L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,2 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Ametsetan erne

 

Joanes Urkijo

 

        Zientzi-fikzioaren historia izen baten historia da. Horrelakorik gabe jaiota, generoa luzaro ahalegindu zen nortasun eta definio bat bereganatzeko, baina azkenik lortu zuenean tranpa gertatu zen, geroztik idazlerik gehienak galerazten saiatu izan diren tranpa, alegia 1926 urtean, Amazing Stories izeneko aldizkarian Hugo Gernsback argitaratzaileak scientifiction izenpetu zuen generoa, eta hiru urte ondoren science fiction izenarekin borobildu egin zuen kaltea: literatura futurista mendetan zehar idatzia izan bazen ere, ordudanik Korronte Nagusitik aldendu eta ghetto batean legetxez geratu zen isolaturik.

        Definio harekin, Gernsback izeneko honek Jules Verne, H.G. Wells eta Allan Poe-ren antzeko istorioak adierazi nahi zituen. Guzti honen aurka daudenek ere, oraintsu arte, bai definizioa baita hiru idazleok aintzindaritzat onartu dituzte, nahiz eta Wells-ek bere garaian argi eta garbi ohartu edozein idazle berriri aintzidari edo aitaren bat atxikitzeko zegoen maniaren aurka. Hain zuzen, Wells-engandik hona predigreeak etengabean luzatuz joan dira, Plato-rekin hasita, Kepler, Campanella, Edmond Rostand, Shakespeare, Cervantes, Jonathan Swift, Mary W. Shelley etabartxo barne.

        Huskeria ederra dirudi, edonola ere, gaur egungo erdi mailako genero baten arbasotzat hain lan nagusiak hautatzeak, baita lan hauei zientzi-fikzio izena ematea ere. Edozein kasutan ere honek Mary W. Shelley-ren aparteko kasua uzten dugu aztertzeko, 1816 urtean Frankenstein argitaratu zuenean beste mamu-istorio arrunt bat baizik ez zuela idatzi uste bait zuen berberak, nahiz eta, egia esan, Teknologi-Garaiaren lehen mitoa asmatu: gizona gizonaren sortzaile zientziaren bidez. Mary Shelley-k «munstroa» deitu zuen bere pertsonaia; Bram Stoker-en noela gotikoaren antzera, baina Frankenstein-ek sortzen digun ikarak Iragan Feudalarekin baino Etortzerakoaren Utopiarekin zerikusi handiagoa dauka.

        Gernsback-ek hiru aintzindariengandik kanpo utzi zuen Mary Shelley, beharbada emakumea izanagatik, gogoan bait zeukan zientzi-fikzioa Poe-ren istorioetan azaltzen diren gizonezkoen beharrean zegoela, honek etorkizunaz arras gutxitan idazti bazuen ere. Edo agian Poe aproposagoa zen idazle komertziala izaki (Gernsback argitaratzaile komertziala zen legetxez), Mary Shelley alderantziz goi mailako literaturari zegokiolarik. Verne eta Wells-en kasuetan, ordea, garbiago dirudi Gernsback-ek asmaturiko aintzindaritzaren egokitasunak.

        Edozein kasutan ere hirurengan aurki daiteke Gernsback-ek «Ikusmen profetikoa» izendatu zuena, hau da, nola teknologiak, etortzekoa posible egiteko, gauzak aldatzen dituen, profeziarik gehienak bazter zehatzak ez badira ere: ilargirako bideak ez dira kainoi eskerga bat dela medio egiten, eta munduen arteko gerra ez da oraingoz gertatu. Zentzu subjetibo batean beharbada, baliteke zerikusirik aurkitzea Wells-en Munduen arteko gerra eta Aireko gerra noelen eta bi Mundu Gerren artean, baina beste ikuspuntu batetik: Gerra Osoari buruz Wells-ek zituen eritzien pisua eritzietan nabaritzen delarik nolabait. Nola edo hala, zentzu honetan idazle guztiek egiten dituzte profeziak, era subjetiboan besterik ez bada: asmatzen duten etorkizuna gu bizi garena da, beraiek asmatu dutelako.

