urtarrilak 3
Beste goiz batzuetan goibelago iratzartzen naiz. Mugak aipatzen ditugu hemen sarri, gure basoa inguratzen duten lubakiak... eta beste batzutan esnatzen naiz mugarik ez dagoela pentsatuz, ez dagoela lubakirik, hemen ala han, erdibiderik ez dagoela, maite nauzu ala ez nauzu maite, haiekin ala nirekin, hilik ala bizirik. Baina gero hegaberak ikusten ditut hegaldatzen goizean goiz eta otutzen zait badela muga bat gutxienez. Eta goizen batean beharbada ez naizela esnatuko herra eta gorrotoak irekitako ebakietan, hegaberen lumarik gabe moldatutako ohatze honetan. Eta halako egunsentietan balio dute zerbaitetarako, estazioetan ostutako whisky upelek.
Poe, Rimbaud eta Bukowski
ZAINAK moztuko ditugu
eta goazen parkera
poemak irakurri
eta eromenaz horditzera.
Herra. Amorrua. Gorrotoa.
Zakurrak hurreratu dira sutara.
Erre eginen dira,
suaren distirak itsututa.
Rue Morguetik dator Edgar,
pattarra zarraztaka eztarrian.
Herra. Amorrua. Gorrotoa.
Infernuan erre poeta
dator sutondoan horditzera.
Garretan harrapatua dago Arthur.
Herra. Amorrua. Gorrotoa.
Taberna zantarretik hirugarrena;
ahots zaharrak oihu egin du:
Ekarri pattarra.
Charles ez dago bakarrik.
Denok batera hordituko gaituk.
Horditu eta erre.
Garretatik atera dira.
Herra. Amorrua. Gorrotoa.
Gizarteari zor dioguna.
|