L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Joku garbia

 

Neurri bako haragikeriek, nahi beste irabazteak eta lagunarte zalantzatsuek asper eraginda zegoen; gorputz perfektoek eta erosoaren erosoak nekarazia.

        Basoko etxetzar batetara erretiratzea erabaki zuen, ardurak urrun, zuhaitz bakar batzuren gerizpeaz eta kulunkaulki batez disfrutatzekotan.

        Atzeraurreak utzi eta Rubloren ilaje lakarrean atzaparrak eskobara antzera irristatu.

        Neskame hezur-azaltsuaren laguntasun bakarrarekin, ordurarteko haragi leun eta beteen dastakera goxoa ahantzi.

        Guzti hau bere bizitzaren hutsune bat zen, izan ere oroimenak burura zekarkiona gogoratzea bait zen bere zeregin latzena. Nork ahaztu mehatxuak, pakete banatzaileak, jendea isil arazteko ordaindu beharra eta astindu fatalak? Nork diru zuritzeak?

        Neskamea belauniko moltzo busti batez zoluari garbitu bat ematen ari zitzaion, ipurdialdea modu deigarrian mugituz. Bere kontra topo egin arte hurbildu eta ordurarte egundaino karminez mozorrotu ez zuen aho oskolez barre egin zion egunean lehengo bizikera makur hartara itzuli zen nolabait.

        Baina ez zuten, ez, ohizkoaz kanpo ezer egin.

        Enkarnak basoaren beste muturrean bizi zenez Jaunaren etxeko lanak eginda gero bereruntz egiten zuen bazkalostero.

        Egun berean, siestan zegoela, Enkarna aldegina beraz, oso gauza bitxia gertatu zen. Ikuilutik zetozkion abere desosegatuen zaratek loa galdu arazi zioten eta hari esker aditu zuen bederatzigarren maila loka haren karraskotsa. Ezezagunen bat eskailerak gora zetorrela igarririk, lagun kokoloren bat edota hain paraje bakarti eta etxe erorkorrera hurbiltzeko ondotxo informaturiko besteren bat aurkituko ote zuen zebilen berekotan; arretaz ohetik atera, ohepean gorderik zeukan eskopeta hartu eta bila joan zitzaion.

        Gaizkileak zakurra pozoindu edo tiroz hil zezakeela pentsatu zuen; bandako zenbait behean gera zitezkeela eta gainontzekoak urrutiago, automobilen batetan zain.

        Behatz-muturretan gela zeharkatu eta beste ate batetik atera zen. Leihoetatik so egin: arimarik ez.

        Erreskateagatik ordaindu beharrekoaz hasi zen burutapenetan polizia alde ikaragarri baten ihardunaz eta bahiketak prentsan izango zukeen eraginaz.

        Eskuetan eskopeta zeukanez eta elkarri jarraitzearen jokua hasia zenez gero, azkenerarte ekingo zion jokuorri, esku ta oin loturik izan zezaten arte, autoaren maleteroan sartu eta zapalduarekin hautsak eperren antzera gora egiten zuen bide hartatik jauzika eraman arte.

        Terroristok inguratzen ahaleginduko zen; bateren bati tiro egin, ahal izanez gero bertan akatu.

        Bere gelako atea ireki zeneko bera iadanik kanpoan zegoen. Ikusi atea irekirik ikusi zuen baina inor ez.

        "Seguruenik guztiak sartuko ziren".

        Gaztetan Clubean zaindari hasi zeneko ausardia burumotz berberagatik ateruntz zuzendu zuen kañoia; orain sasoiko gizona izan arren, bere izakerari itxarotea ez zegokiola, bera ekintza gizona zela jakinda eta gailurrera bultzatu zuen oldar basatia zela bide, oraingoan ere ezin egonean gelditu.

        Gelan sartu zen tupustean eta plastikozko kirol poltsa koloregaldu bat eskuetan zeraman gizontto narru bat ikusi zuen kajoi batetan miaka ziharduela.

