Camemberg guria
Paul Meabe
Dendetako dependientek edozeri baino beldur gehio die
negu arrastiritako azken orduei,
dagoeneko gau zerratua kale artean
eta 50 urteko filma amerikanoen sikosi hori.
Bazkalondoan Hamletarren kofradiako
tertulian egona nintzen,
ondoren alkimiara eskeini nuen aldi bat
eta baitere zentzugabeko frase batzu grabatu parkeko bankuetan,
beste hainbat udal zaramaontzietara bota nuen.
Derrefentean fraseen eragina
dependienta koitatu batengan frogagura sartu zitzaidan.
Kalea pasa eta gaztadenda batetara sartzea baino ez neukan.
Neskamea apaleriaren kontra hartuta
fraseen pozoia txertatzen hasi nintzaion:
"mundu osoko hareatzetan barrena,
ekiaren ezpata gartsua persekutatzaile,
ilundurako erreinuetarantz enmigratuz habil,
narras hoa,
lur loa,
hutsaren ondorena falta zain
daramanan alanbikea hautsi dakianan;
seinale bat dakusan mendebalera
bere arrastoan gatza uzten duena,
heure odola dun arreba, heurea
haren baitan maria gora maria behera dabilena,
egunero egunero goizaldera ozpindua geratzen dena;
berbaren batzu diosan grekeraz,
hona hemen iretargiaren otsaina edo;
amesetan eta lotan hagonala zeinu urtsu batek
zer ordu den jakinerazten din
eta zera gehitzen,
jagi hadi ohantze hortarik,
jaio, ezkontz eta herio ohantzetik;
bai, badatorkin, orain hasi haiz konturatzen ongi,
banpiro zurbila bailitza,
gaueko nabigante bakarra heugana datorrela,
zuzen zuzenean heure ahoari azken kaztana lapurtzera;
ez egion uka,
emaion eta ikuituaren mementu berean hi haizena ezaba dadila
hire ezpainetan"
Zerbait jazo zen derriorrez,
ezen irteeran andra baten otsaran nindoan camemberg guria bainintzen.
Eta . . . . . . . . . . . . zertan segi.
|