Iheslarien klubaren azken aholkuak bazkideei
Andoni Tolosa
Geuk
iheslariok
harresien azpijoko guztietan sinesten dugunok
berlin urratutako zafiroekin enbalsamatzea
eskatzen dizugu
behin mirestutako hirugarren gizonaren fotoa
zuribeltzezkoa
erretzea
eta gure pasaporte faltsu guztiak
sakrifikatzea
etorkizun blindatuaren itsasmuturretan
geuk
mestizuok
muga guztietan grafitiak idatzi ditugunok
zera gogora arazi nahi dizugu
grebara jo duela mugalarien sindikatuak
mozorro eskasia dela eta
(merkatu askatasuna)
eta ilara luzeetan konfiskatzen dela
etorkin apokrifo guztiek patriketan daramaten
lur apurra
geuk
atzerritarrok
herrimina dohaitzat eduki
eta miserikordia etxeetan
hiztegiak memoriaz ikasten ditugunok
mespretxua eta geografia ez nahastea
aholkatzen dizugu
notarioak eta elkartasuna ez parekatzea
arretarik ez jartzea mugagabetasunaren alde gramatikalean
lodiagoak suertatzen baitira iparraldeko arkakosoak
eta azkenik
geuk
iheslarien klubaren partaide orok
ixilpeko iharduerari ekin diogula jakin arazi nahi dizugu
erre egin dugula hil beilaren mapa
seroren diplomazia saboteatu
eta elurrez estali gibraltarreko radar logistikoa
besteak beste
hauxe izan da gure azken barne agiri publikoa
hemendik aurrerakoak beste
bideren batetik hel araziko dizkizugu
deseuropako lekuren batetan 1993ko urtarrilaren batean
|