L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-30 / Mugapean (1993-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Muga dugu hitzean

 

Jose Luis Otamendi

Iñigo Aranbarri

 

        Zuek ez dakizue zer den muga bat izatea. Muga bat zaintzea ilunaren luzean. Baina gu ez gara aduanetako kapitain. Ez daukagu zainduaren beharrik. Duvoisin ez da izen exotiko bat baino. Zabarregiak gara hitz ederregiak gurera ekartzeko. Berak egotzi gintuen ustez mundu ederrago batetik. Ahal zuen jaso ezpata bakarrago nahi gintuen eskuaren aitzi. Zuria zuen arnasa, gogoa orbel zuri. Eskuak. Mugazainak bideak ditu maite, eskutik gura. Gutik eskura. Hemen ez da Israel berririk, gu ez gara hemendik joan. Denok. Ez dugu horren gainean mitorik eraiki. Ez dugu gainik golanik egiteko gure. Aise aitortzen dituzte besteren geure ditugun mortuak. Ez dugu lekurik periferiarik izateko. Zubia ez besterik ibai agortuaren gainean. Asko dakigu geografiaz. Beharrik. Bestela nola eman geurearen neurria. Nola adierazi aduanetako kapitain bat dela gure mugalari. Korreo aristokrata bat. Esan dugu, asko dakigu geografiaz. Irlandan beltzago hazten da belarra Bojador-en baino. Zauria da Miño hegi biko arroan. Gure kaian kontinenteak amarratuta dagoz. Baina hondarra jotzen dabe. Kapitainik gabe ikasi nahi genuke irakurtzen, zubirik gabe idazten. Gurea ez den konjugazio batean jokatzen dugu. Aditz perfektoak nahi ditugu. Lagun herrenak. Gure hizkuntzan burutuak ez dakar perfekziorik. Honelakoak gara. Etorkizun noragabeak izutu egiten gaitu, ito ez gaitzaten ikasi ditugu guk ere paraleloen zenbakiak. Honelakoak gara. Burutugabean topatu nahi dugu etorkizuna. Geroak harrapa ez gaitzan aditzik gabeak dira gure perpausak. Neri min zure urruntasunak. Inor ez bortura. Zaila da zuek nahi duzuen bezala maitatzea.

        Ez eskatu guri eman nahi dugunik. Gure maitasuna ahazteko da, baina idatzi egin daiteke. Ahantzi baino errazago idazten da. Maite baino errazago da gure. Baina ez dugu gure bakarrik nahi. Ez dugu eskuak erakutsitik nahi. Ez dugu bakarrik. Badira kapitainari saihetseko zaizkion kamioak. Badira dinamitatutako zubiak, oinez egiteko ibaiak. Eta handik. Hemengo izanda bila doakigu odola besteren zainera. Eta geure mugetan urez betetzen dizkigute birikak. Eta itotako guztiei dei egiteke badakigu bizitzen. Beti dugu burmuinean infiltraturen bat kontsigna ausartegiak bizteko gertu. Egin harripetik igeri. Norak beti duela nona. Nabarra nahi du bihotzak. Hautazko zauria zein behartutakoa. Baina ez eskuak ezarria. Gure maitasuna ahazteko da, baina ez bortxatzekoa. Mestizo izan behar gure maitasuna idatziko bada. Izanen da geu gabetan memoriak idatziko dizkigun kapitainik. Zuek. Zuek ez dakizue zer den beste nahi eta geu beharra. Zigilu gabeko igarobideak. Elkarrentzako muga gara.

        Behetik gora jotzera behartu gaituzte, ez zaigu haizu goitik idaztea. Ez dugu goitik idatzi nahi. Esan dugu, lehertuak dira zubiak, gure orruak ibai antzuak daramatza. Orru dira. Orru nahi dituzue. Sinesten ez dugun isiltasun baten kapitain ez genuke nahi. Mugak ez ditugu luebaki nahi. Mugak ez ditugu hilobi. Ez ditugu aldare. Esan dugu, traketsa da gure behetik gorakoa. Erasana errazagoa beti.

        Diaspora izatekotan etorkizunaren. Bertoko izateko. Zainetik idatzi nahi genuke hotzean idazteko. Loturik nahi genuke libre izan. Geroaren labarrak behaztoparririk behar du. Ez dugu geureen bainuetxe zorrik kitatuko. Ez gara geu antologatuko. Mende hau datorrenaren atari da, ez beste hemeretziren zulo. Futurismoa ez da browning bat baino bihotz izoztu batean. Ez gaitzazue sinbolisten hiriz ito. Utzi surrealistei amapola urezko ezpata ahotan irristatzen. Hor dituzue kapitainak zintzur egiteko. Eta iheslariak ostatuen beroan. Gure poesiak ezin du zubien zimentarriekin. Lesaka dugu guk Veneziaren antzekoen. Guk badakigu zer den zubiak ere maite izatea. Guk badakigu zer den gorrotoa edertzea. Maitasuna itsustea. Ez gaitzazue utzi harrikatu gabe. Libertatea konpartiezina da. Ez dugu gure ezpainetan maiztua. Utz iezaguzue azken poema bat. Barruko patioan kilimatua naiz / esku ederregiak dituzu biluz nazazun / hil egin nautela esango dugu / zeure begietara bakarrik bil nadin maite.

        Zuek nahi gaituzue. Diguzue. Hala esanen dugu. Gu ez zareten gu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.