Arantxa Hirigoien
Munduko xilko guziak,
nahi nituzke,
gaur,
nire eskuz
elgar josi,
Ez dezaten,
berriro,
ihes egin,
eta lurperatuak izan
Gure zangopean,
hilkutxa,
erraldoi eta ustel horien gisara,
Bestela,
zizari urintsu eta zuri
horiek,
emeki-emeki,
xurgatuko die
Haien izerdi gatzitua,
dena hustu arte,
dena urtu arte,
dena ahantzi arte,
Baina beranduegi da,
mundu honetan,
dena hauts bihurtu da,
jadanik,
Eta gu,
gu,
hauts hori hedatzen duen
haizearen hatsa,
besterik,
ez gara.
Andere xuri,
suzko kamelia bat eskuetan,
Erresuma osoko
gorputz hutsa
Andere izadi,
izadi anderea,
Oihartzunaren taupadaren oihuak,
jauregiko harrizko paretak,
Mila puskatan,
zartarazten ditu,
Harri koskor bakoitza,
itsaso osora barreiatuz,
Hauts miresgarri baten gisara,
hondartzako baratza galduenak berpiztuz
lokarturiko uhain erraldoiak iratzarriz
Erresuma osoko
umezurtz gelditu zara, andere.
Bakardadearen beldurrez,
zure esku ezti batez,
urre koloreko miraila hartu duzu,
Eta han isladatzen zen ezezagunaren
lagun egin zinen.
|