L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,2 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Urrezko ziztada

 

Juan Perez

 

Under my tumb entzuten ari da kotxetik. Parkeko jezarlekuraino heltzen ari da Micke Jagger-en abotsa. Micke Jagger-ek kantatzen dituenak dira Mameni bustierazten dioten abesti bakarrak. Alua busti egiten zaio; titiburuak gogor jartzen dira, titiak tente. Mamenen eskubialdeko eskua Montxoren zakilaren bila dabil. Montxo ez omen da konturatzen, izerditan dago, dardaraz, ez da ezertaz ere ohartzen. Mamenen ezkerraldeko eskuak, Montxoren eskubialdekoa hartu eta larru beltzezko gona altxatuz, aluaren gainean jarri du. Mamenek ez darama ezer gonapean, galtzerdiak izan ezik. Arrosa koloretako galtzerdiak, aldaka eta gerriaren arteko bidearen erdian den galtzari-hartzaileari lotuta dagozkio: honela, galtzerdiak ezin eror daitezke. Galtzari-hartzailea ere arrosa koloretakoa da. Mamenen ahoa Montxoren ezpainak bilatzen ari da, mihia, Montxoren mihiaren bila. Montxo altxatu egin da eta kotxera joan; Mamen, bere atzetik. Montxo, gidariaren ondoko lekuan jezarri da; Mamen kotxearen bestaldetik sartu eta gidariaren jezarlekuan gelditu.

        Euria egiten hasi da eta haizetakoan, ur-tanta txikiak gelditu dira erantsita. Hautsak ez dio urari erortzen uzten, horregatik, kristaletan erortzen ari diren tantak ez dira higitzen, erantsita gelditu dira. Euria ari du, baina ez du berorik egiten.

        Micke Jagger orain Carol ari da kantatzen. Mameni CAROL ez zaio atsegiten. Rolling Stones-en kaseta kendu eta RAMONCIN-en bat jarri du. Hasita dago kaseta «...dejame que te rompa las medias, que tu pelo se enrede en mi cara, que la gente no duerma por oirte gritar...» entzun daiteke.

        Mamenek paro egin du eta Montxori begiratu dio. —Hala, hazme gritar, vida— esan dio Mamenek. Montxoren praken kremailera eraitsi du eta galtzontziloaren bazterra beheraturik, zakila hartu eta ferekatu egin du. Montxori ez omen zaio axola. Mamenek, kotxearen esku-galga kenduz, Montxoren zakila ahoratu egin du. Montxori ez zaio gogortu zakila. Euria, aldiz, gogortu egin da, eta, orain, tantak ez dira kristaletan gelditzen, erori egiten dira, kristaletatik irrist egiten dute. —Mierda! —oihukatu du Montxok— ya vale, dejala en paz! ¿No ves que no quiero? ¿No ves que me la traes floja? Si, floja, totalmente floja ¿No la ves?—. Mamenek ez dio ezer erantzun, altxatu egin da eta martxan jarri du kotxea. Argiak eta haizetako-garbitzailea piztu, atzeranzko martxa sartu eta leihoak itxi.

        Oina, enbragearen oinpekotik kendu du eta kotxea atzerantz mugitzen hasi da; zortzi metro ibili ondoren, berriz ere enbragea zapaldu eta atzeranzko martxa kendu; eta gero, lehenengoa sartu du. Mamen aurrera begira dago, bideari begira. Hiru minututan ehun kilometro orduko abiadura hartu du kotxeak, Barakaldoko autopistan sartu eta bost minutu geroago Errekalde gainetik pasatzen ari da Renault-5 gorria. Kotxean RAMONCIN-en SANGRE DE BARRIO entzun daiteke, besterik ez, «...n robado en mil lugares... han besado muchos labios...» kantatzen ari da.

        Bilboko lehenengo sarrera ezkerraldera utzita, Mamen, Zabalburu plazarako sarrerara zuzendu da. Autopistatik irteteko kurbararaino heldu direnean, seinale batek berrogeitamar kilometro orduko abiaduraz gidatzea aholkatzen du. Mamenek, ehun kilometro orduko hartu du kurba, kotxeak lerratu egin duelarik; buelta oso bat eman du eta lehenago zegoen norantzan gelditu denean, azeleragailua guztiz zapalduta, berriz ere ehun kilometro orduko abiadura hartu du. Mameni bekainak ere ez zaizkio mugitu, Montxo, oihuka hasi da —¿Pero qué cojones haces? ¿Qué quieres? ¿Palmarla?—. —Exactamente— erantzun dio Mamenek, eta ez dio gehiagorik esan.

