L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Public Enemy Number One

 

Andres Gostin

 

        Cioran ene maisu zaharrak dioenari zintzoki jarraituz, errejimen politikoren bat edo beste gehiago estimatzen dudanik aitortzea erabaki hutsala iruditzen zait oso, eta filosofoaren antzera, poliziaren bat edo beste nahiago dudala azaltzeari egokiagoa deritzot. Ezen, garbi askorik bait daukat, «polizien sailkapen hutsera baino ez dela mugatzen Historia» eta poliziek denboraren joan etorrian hartutako jarrera jorratu dutela historiatzaileek orain artean soilik. Poliziaren arrastoak segi dio eta gizakumeari azken honek boterearen kontzeptua buruz ikasi zuenetik. Hiria administratzeko jaio ondoren.

        Zinema XX. mendeko kronika historikoaren bildumarik eraginkorrena bihurtu da honez gero eta, horregatik, polizien arabera sailkatu beharko genuke halaber bere Historia laburra. Poliziak pertsonifikatu ditu gizaldi honetan, gainera, zeluloidezko heroi eta antiheroi gehientsuenak, Eisensteinen postulatuetatik hasi, westernetako sheriff edo marshall bihotz zabaletatik pasa eta egungo zientzia fikziozko kapitain diktatorialetara iritsi arte. Baina genero guzti horien artetik, oesteko egitura tematiko-narratiboak eta horren ondorioz sortutako zinema beltzak eman diote gorputza poliziaren irudiari, biak ere muga kontzeptuaren inguruan eraiki bait dira: lautada zabaletako mugak, batetik, eta hirietako azpimunduaren muga estuak, bestetik. Eta mugak sortu diren bakoitzeko, hara jo du poliziaren irudiak kamuflaje desberdinarekin.

        Poliziarik krudelenak westernak pantailaratu dituela adieraztea ez da inongo pellokeria, lege gizonik faxistenak ere berak eman bait ditu ezagutzera, John Wayne eta Clint Eastwood buru direla. Bai fikzioan, baita errealitatean ere. Oesteko hautsa harrotu duten pistoleroen fama idazteak luze joko luke, ordea, eta poliziak bere genero berezia hiru hamarkadetan barrenik esklusiboki gorde izan duenez, berari lotuko natzaio gainerako kontsiderazioetan erortzeko beldurrez. Poliziarik gabeko genero poliziakoa bezain anbiguoa bait da Joseph von Sternbergen «Underworld» filme mutuak ofizialki inauguratu zuen sail beltz madarikatua. Beltza edo poliziakoa, berdin da, azken batean.

        Zinema eta literatura elkarri uztartuta ibili dira mende erdian genero beltzean, beste inon ez bezala. Arthur Conan Doylek punta puntara eramandako polizi nobela zaharretik hogeitamargarren hamarkadan gorputza hartu zuen literatura beltz klasikora urrats nabarmenak eman ziren jadanik, eta aurrena halako fabulazio merke eta enigma rokanboleskoetara bideratu den bitartean, bigarrenak, ekintza gordinean eta dialogo bizietan oinarritutako errealismo sozialera jo zuen zuzenean. Estilo gogor, sarkastiko eta lotsagabe hori ezin egokiagoa gertatu zen orduantxe jaiotzen ari zen zinema sonoroarentzat, eta egunerokotasun biolentoaren kronika testimoniala bihurtu zen generoa bapatean, Dashiell Hammett, Norbert Davis edo Horace MacCoy bezalako autore handiei esker. Batzuk herriaren defentsan atera ziren gangsterren kontra (Hammetten «Uzta gorria» esate baterako), eta beste batzuek gaizkileen ikuspuntuari egin zioten kasu (Burnetten estreineko obrak, adibidez).

        Panorama horren aurrean, eta Sternbergen lehen esperientziak aintzakotzat harturik, zinemak nobela beltzaren bideari eutsi zion harik eta Hays izeneko kodigo maltzurra hamaika traba jartzen hasi zen artean. Horixe da poliziaren aurreneko arrasto nabarmena zineman, hain zuzen, ordenu publikoa zaintzen saiatzen ziren ordezkatzaileen kontrako irainak edota horien kontra aritutako gaizkileen aldeko justifikazioak zigortu bait zituen legeak. Poliziak zuztar zuztarretik moztu zuen hasieratik bertatik beraien kontra botatako kaka dena, badaezpada ere. Howard Hawksen «Scarface» maixulanak jasan zituen kodigoaren lehen kolpeak eta zuzendariak hiru bider aldatu zuen filmearen bukaera berau onartua izan zedin. Tony Camonteren heriotzarekin batera itzaltzen den errotuloa nahikoa adierazgarria bada zentzu horretan: «Mundua zeuona da». Poliziarena, esan nahi nuen.

        Kodigoak min eman zion gangsterren pelikulei, oso modan zeudenak orduan. Zinemak atzea garbitzen zion Sistemari behin eta berriro eta hamarkada horren bukaeran nobelak hartutako ikuspegi soziala ere, esker txarrekoa gertatu zen (McCoyren «Zaldiak ez dituzte akatzen ba...»). John Edgar Hooverrek FBIko mutilen apologia egin zezan agindu zion zenbait zuzendariri eta zinema beltza poliziaren zerbitzura makurtu zen beste behin, sarri askotan legez. Hooverrek gaizkileen kontra jo zuen lehenik, nazien aurka gerra garaian eta espioi komunistak eraitsi nahian ibili zen azkenik. Serie honetan koka daiteke Anthony Mannen «T-Men» panfletarioa.

