'Arnelles-ek birrekin zion, geroz eta azturatuago: Haren galtzeko zorigaitza izan dut, eta, gorpua etxera neramala, itzulialdi labur bat egitea otu zait, gure ehizaldi hau ez hutsegitearren. Ulertuko dukezue, ezin nagoke gehiago hemen.
Baina ehiztarietariko batek, ausartenak: Hortaz, hilik dagoenez... Iruditzen zait, hau da... egun bat gehiago itxaron dezakeela.
Beste biek ez zuten dudarik egin: Honek ez du aitzakirik! zioten.
M. d'Arnelles-ek zama pisu batetik askatua zirudien; horraatik, itaundu zien: Benetan, ba al deritzozue ongi?
Baita ihardetsi ere beste hiruak, gizon bakar bat bezala: Arranoa! Bi egun ken ala erants, ze axola ziok, zegokean horretan!.
Hori esan eta, zeharo lasa, M. d'Arnelles bihurtu zen lurperatzaileari buruz:
Tira bada! Jauna, etzirako izango da.
Oharra: Gilemot-a frantsesez "Guillemot" xori migratzailea da, Frantzia aldean hilabetetako egonaldia egiten duena. Hemen, Euskal Herrian, ez dago, eta ez du edo ezin aurkitu izan diot euskarazko izenik.
|