L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Bala formako bihotza

 

Amagoia Gurrutxaga

 

Ura. Soinu erritmikoa. Malkoak. Begiak zuloetan gainezka egiten. Itotzen. Amorruzko pentsamenduen erresuma honetan. Autoan. Baina ezin hondoratu. Auto beltz hori ezin dut galdu. Eskubiko eskua begietako parabrisa lanetan. Mutil haundiek ez dute negarrik egiten. Ez al zenidan hori irakatsi, ama? Auto beltza martxan jarri da. Ezin dut lanik ahaztu. Nere autoaren motorra eztulka. Jarraitu egin behar dut. Nahi ez izan arren. Ezer ikusteko indarrik ez izan arren. Lana soilik. Eta hori ere ez daukat. Zertan ari da? Ezin du hori egin. Ezin da kale horretan sartu eta etxe zuriaren aurrean gelditu. Ez egin hau, mesedez. Zerri halakoa! Auto beltzetik ateratzen ari dena ez dut ezagutu nahi. Berataz ahaztuko banintz hobe. Baina hor dago. Agurtzerakoan ohe gainean prestaturik zituen alkondara eta galtzekin. Bere zango luzeak praka urdinetan sartuta. Buruz dakizkidan neurriak. Min egiten dit gogoratze hutsak. Zenbat urte ote nituen? Hogeitabi agian? Gehiago ez, ziur. Polizia sartu berria zen gaztetxo gizarajoa besterik eznintzen, etaniharrapatzera joan zen. Konturatzen naiz. Berandu. Baina ohiturik nago.

        Ez dut ulertzen zergatik hasi zen neri deitzen. Edota gutxien espero nuen lekuetan nerekin topo egiten. Ama, hori ere esan zenidan. Emakumeak direla beti azken aukeraketa egiten dutenak. Beraiek dutela beti lehen hitza. Baina azkena beraiena bada ere, orduan zer? Hori ez zenidan irakatsi, ama. Ez zenizkidan koordenada guztiak eman. Azken abantaila utzi zenien zure espeziekoei. Etanik behar nuen datu hori. Sekretu gorena gorde zenuen zuretzat. Kriminologia klaseetan irakatsi zizkidaten psikologia oinarrietan aipatzen ez zen puntua.

        Andrea jarraitzen hasi nintzenean konturatu nintzen benetako polizia bat nintzela. Gezurretan ari zeneko lehen susmoak izan nituenean otu zitzaidanaren aurka, ez nion kasurik egin. Etxean ezin nituela nere paranoiak sartu zioen. Nere asmakizunak zirela guztiak. Baina zer egin froga guztiek errudun konkretu batengana zaramatzatenean? Zer egin erruduna batzuetan zu zeu zarenean? Malkoak berriro. Ni ez naiz erruduna. Bera da gela horretan puta zahar bat bezala larrutan ari dena. Bera da beste baten beharra sentitu duena. Ez egin negarrik. Polizia bat zara. Tipo gogorra. Lanean ari zara. Zeure buruaren aurka lanean.

        Noiz nazkatu hintzanan nitaz? Zein izan dun akatsa? Ez haut ulertzen. Ez larritu. Eta euriak autoa zigortzen jarraitzen du. Txingorra egin beharko luke horko gela horretan. Ukabil tamainako kozkorrak goitik-behera. Elkar ukitu ez daitezen. Ez dezatela elkar maite. Ama! Mina. Inon ez. Leku guztietan. Pistolan ere bai.

        Bihotza bala formakoa nuela esan hidanan behin, eta horri esker lasai bizi gintezkeela erantzun ninanean, hire begietako galdera ez hunan ulertu erraza izan. Aurkitu al dun hire zalantzen erantzunik? Zergatik ez dun inoiz ezer esan? Alferrik dena. Ezer ezin da konpondu ja. Eta nik nere lana bete behar. Pistola saihetsean. Ez zara batere lagungarria gaurkoan. Lehen aldia hamar urtetan. Egia ote zutaz emazteaz baino gehiago arduratu naizela? Errua ez dela nerea! Urdanga hori da errudun bakarra. Hamar urtez itsutu nau. Gehiago ez. Bukatu da. Eznago prest. Lagun guztiek jakingo dute laster. García gaixoari emazteak adarrak jarri dizkiola. García gizarajoak ez duela emaztea behar bezain estu lotzen jakin izan. Baina, zertarako? Pistolaren ipurdia inoiz baino hotzagoa esku masailaren kontra. Zuk behintzat ez iezadazu hutsik egin, laztana.

