Josu Goikoetxea
Tiranoa ez zen tirano
Tiranoa ez zen ergela
Tiranoa ez zen tirano
Bere gortea ederra zen
Bere gortea honela zen:
ezker-eskubira profetak
(pentsalari, poetak
eskribau eta beste)
aurrean indarra
(arma eta irribarrea)
atzean umeak, gerorako
ondo haziak, ondo heziak
tirano izango ez ziren
tirano izateko
Tiranoa ez zen tirano
Argi gera bedi:
Tiranoa ez zen tirano
Tiranoa ez zen ergela
Herriak maite zuen
Hala zioen berriak: «Maite dugu geure burua!»
«Gure nazioaren izaera ezin hobea da.
Jakin bezate gure auzoek gure berri ona.
Hori ona da». zioten profetek
liburuak eskuan arrazoiaren indarraz
Eta tiranoak bialdu zituen auzoetara
bere untziak eta bere zientzia
eta jende guzti hura urrez jantzi zuen
aste betez
Tiranoa ez zelako ergela
Tiranoa ez zelako tirano
Eta askeak ez ziren gizon askeak
altxatzen ziren batzutan
baina bakardadeak sortutako penaz
hil edo mutu geratzen ziren
Tiranoa ez zelako ergela
Tiranoa ez zelako tirano
Eta gertatu zen behin
ahots bat altxatu zela esanez:
«Ni izango naiz orain tiranoa ez den Tirano!»
Eta tiranoa ez zenez ergela
Tiranoa ez zenez tirano
utzi egin zituen bere tronua eta bere atorra
eta profeta bihurtu zen berak ere gurtzeko
tiranoa ez zen tirano berria
Zeren tirano berria ere ez baitzen ergela
Tirano berria ere ez baitzen tirano
Eta profetek eta bestek
gurtu egin zuten tiranoa ez zen tirano berria
ona zelako
Eta ezker-eskubian jarraitu zuten urtetan
beren esker ona erakutsiz
Eta gauzek berdin segitu zuten luzaroan
Ondo, alegia
Tiranoa ez zelako ergela
Tiranoa ez zelako tirano.
|