L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<txis0600>— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Hogei txistukada gorrak ernatzeko

 

        1.— Sinisten dugu literatura gauza indispensablea dela; zertarako, ez dakigu.

        2.— Askotan lotu gara literatura egiteari, baina beti gerarazi gaitu zorionak. Beraz, solemneki deklaratzen dugu hemendik aurrera eginahalean saiatuko garela dohakabeak izaten. Horretarako, ohi bezala, kritiko, kazetari eta editoreen laguntza anaikorra espero dugu.

        3.— Sinisten dugu Artean modu nagusi bi daudela: orroa eta xuxurloa, eta hortik heldu direla literaturaren historiako adar eta modu guztiak. Literatura, bizitza bera bezala, ez da beti zehatza izaten, eta beraz, sinisten dugu literaturan bagedadea batzuetan sinisgarriago edo iresgarriago dela errealitatea bere ñabardura eta toles guztiekin transkribatzeko amets erromantikoa baino. Idazle bati eskatzen dioguna ez da gauzak ondo esatea, ondo xuxurlatzea baino.

        4.— Ez dugu plagio hitza onartzen: Senecarekin batera, guk ere esaten dugu: edozeinek ondo esan duen edozer, geurea da. Zazpigarren manamendua ez da guretzat egina.

        5.— Maite dugu idazle izatea. Idatzi behar izatea, berriz, jasanezina zaigu.

        6.— Sinisten dugu poesia ekintza zail eta eraberean errexa dela, eta gauza bi baizik eskatzen ez dituela: gauzen sentipen bizia, eta hura aditzera emateko gaitasuna. Gainerako guztia dindirri eta apaindura da.

        7.— Beti saiatzen gara ahalik eta ondoen idazten. Batzuetan zorte ona izaten dugu eta ahal duguna baino hobeto ere idazten dugu, gure azken ale honetan ikusten den bezala.

        8.— Hitz egokiak, toki egokian, asmo desegokiz. Horixe da gure estiloa.

        9.— Kritikoak ez ditugu maite: lehenengo eta behin, gutaz piperrik ere ajolatzen ez direlako; bigarrenik, pulamentuzko kritikarik egiten ez dutelako; eta, hirugarrenik, gure inozentzia frogatzen ez diegun bitartean erruduntzat gauzkatelako. Halere, ez dugu etsitzen: ondo idazten dutenek irakurleak dituzte; txarto idazten dutenek, kritikoak.

        10.— Sinisten dugu hiru arau nagusi daudela literatura ona idazteko. Zorionez, guk ez ditugu ezagutzen.

        11.— Sinisten dugu egiatasuna ez dela errealitatearekin zerikusirik duen kontzeptua, gizarte eta aldi bakoitzean errealitatea irudikatzeko indarrean dauden konbenzioekin baino. Greko zaharrentzat sinisgarria zena guretzat mitoa da. Eta guretzat egia dena, gure kritikoentzat ameskaiztoa da.

        12.— Sinieten dugu gizonaren bizitzak pentsamenduz eta ekintzaz osatua egon behar duela: horregatik hilean behin gutxienez orri bat idazten dugu eta astean behin taldeko guztiak hertzainei harrika egitera joaten gara.

        13.— Nahiago dugu geure buruarentzat idatzi eta publikorik ez izan, publikoarentzat idatzi eta burua galdu baino. Momentuz, ez publikorik ez bururik ez dugu, baina zorionez inprentakoek oraindik ez dakite.

        14.— Pesalonbrez deklaratzen dugu Ipar Amerikan idazle arrakastatsua baizik ez dela inportantea, Frantzian idazle guztiak direla inportanteak, Inglaterran ez dagoela idazle inportanterik, eta Euskal Herrian argitu egin behar dela idazle izatea zer arraio den.

        15.— Sinisten dugu literatura guztia minorientzat egina dela, irakurle bakoitza bere baitan minoria bat delako beti. Gure irakurle idealari dagokionez, inkesta zorrotz batzuen ostean honako tipologia honi egokitzen zaiola aurkitu dugu: giristino arnegatua, irakaslea, euskaldun berria, alkoolikoa eta akabatua.

        16.— Literatura da ofizio bat zeinetan, ondo zoritxarrez, zintzo garela frogatzen ibili behar izaten dugun batere zintzo ez diren askotxori.

        17.— Lanerako grina da literatura sortzeko lehen baldintza. Talentoa da bigarrena. Harritzen gara nola ez bata ez bestea ez izanik literatur aldizkari bat kaleratzeko gauza izaten garen.

        18.— Dena jasan dezakegu, erratak eta kritikoak izan ezik.

        19.— Manifesto literarioak eta taldekeriak gorrotatzen ditugu. Gureak salbu, noski.

        20.— Eta azkenik, Jaungoikoa esistitzen bada, zertarako da literatura? Eta Jaungoikoa esistitzen ez bada, zertarako da literatura?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.