        Baina, berak ere hutsik egin ez badit? Agian arrazoi zuen nere galdera guztiak irribarre batez erantzutean. Beharbada nere asmakizunak besterik ez dira, eta lelo bat bezala jokatzen ari naiz benetan. Gora igo beharko nuke. Norbaitekin dagoen ala ez jakiteko. Emakumeen aurrean amorerik ez emateko inoiz, ama. Baina hamar urte ezin dira pikutara bidali. Ezinezkoa da guztia gezur handi bat izatea.

        Autoa atzean utzi eta kalea zeharkatzerakoan, pistola errealitatearekin lotzen nauen gauza bakarra dela konturatu naiz. Hor egongo ez balitz nere bizitza osoa ahazteko gai izango nintzatekeela segundo batez. Eskilak igotzerakoan, segundu horrek agian bizitza oso batek baino balio gehiago izan dezakeela jakin dut. Horregatik, atea neure giltzaz ireki dudanean, guzti hau lelokeria handi bat besterik ez dela sinetsi dut. Ezin dut nere emaztearen hitza zalantzan jarri. Maite nau. Egongela gris bat. Ezin dit gezurrik esan. Pasiloa ilunbetan. Lagunen batekin egongo da, jantzi berriren bat erakusten.

        —Maite zaitut —guztiz hertsi gabe dagoen atea pixka bat zabaldu baino lehen entzun ditut bere hitzak. Ez dut nahi. Ez dut ezer jakin nahi. Pistola begiratu, eta inoiz baino arrotzago sentitu dut eskuan. Atea itxi behar duzu. Berak ez dezan ezer susmatu. Maite zaitut. Alferrikako hitzak.

        Etxetik irten naizenean ez dut uste emaztea neure burua baino gehiago gorroto nuenik. Autoan sartu naizenerako, botagurea eman beharko lidakeen gorotza irentsi egin dut, eta zainetan kolpeka sentitzen dut orain, hemen, komisaldegian. Erokeria bat dirudien arren.

        —García, emazteak deitu dik. Zortzietan pasatzeko polikiroldegitik bere bila. Eta nagusiak bere bulegoan nahi hau.

        Arratsalde grisa. Euria. Kolorerik gabea. Txosten bat. Axola ez zaizkidan bizitza batzuen zerrenda zehatza. Zer pentsatzen ote du nerekin larrua jotzen duenean? Adina: 18 urte. Sexua: Gizasemea. Erabilitako izarak aldatuko ditu? Kargua: Lapurketa. Data: 1991ko apirilaren 17a. Aringarriak: Toxikomania. Maite izan nau noizbait?

        Zazpi t'erdiak. Autoa martxan jarri eta polikiroldegira. Orain ez da auto beltzik. Kaka koloreko fatxada zantar bat soilik. Eta alboan, nere zain, andrea. Irrifarre egiten ere asmatu dut.

        —Zer moduz gaur? Ezer berezirik egin al duzu? —agian zerbait esango dit. Esan behar didazu, entzuten? Hamar urte hauek ez dira ezertarako izan. Pixka bat ezagutzen gara. Ezin nauzu honetatik at utzi. Zerbait izan naiz zuretzat...

        —Ez. Etxean egon naiz arratsalde osoan. Bakarrik.

        Begiak errepideko marretara zuzendu eta motorra martxan jarri. Irratiko berriak entzun nahi eta ezin. Harrapatu egin zaitut. Oraingoan bai. Nere paranoiak. Nere amesgaizto bustiak. Ez dago aitzakia posiblerik. Egia dakit. Aztarnak utzi dituzu neretzat eta nik pista jarraitzen jakin izan dut. Ez al zaude harro nitaz? Eta zu, ama? Mutil zintzoa izan naiz, ez duzu uste? Gaizkilea harrapatu egin dut eta, gauzarik onena, ez da konturatu ere egin. Pistola, gorpu hila neresoinean, zentzuahartzen hasidaberriro ere. Inork ez dit ziririk sartu. Ezta emakumeak ere. Ongi ikasi nuen zuk erakutsitako guztia, ama. Polizia on bat naiz. Onena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.