L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zantzoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zantzoa-2 (1997-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Sabotaia eta iraultza

 

Shaktale

 

Plana beste behin errepasatu zuten. Ondo zekiten arrakasta zehaztasun eta koordinazioaren araberakoa izango zela. Ez zuten ez planorik ez erlojurik beharko, buruz baitzekizkiten xehetasun hauek guztiak.

        Konfidantzazko irribarrea zuzendu zioten elkarri, lotsaz, bazekiten komandoko lau kideetatik bakarra erortzen bazen, segurtasun indarren metodo basatiek hitzeginaraziko zutela eta erakunde osoa arriskuan egon zitekeela. Baina ezin zitekeen hutsik egon, perfektua izango zen guztia. Unairen urduritasuna besteena baino begibistakoagoa zen, klandestinitatera oraindik ohitu gabea, hauxe izango zen bere lehen sabotaia ekintza.

        O ordua eta M minutua iristerakoan, latexko eskularruak jantzi, aurpegia gobernuburuaren mozorroz estali eta matrikula plakak aldatuta zituen Telepizzako Nissan Vanettean sartu ziren lau aktibistak. Operazioak iraun zituen larogeitamar segunduetan erakutsitako lasaitasunari esker, ordubete beranduago topa egiten zeuden legez kanpoko erakundeko (LKE) biltzargelan. Estrategia hain txukunaz elkar zoriontzen egon ziren ordubetez, gero, hurrengo ekintza diseinatzeari ekin zioten.

        Hurrengo goizean Maitek, instituturantz zihoala, zerbait arraroa nabaritu zuen etxe aurreko megairagarkian. Demi Mooren hazpegiak spray lilaz itsustuta agertzen ziren eta azpian, saltoki handi batzuetako triangelu berdea tatxatuta, eta ondoan «Udaberria Corte Inglesaz kokoteraino dago» idatzita. Instant batean pausua gelditu eta, erresignaturik, esan zion bere buruari:

        —Fijo atzo ere, Unai espraiekin eta bere lagunekin tontoarena egiten ibili zela. Iraultzaile hauek...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.