Gose grebako hogeigarren egunean
Joseba Sarrionandia
Hotzak gaude ilunabarrean, gorputza ahul,
Eskuak artega
Duela hamaika mende kalera irten ez garela.
duela hamaika urte deusere jan ez dugula
Leihoko barroteen bestaldean euria
isilean eta etengabe
Beste leihoetan lagunak susmatzen ditut
neu bezala oinazean euriari begira.
Zenbat garen? Bat, hiru, bost, zazpi...
banan bana
Isolaturik, baina hanitz gara eta inor ez da
Tokatu zaion zeldatik pasatu den lehena.
Lehenagokoen urratsak jarraitzen ditugu
ia oharkabean
Eta jarraituko dizkigute oraindik, eskolaruntz
Barrikaden albotik jakinminez doazen haurrek.
Hezurretan gaude, min zaharren batek gure baitan
Hezurrezko xirulak jotzen ditu
Noiz arte izanen da denbora hain amaitezina?
Bueltatuko ote zaigu haragia inoiz gorputzera?
Hatzamarretan indarrik ez, begiak
Lausotzen zaizkit
Poema baldar eta tristeak igual bai baina
koldar lekziorik ez diegu ondokoei utziko
Gartzelako poemak, Susa
|