        Zabalburura heldu direnean, bertan dagoen semaforoa gorri ipini da, Mamen, nahiz eta abiadura baxuago eraman, ez da semaforoan gelditu. Autonomia kaletik datorren kotxe bakarrari ez zaio galgatzeko denborarik gelditu eta lerrakada luze batez Hurtado de Amezaga kalearen hasieran gurutzaturik gelditu da. Renault-5-ak ez du norabidea aldatu behar zuena baino gehiago eta trenetako geltokiraino heldu da. Horko semaforoa berde dago. Arenaleraino zuzendu dira. Arriaga ondoko aparkalekuan utzi dute kotxea. —Tú, quedate aquí, no te muevas. ¿Me oyes?— esan du Mamenek eta kotxetik irten da. Arriaga aurretik pasatu eta Correo kalerantz abiatu da. Liburudenda baten alboko atari batetik sartu eta eskilaretatik igotzen hasi da.

        Orain ez du euri, putzurik sortzeko nahikoa ez bada izan, bustita darama ilea. Eskilaretatik korrika doa. Laugarren pisuan gelditu da arnas egin ahal izateko. Geroago. azken pisuraino heldu arte jarraitu da. Ezkerraldeko ateko txirrina jo, eta momentuan ireki dute. Mamen sartu egin da, eta bere atzetik, norbaitek itxi du atea.

        Hogei minutu geroago, irten egin da. Txamarra, eskilaretatik doala jarri du. Kanpoan, euri egiteari utzi dio eta ez da putzurik ageri, kalea bustirik egon arren. Kotxeraino heldu denean, Montxo ikusi du. Kotxetik ez da ezer entzuten, zegoen kaseta bukatu bide da. Mamen kotxean sartu da eta ezer esan gabe, martxan jarri du. —¿Dónde has estao, Mamen?— galdetu dio Montxok. Mamenek ez dio ezer erantzun. Galdera bera entzun ondoren, Mamenek, beste edonork sar diezaion joan dela erantzun du. Montxo ixilik gelditu da. Berriro, atzeranzko martxa sartu eta aparkalekuko kotxeen lerrotik atera ondoren, lehenengoa. Orain euririk egin ez arren, haizetakoa urez bustita dago eta kanpoko gauzak, mugatu gabe ikusten dira.

        Mamenek, haizetakogarbitzailea martxan jarri eta argiak piztu arte, sartuta mantendu du enbragearen oinpekoa. Pixkanaka hasi da enbragetik oina altxatzen eta kotxea mugituz doa astiro. Aparkalekutik, Arriagaren atzetik irten eta Ribera kalean sartu ondoren Arenalerantz zuzendu da. Orain kotxeak ez darama berrogei kilometro orduko baino goranzko abiadurarik. Arenaleko zubiko farolen argia, kotxeko kristalak bustitzen dituen ur-geruza finak sabanatzen du eta kotxetik, argi-orbainak ikusten dira, farolen argietako siluetak ez dira definituak. Argi-orbainak atzerantz ari dira mugitzen Mamenen bistatik desagertu arte. Montxoren begietaraino, ordea, ez da ezer ailegatzen, ez argiak ez ezer, begiak, eskuz estalita daude. Gran Via-raino heldu, eta eskubiranzko lehenego kaletik sartu egin da. Kalea amaitzen deneko gurutzean ezkerralderanzko derrigorrezko norantza topatu dute eta hortik, jarraitu. Hirurogei kilometro abiadura hartu eta Ensancheko merkaturaino heldu direnean, hantxe aparkatuko dute kotxea. Bertan, kotxetik atera oridoren, Simca 1200 zuri batetara zuzendu, eta atea apurtuz, barruan sartu dira. Mamenek bi minututan egiten dio zubia eta martxan jarri du. —Con la guita que le he sacado al Mutu no nos llega, asi que ... ya sabes...— esan du Mamenek, Montxoren begiei begira. Montxok «bien» esan du eta prisarik gabe desaparkatu egin dute.