        Wells-en garaian kritikalariek bi noela mota bereizten zituzten: romance eta novel, narraginiza irudimenezkoa eta mimetikoa, alegia; eta denek aho batez romance sasizientifikotzat jo zuten Wells-en lana. Hain zuzen, Gernsback-ek horrelako materiala erabili zuen bere aldizkarirako, idazle berriak noiz sortuko zain. Baina hauek azkenean agertu eta romance hitza zeharo galerazi zuten, realismoari egokiago bait zeritzaten. Urre Garai honetako idazleek (van Vogt, Asimov, Heinlein, Philip José Farmer, Ray Bradbury eta abartxok) askoz ere nahiago zuten «entretenigarri» hitza heuren literatura nolabait hataiatzeko, «artea» baino. Hala ere, aldarrikatzen zuten, heurena zen, herri-literatura izaki, balio intelektuala zeukan bakarra, eta ondorioz gizarte mailan baliagarria; eta eginbehar sozial hau betetzeko zientzi-fikzioak zientzia dela medio aurkeztu behar luke errealitatea. Egia esan, aspaldi zen marxistak ondorio hartara heldu zirela, eta ez litzateke harritzekoa amerikar idazle batzurengan berauen eragina aurkitzea.

        Edozein kasutan ere, anti-idealismo honek Roosevelt prsidentearen garaian izan zuen punturik gorena. Gaur egunean ere Asimov-en antzeko idazleek jarraitzen dute zientzi-fikzioaren filosofia den teknokrazia liberal horren alde idatziz: aurrerakuntza, gizarte-aldaketaren aurka ez doana, gu iratotzen uzten ez dioguna. Hasieran batean, hala ere, filosofia liberal horrek zalantzagarritasunak erakusten zituen, sarritan sozialdemokraziarekin baino faxismoarekin zerikusi handiagoa zuelarik: halaxe egin zuten generoaren idazle guztiek Sobietar Batasunaren aurka Gerra Hotzaren garaian, eta elkarren aurka, alderantziz, 1968 urtean Vietnamgo gerra zela-eta. 1973 urtean eztabaida hau literatura beraz jabetu zen, Norman Spinrand-en The Iron Dream (Burdin-ametsa) noela argitaratzearekin: Adolf Hitler-ek idatziriko azken noela bailitzan, zientzi-fikzioaren heroi batzuren eta nazismoaren arteko lotura handiak aurkezten dizkigu.

        Nolabait ere, zientzi-fikzioa literatura erlijiosoa da. Jakina, mitoa beti doa erfjioari elkarturik, eta gaur egungo erlijioa zientzia zehatzak dira. Mary Shelley-k, bere paisaiak naturan kokatzen baziren ere, teknologia modernoa gaberik ulertu ezin zitezkeen mirariak eskaini zizkigun. Etorkizunerantz pausu bat gehiago emanez, Wells-ek hirira aldatu zuen paisaia... baina pausu honek atsedenaldira baino izualdira garamatza.

        Zahartzaroan adierazi zuenez, sozialista izateaz gainera baiezkorra izan zen bizitza osoan Wells. Nahiz eta, 1895 urtean argitaratu zuen The time machine (Denboraren makina) noelan utopia sozialistarik ez erakutsi, artean etsai jarraitzen zuten klase sozialetan banaturiko gizarte bat baizik: Eloitar agintari diletanteak eta Morlocktarrak, munstro gizajale benetakoak... gizakiaren amaierari buruzko profezia bat, alegia. Wells-ek beranduago profezia hau gaztaroko ezezkortasunaren ondoriotzat gaitzetsi zuen ere, 1898 urteko The War of the Worlds (Munduen arteko gerra) noelan ez zen atseginagorik gertatu: amaiera zoriontsua kasualitatez baizik ezin zitekeen gertatu, lurreko medikuntza kaskarrak ez bait du oraindik bazilo guztiak isolatzeko biderik aurkitu.

        Ezezkortasun hori aparte utzirik, nola edo hala Wells-ek zientzi-fikzioa modernoaren oinarriak ezarri zituen. Verne-ren Itzelezko Bidaia bi ikuspunturik interesgarrienetan bilakatuz: denboran barreneko eta planetan arteko bidaiak. Hauetaz gainera, eta esan bezala, gizakiaren amaierari buruzko mitoaren arketipoa aberastu zuen, buruhilketa teknologia eta extralutarren inbasioa osagarririk garrantzitsuenak direlarik. Hauetariko lehena mende hasierako amerikar idazleek landu zuten batipat, haien artean Edgar Rice Burroughs gure artean entzutetsuena. Bigarrenak orden 1966 urtera arte ez zuen lortuko benetako adierazpen klasikorik, Jerome Bixby-ren It's a good life (Bai bizimodu edema) noelarekin.

