Literatura gorria ugari idazten da gurean, jipoitutako emakumeen odolarekin. Hiritar zintzoaren mozorroarekin putakume asko baitabil oraindik kaleetan. Eta Emakunde Afganistanera begira. Han talibanek emakumeen eskubideak zapaltzen dituztela eta fundamentalismo islamikoa eta bla, bla, bla... Euskal herrietan emakumeen eskubideen aurkako fundamentalismorik ez bagenu bezala.
Alardeak Afganistanen ez baina Euskal Herrian egiten direla ez bageneki bezala. Eta alarde horiek gogoan, Bidasoa fundamentalista datorkigu gogora. Eta betiko alardearen aldekoak ikusten ditugu martxoaren 8an, Afganistanera begira. Euren herriko emakumeek arazorik ez balute bezala. Hemen isurtzen den odol bakarra hilekoarena eta PPko zinegotziena dela sinestarazi nahian besteoi.
Matxista gorrietaz, berriz, ezkerrekoak diren horietaz, nahiago dugu ezer ez esan. Zerrenda luzea egin beharko bait genuke.
|