        Merkaturaino heltzeko bidea berregin dute beste kale paralelo batetik eta Albiako lorategietara heldu ondoren, kotxetik atera dira. «Iruña» kafetegira doaz; bertara sartu direnean, elkarrengandik aldendu egin dira; Mamen emakumeentzako komunera joan da eta Montxo, buelta bat eman ondoren, kamarero batekin hasi da hitz egiten. —Por favor— esan dio Montxok kamareroari —por favor, ne puede acompañar un momento? Es que... mire... le ha dado un mareo a mi novia y ha tenido que ir al servicio... llevo quince minutos esperando y como no salía he tenido que ir yo mismo a ver que le pasaba... la he llamado pero no me responde... me puede acompañar?—. Kamareroak, mahai baten gainean utzi du bandeja eta Montxoren atzetik abiatu da. Berandu da, orkestak utzi dio jotzeari eta oso jende gutxi dago «Iruña»n. Komunen ondoan ez dago inor. Montxok txamarraren barruko poltsiko batetik labaina atera du eta kamareroaren eztarrian jarri du. —Es muy sencillo— esan dio Montxok gizonentzako komunean sartzen ari den bitartean, —en primer lugar, ni un ruido, en segundo lugar nos vas ha sacar la libretita del chaleco, y en tercer lugar, escribir lo que te voy a dictar—. Kamareroak ez du ezer esan, Montxori ere ez dio begiratu. Montxok hitz egiten jarraitu du —¿a qué esperas? Saca la libreta de una puta vez—. Kamareroak, Montxok eskatzen duena ateratzen du. —Escribe:— esan dio Montxok —«saca toda la pasta que tienes de hoy, saben la cantidad aproximada que hemos hecho, así que no les engañes. Tengo una pistola en la sien. Va en serio»—. Bukatu duenean, komunetatik atera dira; kanpoan, Mamen dago beheko kafetegiari begira. —Firma la nota y dile cómo se va al despacho del jefe— esan dio Montxok kamareroari. Mamenek nota hartu du eta kamareroaren aginteak entzun ondoren desagertu da. Montxok kamareroaren besoa hartu du ezkerraldeko eskuaz eta barruko komuna txiki batetan sartu dira. Montxok barrutik itxi du komunaren atea eta bertan gelditu dira. Ez batak, ez besteak, ez dute ezer esan.

