L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-31 / Hegaberak lubakietan (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

abenduak 16

 

Sartu gaituzte trenetan, etsipena tonaka daramaten edo dakarten trenetan. Eser arazi gaituzte egurrezko aulkietan, egur negartiaren usaina dakarten edo daramaten aulki grisenetan. Ikatza eta hautsa hirian hustu dituzte, guretzat lekua egiteko bagoietan. Eta gutako edonork bere lepoa emango luke gaur hauts edo ikatz pusketa bat izatearren.

        Sartu gaituzte trenetan, etsipena tonaka daramaten edo dakarten bagoietan, eta hiena guztiek negar egin dute gure joaneran. Burdinbideko harritzar limuriek, otsoek, ohol paralelo mila aldiz errepikatuek, arratsaren botanika tristeak, negar. Geltoki guztietan gelditzen da gure trena etsipenaren karga areagotuz. Estazio guztietako koloreak eta whisky upelak arpilatu ditugu gure bidean eta hiri guztiak ikatzez eta hautsez betez aldegin. Periferietako pabiloi beltzak iragan ditugu, egunkari kioskoak, aterkien fabrika zaratatsuak. Trenbide asko ditu adurrak, baina bat baino ez da guretzat aukeratua.

        Euriak leihoen beira urratzen du poema bustiak erakarriz hiltzeko jaio diren belarrietara. Berdea ahantzitako kolore bat da izotzaren gorroto garroetan. Ezkilek negua dakarte; ezkilek negua daramate...

 

 

Neguko ezkilak

 

MUINOEN isiltasunak kontrapuntua

dagio ene urratsen erritmoari,

apar marroiez gainezka

katiuskapeko bidezidorra.

Bizitza neguan datza.

 

Dizdira bizian jo dute euri tantek

pago adaxka gaztea, lurrera so

berebala espazioaren itute begiak.

Eta belztura sakonagoz orbandu

eroritako enbor ustela,

euri egarri beti, lisakin triste

eta oihartzunik gabeko ezkila isila.

Negua euritan datza.

 

Artilea gizonaren bizitzaz jabetu

da eta larru batek oibuka dioska

besteari erregutuz fereka.

Agurearen zilarrezko begiak

ahantzi du oraina, hurbil ondino atzoa

eta urrun letorlziokeen geroa.

Gizona neguan datza.

 

 

 

ORTOZIK ibili nahi dut

zelaietan barrena.

Gorputza lurrean bota

Belarra aurpegian

kili-kili egiten sentitu.

 

Nire ibiltzeak

ez du norabide jakinik izango

Nire behatzak

aske izango dira

ihintzarekin jolasteko eta bustitzeko.

 

Euriak garbitu egingo nau.

Ortzean agertuko den

koloretako adarrak

Eki alaia heldu dela

oihukatuko du.

Lainoek ezkutatuta zuten

urdinik urdinena

oparituko didate.

 

Barre egingo dut,

ene algarek sorturiko

malko gaziak

masailetan behera eroriko dira.

 

Milaka lore artean

           —lore gorriak,

           lore urdinak,

           lore zuriak...—

Lore bat aukeratuko dut,

lore hori dizdiratsu bat

izango da,

bi malkok

bustiko duen lorea.

 

Malkoak

Begi bihurtuko dira,

zure begiak.

 

Eta eguna amaitzean

Hilargiak

Gure bidaia amaibakoan

babestuko gaitu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.