        FBIren asalto itzelak zinema gizonen erantzun defentsiboa ekarri zuen segidan. Idazleak baino espabilatuago aritu ziren oraingoan. William Keighley zuzendariak prozedurazko zinema izeneko azpigeneroa bataiatu zuen «Public Enemy Number One» titulu esanguratsuarekin eta koskoiloetan bete betean eman zion Hooverri ondoren «G-Men» pelikula polemikoarekin. Keighleyk aidean utzi zuen horrela poliziaren jokaera zikina eta azken filme horren amaierako esaldia oso adierazgarria da zentzu horretan. Gaizkileak poliziei: «Ez tiro egin, Gobernuko gizonak».

        Hollywoodek ez zuen zinegile errebeldeen portaera ametitzeko asmorik, ordea, eta bi bandoen arteko tirabirak zine poliziakoaren garai klasiko eta, aldi berean, borobilena ekarri zuen pantaila handira. Poliziak detektibeen jazkerarekin mozorrotu ziren mende erdi alde horretara, eta beste era bateko polizi baten traza eman zuten. Polizia, baina. Burnetten itzulerarekin batera («The Jungle Asfalt», John Hustonen egokitua), Hammett («The Maltesse Falcon», aurrekoak moldatua berriro), Cain («Double Indemnity», Wilderek pantailara eramana) eta Chandleren («The Big Sleep», Hawksek maisuki egokitua) garairik oparoena izan zen eta ordukoak dira poliziarik lotsagabe, argi, anbiguo eta genuinoenak. Mundua salbatzeko irrikitan zebilen koadrila inozo haren ondoan, heroi indibidual eta, batez ere, zinikoa sortu zuten idazle, zinegile eta pertsonaiak antzeztu zituzten aktoreek, Humphrey Bogartek bereziki.

        Garai horretxek mitifikatu zuen poliziaren rola ustez legearen kontra baina beti ere legearen alde jokatzen duen detektibearen mozorropean. Ordukoak dira Bogartek ezagutzera eman zituen Sam Spade eta Philippe Marlowe, detektiberik erromantiko eta miresgarrienetakoak. Ordutik aurrera, generoa gainbehera larrian hasi zen. McCoyk eta Cainek hasiera batean landutako psikologia kriminala bihurtu zen lehengai nagusi eta beste zenbait autorek ere bide berberari jarraitu zion, David Goodis («Dark Passage») eta Jim Thompson («1280 arima»), esate baterako.

        Baina zinemak ezin irentsi izan zuen horrenbesteko materiale desberdin, eta generoen industria ahultzen hasi zen momentuan, poliziakoak ere behera egin zuen melodrama, psikodrama eta antzeko eraginen nahasketaren ondoren. Polizia bere neurrian jarri zuten tituluak eman ziren oraindik, macarthysmoa gori gorian zegoen arren (Wyleren «Detective Story»ko psikopata faxista osoa). Horrelako ziztadek poliziaren barneko ustelkeria aideratu zuten, eta Langen «The Big Heat»etik Weiren «Witness»eraino, poliziaren erretratu ustela erakusten saiatu dira hango eta hemengo zuzendariak. Baina kasu horietan, eta Sidney Lumetek New Yorkeko poliziari buruz errodatu zuen trilogian ere («Serpico», kasu), polizia bera da lankideen ustelkeria salatzen duena, komuneko kiratsa naftalina usainez disimulatu nahi izan balute bezala. Beti poliziaren ohorea zainduz, polizia on bati esker.

        Alfred Hitchcocken «Psycho» eta Orson Wellesen «Touch of Evil» pelikulek dispertsio ekarri zuten generora, beldurra sortu eta etika desberdinak eraginez. Wellesek antzeztutako Quinlan kapitaina da garai hartako polizia eredurik gogorrena. Nobela beltzak, berriz, bi izen nabarmen besterik ez zituen eman jada Kennedy eta Luther Kingen heriotzak sortutako desenkantua islada zezaten: Chester Himes eta bere inspektore beltzak eta Donald Westlake zorrotzaren satira argiak. Don Siegelen metodo faxistak, Sidney Poitieren detektibe beltz erdi zuriak (Michael Jacksonen aurretikoa), Samuel Fulleren polizia estatubatuar-japoniarrak («Black Rain» eta «Arma letal-en» aurrekoak) eta Boormanen pertsonaia desorekatuek bete dute panorama ia agortua gaur egun arte. Polanski eta «Chinatown»ek, Peckinpahren biolentoek, Coppolaren mafiosoek eta De Palmaren ukituezinek ireki diote atea azken hamarkadako sasipoliziako erotiko eta lizunei. Lawrence Kasdanen «Body Heat» klasiko osoa izateaz aparte, edonor irakiten jartzeko modukoa da eta «Basic Instint»ek ere generoko polizia ustel eta beroaren irudia berreskuratzen du. Coen anaiek, bitartean, generoak bide berri eta arriskutsuak urratu ditzakeela erakutsi ziguten «Simple Blood» bitxiarekin, benetako polizia baboso eta putakumea azalduz. Michael Ciminok eta Mickey Rourkek detektibe arrazista baten planta disimulatu nahi izan zuten «Manhattan Sur»en. Eta hortxe dugu, bidenabar, Hannibal Lecterren aurrean Jodie Fosterek antzeztu zuen orain arteko emakume poliziarik lirainena. Poliziakoa zerbait bada, izan ere, zinema misoginoa bait da.

        Poliziaren generoak gainbehera ezagutu duen heinean, poliziak astronauta, makarra edo jonkie jantzi zaizkigu. Koloreak ez dio inoiz onik egin poliziari, zurbiltzekoa bait da bere artea, argi eta itzalez osatua. Beltza, bada.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.