L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ihesa

 

Bernardo Kapanaga

 

Abailduta heldu zen etxera, zorabiatu beharrean. Hall-eko horma-altzariek dzapartaka egin zioten abegi, dantza zoroan. Burua bueltaka, eskaratzera jo zuen. Aulkian jezarri zen, dardaraka. Eguneroko kontua, goizetik gauera arte behar egin ostean, aulki hartan jezarri eta mundua gorrotatu egiten zuen. Ba ote zegoen bizimodu hura beste egun batez, beste hilabete batez, beste urtebetez jasaterik? Maiz, gero eta sarriago, edozein landare baino bizitasun txikiagoa zuela pentsatu ohi zuen: bere eginbehar guztiak zeharo mekanikoak ziren, egunero makina baten zehaztasunez errepikatuak, errepikatuak, errepikatuak. Kaletik zehar zebilela ere, dendetako erakusleihoetan isladaturik ikustean, bera barik maniki bizibakoa zirudien, begirada ere aienatua. Eta, aulkian jezarrita, bizitza osoan horrelaxe segitu behar ote zuen galdetu zion bere buruari. Etxetik lantegira eta lantegitik etxerakoa zen mundu honek eskain ziezaiokeen paradisu bakarra? Galeretara behartutako presoak baino askatasun handiagoa ezin izango luke egundo eskuratu? Noiz arte katea astun haien zaina? Bihotza zimeltzen ari zitzaion, odola ozpintzen. Afaria maneatzeko batere gogorik ez, eta oherantz abiatu zen pentsamendu ilunokin, urrun ihes egin nahi duenaren ezinegonaz.

        Logelara sartukeran, zinrara bortitz batek iharrausi zuen —gauero sentitu ohi zuena—, gela hartako aireak desberdina bait zirudien, auka eta lainotan bustia bezalakoa, ametsetan blai egina. Izan ere, logela hura bere bizitza arrunt eta madarikatuari ihes egiteko bide bakarra zen, ametsen lurralde miragarrirantz hegan egiteko abiapuntua. Jantziak erantz ahala, ohearen gainekaldean armada isil baten gisan pausaturiko hegazti disekatuen bildumari so egin zion, artegatasun tanta batez. Umetan ohe azpia ondo arakatu arte bere bihotzak taupada eroak goxatzen ez zituen legetxe, orain banan-banan aztertu behar izaten zituen hegazti guztiak benetan hilik zeudela egiaztatzeko, lo zetzala hegaldatu eta begiak atera ez ziezazkioten. Gero, aharrausi luzea eginez, ohera sartu zen, logurak erreta. Atseginezko hotzikara nabaritu zuen bizkarrean izaren artean irristatuaz batera.

        Begiak itxi baino ez, ametsezko olatu umelen fereka sentitu zuen inguruan, zeruar haizeak abiadan daraman hodei-aldra bat iduri. Loak hartu aurretik maiteen zuen jarrera aukeratu zuen: gorputza eskumarantz alboratua, hankak tolestuxeak —ezkerra eskumaren gainean— eta, azkenik, ezker eskua eskumako besoaren galtzarpean eta eskuma ezkerreko sorburuan.

        Ametsek beti hasiera berbera izaten zuten: logelako pertsiana agertzen zitzaion, eta beronen erdian handituz zihoan xulo borobil bat, handituz zihoana, handituz, begia hartarantz bertaratuko balitz bezala.  Halako baten, zulo argitsuak dena hartzen zuen eta orduantxe hasten zen benetako ametsa.

        Ziztuan zihoan zaldi erotu baten gainean, ordoki zabal bat zeharkatuz. Abiaduragatik arnasbehartuta, zaldia ibai baten ondoan geratu zen. Ur handia zekarren. Zalditik jaitsi eta ibaian sartu zen, burua tiraren menean utziz. Aingiratzar-aldra bat garraiatzen  ari zitzaiola etorri zitzaion irudira, ibaian behera lasterka. Uraren hotza, aizto zorrotza. Konturatu orduko, bokalean zegoen. Bertan, txalupa estekatu bat zuen aiduru. Lokarria jaregin eta itsaso zabalerantz abiatu zen noraezean, olatu eta goaien gatibu.

