Gauaren botila
Juan Luis Zabala
Gauaren botila
husten ari den bitartean,
zure haurrak sasi-arantzen odola gogoratzen du
eta haurraren cowboy pistolaria pinua eta kaktusa erkatzen ari da.
Haurrak ez bait zuen uste
nagusien gauak botilazkoak zirenik.
Dena den, gaua, berez, ilargiz jazten dela ere
nonbait ikasi behar,
norbaitek irakatsi behar (ilargiaren definizioa jakin beharrik ez dut uste dagoenik).
Hala ere, ordea, norbait horra zurrut bat eskaini behar (gabezia bete ezinik akaso? ospatu egin behar den arabera, irakaskuntza busti egin behar).
Eta gauaren botila egunero betetzen dute (ilargi-uraren ordez H2O nahasiz).
"Handiagoa izaten da larunbatetako botila."
Ilargia urrunegia da (eta ez du berezko argirik... eta oso geldia da...).
Eta gauero, gauaren botilak bustitzen gaitu,
sasi-arantzen odola eta pinua eta kaktusaren arteko ezberdintasunak oroipen soil, urrun eta hegalari bihurtuz...
|