abenduak 24
Sebastianek granadaz adornatu du lubakira erori zen pinu txiki eta ihartu bat. Kantatzea galerazi digute, etsaia haserrarazi dezakegula eta. Eta soldaduak ezagutzen du ixilik egotearen meritua. Erretzea debekatu digute zigarroen keak etsaiari erraztasunak ematen omen dizkiolako. Eta jada soilik zazpi eratan baino ezin imajina dezaket soldadu bat: gauez, egunez, ihesi, negarrez, bizirik, hilda, hegaberei begira.
Zigarroak debekatu dizkigutelarik, poesia baino ez zait geratzen eta zure argazki bat, aspaldi idatzitako lerro batzu dituelarik atzealdean:
ARRASTIRIAREN aulkiak espaloien urkabeetan agertu dira
zain zeuden zorion putzuak itotzera
minutuen anfora zaharkituan.
Zerua larriki zauritu du uztailak txolarrezko tiroz
esperoaz, malenkoniaz
odol oskorritan kutsatuz
itsasoa bahituriko hodeiertz bioletaren mihisean.
Haretan ez da ihardun piano musikarik
itsasgoraren tekla apartsuetan,
...isiltasuna eskale baforezko zamaz
urrezko begiradetan.
Leihorik ez bezpera ezabatuen hiltzaileentzat
olatuzko kadentzien inbentarioan.
ASFALTOZKO begiradetan oihertuak
usoen suizidio itxurazki goibela
dastatu dinate dezibelio izkutuen leihoek
semaforo nekropoliaren hormetan
kondenaturiko ketan ero,
hiriaren karminezko biriketan.
Berandu zetorren igandea
ikatzezko autobidearen urrunetik
galdua din autobusa nonbait...
zigarrokinen asperdura kadukatuaren horizontean.
Egunsenti birrindua eta
pasioaren hegapeko oroitarriak
gosaldu dizkin bakardadeak
dekadentziak suntsituriko katilu hiletan.
|