Munduko berriak
Paul Meabe
Adrianna Capetullo italiar aktrisak, bere amorante berriagatik galdegin ziotenean, berehala, bere jatorriari dagokion eraz, egin zuen haren erretratu robota:
Begiluzea, potrohaundi bat edo Italia mian esaten ohi dugun lez mascalzone haundi bat, so egitea duena ofiziotzat, edozein gertakizunen aurrean espio baten jela gordetzen duena, berarekiko pekatu garbitzailea. Eta ez pentsa langa ostean egoten denik, zezenaren adarretan dabilena da, baina txarto sendatutako zaurizko kapotea. Ezertan ez du parterik (eta ez naiz kontraesanean ari), zero bat ezkerretara baino gutxio (ez neretzat halajaina) Eta ostera bere interesen onean (zera baino zeragoa interesen hau) gauza guztiez aprobetxatzen dena. Baina, ai ene kazetari kumeok!! zimaur gaineko onto umilok!! zero hortara iristeko hainbat gauza abandonatu beharra dago, identitatea (frakasotan galdua eta era berean frakasoz osatua), adjetiboak, gaineko larrua, laneko karta eta errostoranekoa ere (nik hortako lain badut, baina hau ez da kontu) Bera eta gizakomeriaren artean beharrezko distantzia ezarri ahal izateko, dena, den dena izan da premiazko. Lantzean behin komeri nagusiago baten baitan ez ote dagoenaren dudak (ia egiak) atakatzen du, noiz nere lapikora sartu, irakin eta desegingura izaten baitu. Baitere, noizean behin, distira batek argi dagio, arratseko orene batetan jainkoei darien antzekoa, orduan historia guztia eztarrian marapilatzen zaio eta oxal dagoen polizi bailitza hirian barrena nora ezak eramaten ohi du. Bere emaitzak, liburu forma hartuta, herrialde, errepublika edo hemen esatea ohi den bezala, partitzen dira eta partitu bezain laster lurperatzen. Nonork bateonbat etxera eramaten duen sospetxarik badu; kritikoen ahotik erantzuna aditu nahi luke, baina segituan dio inork ez dakiela kritikoa noren izenean mintzo den, noren ordainez. Iglu batetara sartzeak ematen dio eta izotz atalez gure ametsetako palazioaren diseinoa egiten dit, zeina urrengo mementuan, ametsen epeltasunez, urtu egiten baita. Arren eskatzen dit Fellinirekin egin dezadala filma bat, behin Erroma ezagutu zuen eta, nik zera arraposten diodalarik, Carlo, Carlo, zer gehio eska dezakegu munduak ignora gaitezen baino.
|