Rubeni urdina dario
Zantzoa
Rubén Darío poeta nikaraguarra jaio zela 130 urte betetzen diren honetan, Zantzoako orrialdeetan lerro hauek idatzi nahi izan dizkiogu, memoriaren erdialdean egon ohi den zulo hori tapatu nahian edo.
Hexagono bat zara Ruben
jauregiko mosaiko hura bezala
bide bat zara Ruben
fruitu exotiko baten azala.
Irudimena lokartu zen
eta telefonoa agertu
maitasuna muntaia kate bihurtzeko
gertu.
Garai fatal haietan jaio zinen Ruben
eta zurekin modernismoa
edo alderantziz izan ote zen?
Orain ere poetei
antagonistak izatea bakarrik
geratzen zaigu
gu beti izan gara koldarregiak
beti apartatu izan ditugu
lainopetik begiak.
Gure errebeldia bestelakoa da
gure errebeldia ihes egitea da,
likido urdin bat edan
eta Sabako erreginarekin
larrutan egitea.
|