        Hasieran aipaturiko hiru aintzindarietatik, Poe-k ez zuen gauza handirik idatzi genero honetan. Are gehiago, hemeretzigarren mendeko idazlerik gehienak ausartu ziren behin edo gehiagotan futurismoaren bidean, eta batzu Poe baino nagusiagotzat jo litezke zentzu askotan: Herman Melville, Nathaniel Hawthorne edo Mark Twain. Baina beraiengandik bilakatu zen tradizioak ez zuen jo zientzi-fikzioa klasiko bihurtzeraino, H.P. Lovecraft-en ipuin izugarrietaraino baizik (zientzi-fikzioarekin zerikusia badute ere, Lovecraft-en lanek ez dute harridurarik sortzen, beldurra baizik).

        Dudarik gabe beste nonbaitetik sortu heharko zuen zientzi-fikzioa jarraitu beharrean zegoen ereduak, zeinek erantzun behar bait zion bai herriaren gustoari (Hawthorne eta Melville eskolako irakurgaitzat mugatzen zituena), baita herriaren fantasiari ere (teknologiak gizona askatuko duen munduarekiko ametsa, baina era berean heroi bakartia makinaren gaindi garaile). Eredu hau beraz, Wells izango zen, sozialista izaki Mussolini, Stalin eta Henry Ford miresteko nola edo hala moldatu zen inglesa.

        Henry James bere herkideak, halabaina, hasiera-hasieratik jo zuen «pop-idazle» bezala, «artista» deitura besterentzat utziz. Hain zuzen, literatura goi eta behe mailatan banandu zituen ezberdintasun horrekin, eta gezurra badirudi ere Inglaterran baino Estatu Batuetan izan zuen arrakasta kontzeptu honek. Inglaterran, beranduago ikusiko zenez, zientzi-fikzioaren idazleek herriaren oneritziaz gainera, kritikorik finenena pertsegitzen zuten, Aldous Huxley, George Orwell, William Golding edo Anthony Burgess adibide direlarik.

        Mota honetako idazleak Estatuetan ere bil genitzake: Hemingway, Scott Fitzgerald, Faulkner, Steinbeck, Dos Passos edota Saul Bellow... hemeretzigarren mendeko heuren aurrekoek eta goian aipaturiko inglesek ez bezala zientzi-fikziorik idatzi ez zuten idazleak, alegia. Eta honek, tamalez, generoaren hesparrua hestutu egiten zuen Edgar Rice Burroughs, Lester del Ray edo Theodore Sturgeon idazleen antzeko astrountziei buruzko espezialisten inguruan (eliteko kritikak inongo eragozpenik gabe baztertu zituenak).

        Hala beraz, zientzi-fikzioa erabat genero gaitzetsia zen hasieran, eskolagai gisa erabiltzeko edo kritikoen nekadura erakartzeko gauza ez zena. Baina pop-kulturak eztanda egin zuenean, istoriozko aldizkariak espezializatuz joan ziren pixkanaka eta zientzi-fikzioak pop-irakurtego urri bat lortu zuen, zeinak hezkuntza-irakurgaien aurka, alde batetik, eta bestelako pop-agerpideen aurkako alternatibatzat bestetik, erabili bait zuen. Zientzi-fikzioaren zaleek ihardunaldiak antolatu zituzten, eta makina bat aldizkari berri ere sortu, nahiz eta hauetariko askok luzaro ez iraun. Baina gehienetan irakur zitezkeen istorioak erabat ezezagunak ziren eskola eta unibertsitateetan.

        James Joyce-k eta Gertrude Stein-ek literaturan molde berriak bilakatzeko egiten zituzten ahaleginekin ere, arraroa zen zientzi-fikziozko lanetan inongo klitxerik ez aurkitzea, edota aurreko lanetatik ohosturiko estereotipoen errepikapen amaitezinik ere. Zentzu orokorrean ironia sentimentalkeriaren lekuaz jabetu eta idazlerik gehienek originaltasuna jomugatzat hautatzen bazuten ere, Urre Garai honetako zientzi-fikzioa lantzen zutenei bost axola. Ezta konturatu ere ez ziren egin sexu eta erotismoaren tabuak aspaldidanik zeudenik alboratuta. S-f aldizkarietan lizunkeria eta adierazpen gordinak zeharo debekaturik zeuden, baita ernaltze-organoei buruzko aipamenik txikiena ere. Baina ixilaren ixilaz, azken batean Espazioa eta Denboran Barreneko Super Abiaduraren heroiek pakete dexentea zeukaten hankatartean, eta esan zitekeen emakumeen zeregina extralutar munstro ikaragarrien hatzaparretatik salbatuak izatea besterik ez zela... edota makinei sakrifikatuak izatea.

