Numeroen miraria
Paul Meabe
Behinola bazen gerra bat
gerra benetakoa,
benetan karlistada zeritzana,
karlistadaren bigarrena.
Haren baitan:
bazen batalloirik, konpañiarik, eskuadroirik, gerraririk,
mezularirik, zulezko orrazirik eta pattar apurrik;
bazen banderarik, banderatzat edo odol sikatzeko erabili zenik,
kamillarik, andarik, sendagilerik (sendagile baino are petrikilo)
harrotasunik, balentiarik, gorrotorik,
espartar errezetarik, umiltasunik, errugaberik,
alfer hildakorik, alfer zauturik,
atsegabetan suertetsurik;
bazen negarrik, garai baino lehen gizondurik,
kataloxarik arerioa begiztatzekorik,
gerra sekretarien eguneko parterik,
zorion opatzea beranduagorako uzterik,
zoritxarren hartze eta ematerik;
bazen aitorlerik eta zer barkaturik,
nor hilik eta polborarik,
nor izorraturik eta dozenaka makiladarik,
zer eraso eta erretzeko solorik;
bazen, bai, bazen batalla bitartean
frakajoste eta berriketarako betarik,
zaldi gainean lo egin zuenik,
negar anpulurik isuri ez zuenik,
negar anpuluen iturburua ahortu zuenik,
urrundik sofritzen zuenik;
bazen ofizialik balantza bat bezain traidorerik
eta bihotz bigunik;
bazen etorkizuneko abenidetako izena eman zuenik,
eta zeini, han goian, korreotako funtzionariak bere izena irakurtzean
bularra harrotuko zaionik.
Bazen halaber, gerra tresneri guzti honen artean
kapitain bat,
kapitain korajetsua eta (esan beharrik ez) zaldi gainetiko mandamas ona,
soldaduen ustetan bat numeroa baino areago kontatzen ez zekiena
"bategatik aurrera, aurrera bategatik"
inor erortzen zenean zeta gainetik errepikatzen bait zuen.
Baina dena den,
tropa ezjakinagoa zen,
ezen "konpañia erdia galdu dugu" "ejerzito erdia falta zaigu"
Egunek hala zirauten, behin zera suertatu arte;
anonimotasunean galdugura ez zuen bala soli batek,
agian aurrekaldetik etorria,
agian atzekaldetik,
parabola eginez inpernutik heldua ere baliteke,
kapitainaren polainak zituen moztu,
mamia hautsi, bernahezurra ferekatu,
eta horra hor,
noiz jazo zen numeroen miraria
edo aritmetik subkontzientziaren leherdura,
"batek, batek ezpada bik, bik ezpada hiruk,
baina eraman nazazue, eraman, ez nazazue abandona"
errepika eta errepika hasi zen hauts gainean etzana zenetik.
|