        Eguzkiaren dirdizak begiak itsutu egin zizkion, kordea liluratu. Suzko paisaia batetik zehar zihoala begitandu zitzaion, olatuak gar, bitsa txinpart. Erraiak irakiten zituen, zapart egitean. Bapatean, bere azpian, txalupa sutan hasi zen. Inguruan, sumendi baten aho haserretuak jaurtiriko harritzarrak jausten ari ziren, edo ortzetik eroritako izarraren puska goriak. Nahinon trumoien burrunba itzelak edo auskalo zenbat herensugeren garraldi eta baurre ikaragarriak adi eta ikus zitezkeen, hura infernurako sarrera bailitzan. Orduan sorgin-haize batek, txaluparen kapitain bihurturik, suzko paisaia hartatik atera eta eguzkiaren galda ikustarazi zion ostera ere, eskuaz ia ebatu zitekeen eguzki dzinkaria. Ahots liluragarri bat etorri zitzaion orduan, doinu goxoa kantari. Ia txistua bezalakoa zen, erakargarria oso. Haizea lagun, lehorrerantz egin zuen, ahots hura gero eta gertuago, bihotza orduan eta asaldatuago.

        Sukarretan heldu zen labarrera. Haitz garai bat ikusi zuen, azpian zulo handia, balea zuri baten aho irekia. Sarreran neskaso sotil bat itxaroten ari zitzaion, aker baten gainean zankarteka, eskuan gabai bat. Hurrera zekion egin zion aieru. Eskutik ebatuta sartu ziren haitzuloan. Han, iluntasunik ilunenean, hamaika sentsazio goxo, arnasa sakon, atsegin ikara. Laztanez irrits, ezpainak irrist, haragiz orrits. Baina, otoz, argi izpi arrotz batek hain laketaldi eztia zemaitu egin zuen, urrunetik zetorkien argitasun madarikatu hark. Maitasun jaio berria suntsitzeko jaurtiriko tragaza pozointsua zen, ilunbetako zorion sakon hura galerazteko trikimailu ankerra. Orduan neskasoak gera zedin erregutu zion, bai eta bere eraztuna oparituko ziola agindu ere, eguzki bat grabaturik zuen eraztun miragarria.

        Bazekien neskasoaren eskariak zer suposatzen zuen: aurreko guztia ahaztu eta han betiko geratu beharra. Baina ez zion ardura. Aspalditik irrikatu arren egundo burutu gabeko dongakeria egitera doan gaizkileak sentitu ohi duen gili-gilien bor-borra nabaritu zuen, txindurri-aldra bat odoletik gora eta behera.

        Orduan, neskasoak oles eginda, izaki izugarri bat agertu zen, hego handiduna, soineko beltz luzez jantzia, aizto bat eskuan. Bazekien zer egin. Izaki lazgarri hura eskaintzen ari zitzaion aiztoa hartu eta argiune urrun hartarantz jo zuen, bihotza taupatsu, giltzetako zainak ikara baten. Haitzuloan aurrera egin ahalean argi izpi zingle huna pixkanaka handituz joan zen, pixkanaka handituz, handituz, dena hartu zuen arte. Orduan, logela ezagun hura ikusi zuen. Hormei begiratu zien arinki, ohe gaineko hegaztiei, begiek ñir-ñir egiten zioten bitartean, pertsianaz haraindiko auka eta lainozko mundu liluragarrirantz betiko ihes egiteko deretxa bait zuen, eskuan dirdira zegien aiztoa oraindik eskumarantz alboratua lo zetzan gorputzean ziztatu baino ez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.