        Honexetan daukagu iltzea zera ulertzeko, zergatik zientzi-fikzioak, bere traketskeria eta teknika reakzionarioarekin ere, ez zuen soilik harridura sortu, benetako berrikuntzazko zirrada baizik, goi mailako literaturak iraganeko mitoak irrigarri utziz iharduten zuen garai batean. Ezer susmatu gabe, Urre Garaiko idazleek irakurleen irudimena iratzarri zuten, nekez eta pekez uler eta kopreni litekeen teknologia harrigarri baten irudiak eskainiz.

        Idazleek irakurleari etorkizunerako prestatzen lagundu arren, beraiek ere ezustean harrapaturik gertatu ziren etorkizun hura heldu eta orainaldi bihurtzean. Bonba atomikoaz sarritan arduratu baziren ordura arte, 1.945 urtean Hiroshiman jausi zenean mirariren kategoria galdu zuen, eta idazleek gai erakargarri bat baztertu behar izan zuten. Ondorioz, hirugarren gerrari buruzko istorioak joan ziren ugarituz, eta gizakiaren iraupenarekiko ezezkortasuna standard bihurtu. Baina Hirugarren Mundu Gerra ez zen inoiz etorriko, sputniak bai ordea... espazioaren konkista hasia zen.

        Bitartean, Huxley-ren Brave New World (Bai mundu berria) eta Orwell-en 1984 ia etorri ziren bizira, lehena Mendebalde aberatsean eta bigarrena Ekialde komunistan. Baina Gerra Hotza amaitutakoan bi munduak elkarganatuz hasi ziren, eta bietan sortu zen zientzi-fikzio berriak heuren sistema politikoei burla egiteaz gainera, teknologia bera ere uzten zuen barregarri. Eta hala ere zientzi-fikzioaren aukerak gero eta urriagoak ziren: Estatu Batuetako aldizkari espezializatuak Urre Garaian berrogei bat izatetik bederatzitan geratu ziren 1969 urterako. Irtenbidea bezeria berria erakartzea izango zen, eta hauxe lortu zuen Arthur C. Clarkeren «2001» noela zinemara eramateak; filmea ikusi zutenak noelaren irakurlegoa halako hamaika mila suertatu ziren. Zientzi-fikzioa ikasgai bihurtu zen ikastetxeetan eta irakurgai goi mailako literatur-aldizkarietan. Borges edo William Burroughs bezalako idazleak heuren idazkiek generoari zor ziotena aitortzen zuten, eta denek eriden zuten bapatean Sturgeon, Heinlein, van Vogt eta besteak azken batean Kanpoko Espazioaz baino Barruko Espazioaz aritu zirela heuren istorioetan, hain zuzen ere Shakespeare. Joyce edo Hemingway bezalaxe. Zientzi-fikzioa Korronte Nagusira hurbilduz zihoan.

        Orduz gerotik generoaren idazleak ugaritu egin dira. Argitaletxeen tiraniak alde batetik eta literatur-sarien urritasunak bestetik iratota, azkenean gainprodukziora heldu dira, eta sortzen den gehiengoak ez du aipamenik ere merezi kritikoen aldetik, aintzina gertatzen zen legetxez. Askoren ustez, hala ere, idazle hauen arruntkeriak eta irudimen kaxkarrek erabat merezita daukate. Hobe lukete, esaten da, ondo idazten ikasi.

        Baina ondo idazten ikasi norengandik? Ez mitorik ez harridurarik sortzeko gauza ez den bangoardiatik? Ez horixe, Shakespeare, Cervantes eta antzeko aspaldikoengan ari dira mitoak amaigabean birjaiotzen, erne egiten ditugun ametsak birsortzen. Gorago esan dugu zientzi-fikzioa Korronte Nagusira hurbilduz zihoala herriro. Egia esan ez zen sekula ere aldendu korronte horretatik: lur azpian zegoen Morlocktarren aldamenean, Wells berriaren Denboran Barreneko Bidaiaria noiz etorriko zain.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.