L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-31 / Hegaberak lubakietan (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

urtarrilak 5

 

Tiro hotsak kanpoaldean. Bapatean, ezkerreko besora begiratu eta bertako zauri batetik odola ateratzen zaidala ikusi dut. Ura hartzeko erabili ohi dugun putzura inguratu naiz zauria sendatu asmoz, baina ura eskuetan hartu orduko konturatu naiz odolez gainezka dagoela arestian ur freskoz mukuru zen putzu hura. Nire inguruko soldaduek haien lepoak ebakitzen ari dira bizarra mozteko labanez. Erotu ote dira? Sarjentuarengana gerturatu naiz gertatzen ari denaren berri emateko eta bere galoi gorriek itsutu naute. Kopakada bat odol eskaini dit gure garaipenaren ospatzeko. Penaren garaia bai, garaipena.

        Kanpin denda gorrietan bandera gorriegi bana jarri dute eta haizeak azufrezko partikulak dakartza. Norbaitek hegabera bat ehizatu du eta bere odolak zikintzen du elurra, zauri zuriak pattarrez tindatuz. Izerdi patsetan, ispiluan begiratu dut neure aurpegia eta begiak gorriak ditudala ohartu naiz. Zainetan odola sentitzeak ere nazka eman dit zorabio okazgarrian. Basora ihes egin dut korrika, zuhaitz gorrietarantz. Eskuak gorritu egin zaizkit hotzaz. DESERTORE GORRIA EROTU AL HAIZ entzun dut bapatean eta tiro bota dit norbaitek. Sarjentuaren bota gorriek aurkitu naute. Nire odol arrastoari segituko zion.

        Hegaberak ihesean pasatzean, baziren oraindik bi era soldadu bat irudikatzeko: bata bizirik, bestea...

        Arratsaren lotsazko masail mingarriek erditzen zuten gaua, dinamita odoltsua ereinez negu gorriko zeru muga gorrienetan. Amodioa ere gorria ei da.

 

 

Amodioaz nahi nuke

 

ERLOJUA gelditu nahi nuke

zure bihotza irentsi nahi nuke

mundua eskuetan hartu,

biraka jarri

eta ostikadak eman

mila zatitan deuseztu arte

 

Berriro hasi nahi nuke

Beste aukera bat nahi nuke

mundua eskuetan hartu,

biraka jarri

eta ostikadak eman

zati bakoitza

mila zatitan deuseztu arte

 

Berriro hasi nahi nuke

Beste aukera bat nahi nuke

zatiak eskuetan hartu

eta

amodioaz

berriro mundua eraiki nahi nuke.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.