        Bere burua bestearenaren gainetik ikusi zuenean, zizpoleta kokotean jarri eta, jaun ta jabe, ikaratu egin zuen, urrezko hortzaren distira lagun. Armak eduki eta erabiltzeagatik poliziaren esku utziko zuela esanez hasi zitzaion hipotesi faltsuetan; narkotrafiko, lapurreta edo bortxaketa kontuetan nahastu eta guztiz kakaztuko zuela; edo telefono dei batez bere eromena zertifikaturik eroetxe batetan sar zezakeela betirako... Aitor zezala, bada, bere seme galduak bidali zuela etxe zahar hartan gordetzen zituen harri bitxiak ebastera, berak soilik jakin zezakeela eta.

        Negar patsetan zegoen gizarajoa, otoi, bere morroia izanen zela, ez ziola sekula santa hutsik egingo, baina isilean joka zezala eta ez salatzeko, ostantzean bai bera bai etxekoak betirako lohi geratuko zirela. Dena den, bere semeak bidali zuela lapurretara konfesatu arte irainek ez zuten azkenik izan.

        Jaunak, itxura ulerkorrez, lasaitzeko esan zion, ez zuela salatuko eta, "babes propinan" hiltzea pentsatu zuen, baldin eta zortea frogatu nahi ez bazuen behintzat.

        "Zortea?" "Zer nahiko zukeen esan hitz harekin?"

        Zentzuzkoa denez, gizontxoak nahiago izan zuen bere bizitza jokoan jartzea galdutzat ematea baino.

        Etxetik atera eta etxostera abiatu ziren. Lorategi birrindu hartako errekastoaren aurrean prakak bilduz zangogorri jartzera eta, halaber, pare bat zangurru aurki zitzan uretan murgiltzera ere derrigortu zuen.

        Ondoren zakuto bat atera zuen patrikatik eta harrapaturiko bietarik bati buztana mozteko esan zion, gero biak sar zitzala poltsan. Bata edo bestea aukeratu behar zuen. Ateratzen zuenak buztana bere hartan bazeukan, "Jaunaren" morroia izango zen; aldiz, buztan bakoa ateratzen bazuen, lapurretan harrapaturiko ebasle bezela hil beharko zuen: kupidarik gabe, tiro batez.

        Bizitzeko beste hiltzeko hainbat aukera zituela pentsatzeak beldurtu egin zuen gizontxoa, baina are gehiago lur jo zuten haren esperantzek. Aberatsak kangrejo bati buztana moztuta gero atzeikara jarri eta, pieza biak poltsan sartu orduko besteari ere buztana kendu zion; gizonkilloak orduantxe igarri zuen azpikeria, bigarrenaren buztana errekan behera urak zeramala zeharka ikusi ahal izan zuenean.

        Ez zeukan irtenbide bakar bat bera ere. Ez zeukan zereginik.

        Gorpu imaginatu zuen bere burua, zerraldoan, eta etxekoak burua aurrera atera ezinik inguruan antzera aldegin nahirik.

        Bape atera ezik hil egingo zukeen, bat atereaz gero beste horrenbeste, eta biak aterako balitu zintzotasun eza erakutsi eta bihotz ustela minduko liokenez... Zer esango dizuet ba nik...

        Garauak estutu zituen, eskua zakutoan sartu eta ateratzera zihoanean...

        ...haginkada bat hartu duenaren plantaz kangrejoetarik bat korrontera jaurti zuen. Animalia bapatean desagertu zen. Gizontxoak kontu faltagatik barkatzeko esan zion, halere garrantzi handirik ez zeukala ziotsan beste kangrejoa atera ezkero bere erabakia asmatuko zuketelako.

        Bere zolitasunari esker gizontxoak froga gainditu eta errukigabeko dirudun haren agindupera sartu zen, morroi. Bere semea garbitzea izan zuen estraineko eginbeharra, inoiz eduki ez zituen bitxien balioa zekien alferrontzi hura, egundaino jaio ez zen semea. Hiltzen ez bazuen bere pauso nekatuaren atzetik gizonak bidaliko zituela aditu ondoren beldurtuta, alferrik ekiten zion ihesari.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.