Oharra: Bi poemaok Vicent Torrent valenciar poetarenak dira, eta Al Tall abeslari taldeak abesten ditu "Quand el mal ve d'Almansa" diskan.
Gaitza Almansatik datorrenean...
Vicent Torrent
euskaratzailea: Mikel Alvarez
Historia igaro da ja,
hauts eta lurrek estalia,
baina bertatiko gaitzak,
Almansako gaitzak,
oraino erretzen
herri guztia.
Betoz alkimistak,
sorgin eta ezkutariak,
ilunbea garbi dezaten,
dena ezkutatzen duen
denbora konjura dezaten.
Almansan lur jo aurretik
bizitutako jendia
lehen tribunan
etor bedi argira;
jar bitez berdinkiro
Jaume Lehena eta Ausias March
ermandate eta ofizioekin,
itsasjende eta laborariekin.
Lilura gartsuago egin
zuon indar guztiekin
eta etor bitez bestara,
hirugarren tribunan,
jaiotzeko direnak,
jende argi eta subirano,
beren buruen jabe;
eta jar berdinkiro ere.
Musika eta erromantzeak
entzuten dituzuenak
zabal begiak eta ikus
zuon tribunetatik
jendearen artean
zabaltzen den bidea.
Prozesioa hasiz doa,
luze, triste, desolatua,
buruan doa bourbondar erregea,
Felipe bosta, prakanasaia,
atzetik hamazazpi ehunetan zazpia
eta Era Berriko dekretua;
Cabanilles organista
tokata bat haizatzen;
Maulet asko morrala bizkarrean
etxea non jasoko bilatzen;
hariaren ehuleek
felpa eta tapizak daramatzate;
han doaz zerri eta botiflerak,
botifler eta sugandilak,
ernegari eta salatariak,
andre-gizon "sokarratak",
lapur, apezpiku eta markesak,
senyera urraturiko untziak,
Karlos Austriako, atzera egiten;
biperrauts, kalami eta arrantza,
D'Asfeld, lumadun demonioa,
suemaile sumindua,
gerlari katalan eta ingelesak,
Portugal eta Holandakoak,
gazidurak eta prostitutak,
almendrak, arroza eta patxak,
frantsesak eta gaztelauak,
"saragüells"-ak, Almansako gaitza;
Maulet gehiago doaz,
Botiflerik apenas,
Berwic eta Blanquer doaz
eta Frantziako Luis hamalaugarrena,
liberak, diruak, "divuites"-ak,
abertzaletasun berria doa
gaztelazale eta iruzurkiro,
jantziberri doa Estatu modernoa
eta jaunttoak bazkaritara,
Penjadet eta Basset,
Quart de Poblet sutan doa,
Katibako errautsak aidean
eta hauts hodei handia
argi artean zabala da,
eguzkia segizioan doala,
erotsak daramala;
konjurua ez da betiko
eta historia igaro da ja,
baina bertatiko gaitzak,
Almansako gaitzak,
oraino erretzen
herri guztia.
|