        Bost minutu iragan dira; bost minutu hoietan zehar ez da ezer ez eta inor ere komunean mugitu; komunaren barnetik ez da ezer entzun bost minutuotan. Pasatuak direnean Mamenen seinalea entzun dute. Montxok kamareroaren garaitea kolpeatu du eta lurrera erori baino lehen, irten egin da komunetik. Kanpoan, Mamen ikusi du, eskuan poltsa txikia daramalarik, batera irten dira «Iruña»tik eta kotxerantz abiatu dira. Simca 1200-ean sartu eta lehenengoa jarri. Kotxea martxan jarrita zegoen aurretik. Mamenek beheraino zapaldu du azeleragailua, oina enbragearen oinpekoan ia ezer mantendu barik. Kotxea gezi bezala irten da eta martxen aldaketa guztiak ehun metrotan burutu ditu. Lehen semaforoa gurutzatu duten momenturako, laugarrena sartuta dago eta ehun kilometro orduko abiadura daramate. Minutu batez bete dute merkaturaino bidea. Heldu diren momentuan, Montxo, kotxetik irten da, eta Mamen, bigarren martxa jarrita utzi ondoren jauzi egin du kanpora. Simca 1200-a, gelditu gabe, aurrerago den kale perpendikular baten erakusleiho batetaraino heldu da, han, xartatuta gelditu delarik. Kotxearen ateak irekita utzi dituzte; erakusleihoraino iritsi zenerako, Mamen Renault-5-aren gidariaren jezarlekuan jarri da; Montxo bazegoen ondoko tokian. Simca 1200-arekin egin duen modu berean, kotxea martxan jarri, lehen, atzeko martxa eta, gero, lehenengoa sartu du Mamenek. Minutu bat igaro ondoren, La Salve-ko zubitik pasatzen ari dira Begoñarako norantzan. Begoña utzi dute atzetik eta gasolindegiraino heldu direnean, eskubira jo eta Santutxun sartu dira. Kiosko baten ondoan utzi dute Renault-5 eta aldapa, oinez hasi dira igotzen. Goraino heldu direnean, gelditu egin dira eta eskubira begiratu dute. Hortixek jarraitu zaizkio bideari, eskubiko kaletik. Bestaldeko espaloira zuzendu eta ezkerraldean topatu duten lehenengo kaletik sartu dira. Ez da kalea, patioa baizik. Patioan dagoen Pub batetan sartu dira. Pub-aren barruan oso argi gutxi dago; linterna txiki baten argia mugitzen ari da mahaien artean; argia barra ondoan pasatu denean barra atzeko argi ahulek kamarero baten silueta definitu dute. Mamen eta Montxo berarengana zuzendu dira. Ondora ailegatu direnean, argia estalita gelditu da, dena ilunean gelditu delarik; beraien siluetak, baina, orain nabari daitezke. Kamareroarekiko esaldiren bat gurutzatu ondoren, berriz ere ikus daiteke argia, Montxo eta Mamenen siluetak barra aurretik higitu dira desagertu arte. Hiru minutu geroago, Mamen Pub-etik irten da eta ate ondoan den erloju-denda baten erakusleihoko irteera batetan jezarri da. Bost minutu iragan eta gero, Montxo ere, irten egin da; Mamen altxatu eta bere ondoan. —Lo traes?— galdetu dio Mamenek; —dámelo— jarraitu da —yo lo llevo—. Montxok, hitzik esan gabe, eman egin dio Mameni. Pub-etik urrundu eta ezkerrraldera zuzenduta, ondoko kale batetik desagertu dira. Topatu duten bigarren ataritik sartu eta eskilaretatik zehar igo dira. Hirugarren pisuraino iritsi direnean, Mamenek giltzak atera eta eskubialdeko atea ireki du. Biak sartu dira. Atea, beraien atzetik itxi da. Barruan, gela baten argiak piztu eta Montxo bertan dagoen besaulki bakarrean jezarri da. Mamenek txamarra, alkondara, eta gona erantzi ditu eta honela, erdi biluzirik, galtzerdi arrosaz, galtzari-hartzaileaz eta kolore berdineko bularretakoaz jantzita, Montxorengana zuzendu da. —Tienes que darme lo mio, Montxo, tienes que darme lo mio, lo que yo le he tenido que dar al Mutu— oihukatu du Mamenek, eta gehiagorik esan gabe, Montxoren zakila igurtzen hasi da. Oraingoan ere ez zaio gogortu. —Se va a desgastar— esan du Montxok. Mamen altxatu egin da. lurrean utzi duen txamarratik zerbait hartu du eta ezkerraldeko ate batetik desagertu egin da. —Se va a desgastar, Mamen, y si se desgasta ¿qué vas a hacer tu?— aldarrikatu dio Montxok besaulkitik. Bost minutu geroago, Mamen agertu da lehen irten deneko ate beretik. Ezkerraldeko eskuan, xiringa bat dakar, eta eskuman alkoholez bustiriko kotoia; oraindik jantzirik gabe dago; Montxorik hurbildu zaio. —Toma Montxo, lo tuyo, ya ves... tu no quieres darme lo mio... pero toma... lo tuyo, Montxo—. Montxok, Mamenek eskeini diona hartu eta besoko azalera txiki bat kotoiaz marruzkatu ondoren, odolhodi batetik sartu du xiringa. Beronen barruan dagoen likido osoa odolhodiaren barne sarturik denean, Mamen, Montxoren zakila berriro hartu du: orain ez du ferekatu. —¿Ves, Montxo?— esaten dio Mamenek —¿ves este pingajo?, ahora se te va llenar de chispas, chispas de oro, Montxo, porque el pico, el pico que te acabas de meterte ha sido tu pico de oro, Montxo, enterate, enterate bien, tu PICO DE ORO—. Mamen altxatu egin da, lehen utzi dituen jantziak hartuz, jantzi egin da eta ondoren, atera joan. Atea ireki baino lehen bueltatu da —el polvo decidió, el polvo blanco, adios Montxo— esan dio eta bestelako hitzik gabe etxetik irten eta bere atzetik atea itxi egin du.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.