Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga
Nere neskak deitu dit. Ilun zegoen autoa etxepean parkeatu dudanerako. Besoak poltsez gainezka ditudala igo ditut eskilarak. Ez dut giltzarik aurkitzen. Hemen daude. Atea ireki. Argiak biztu. Eta bidaia luze batetik heltzen naizen guztietan bezala, erantzungailu automatikoan bere dei bat daukat grabaturik.
Kaixo! Ni naiz. Badakit datorren asterarte ez zarela hor egongo, baina ohituta nago zure zenbakira. Mesedez, deitu heldu bezain laster.
Ez du besterik esan. Inoiz ez du besterik esaten. Maleta desegin eta egingo dudan lehen gauza dutxa bero bat hartzea izango dela erabaki dut. Gauza asko daukat buruan. Deituko diot gero.
Komunean sartu eta txorrota ireki dut. Ez dut ezer pentsatu nahi. Lasaitzeko premia daukat. Dutxako ura nahikoa berotu da dagoeneko. Bustitzera noa. Baina telefonoa. Albornoza jantzi eta ziurrenik pasiloko zoluan lehortzean markak utziko dituen urratsak egongelara zuzendu ditut. Gero fregona pasatu beharko dut.
Bai? Nor da?
Erantzunik ez.
Bai? Esan?
Arnas hotsa.
Nor arraio zara?
Eten egin da. Isiltasuna berriro. Baina dena esana dagoela iruditu zait. Hotzikara. Gorputza busti didan urak aspaldi galdu du hasierako berotasuna. Dutxara noa. Pentsatu egin behar dut. Ezinbestekoa da.
Ur azpian, gorputza epeltzen zaidan bitartean, zer demontre egin behar dudan pentsatu dut neure artean. Eta putakume horrek ez du ezer esan. Gorroto dut. Nere neskari deitu beharko niokeela iruditu zait, ondoren kontrakoa erabakitzeko. Ez diodala inoiz deituko. Sekula ez. Baina hain da gozoa nere neska nerekin dagoenean! Hain da trebea nere gorputzarekin jolasten duenean! Ez dakit zer egin. Eta nere neskaren odolaren usaina gogoratu dut. Ia gorpuztu egin den arte. Hementxe dago orain, ur beroaren lurrunetan ezkutatuta. Erotu egiten nau usain honek. Edo eroturik nago honez gero. Ez dut ezer ulertzen. Nahasiegia da guzti hau. Telefonoa. Berriro. Ez dit bakerik ematen. Eskegi egingo dut lehengo bera baldin bada. Ez dut telefonoa hartu ere egingo. Erabaki dut.
Soinu mekanikoak nere belarriak bortxatzen jarraitu du ordea. Ez dut hartuko. Ez dut hartu behar. Baina telefonoa ez da isildu. Eta ez nago gehiago jasateko prest. Agian hartu egin beharko nuke. Beste norbait izango da agian. Iturria itxi eta, albornoza bigarren aldiz jazten dudan bitartean, erregu bat luzatu diet infernuko nagusiei. Eskegi dezala egongelara heldu baino lehen. Mesedez eskatu diet. Baina infernuan ez dute errukirik. Neretzat ez behintzat. Eta tramankulu horrek orroeka jarraitu du egongelara heldu naizen arte.
Esan? Nor da?
Kaixo! Zer moduz zaude? erantzun dit hariaren bestekaldetik nere neskaren ahotsak.
Tira, ongi. Nekatu samar. Baina ongi. Eta hi? galdetu diot.
Ez oso ongi. Hilekoa etorri zait gaur goizean eta izugarrizko mina daukat.
Hortxe naun segituan. Nahi al dun?
Erantzuna aldez aurretik badakidan arren egin diot galde. Ez naiz baiezkoa entzun zain ere egon. Aldatzeko behar dudan denbora eskatu diot eta berehala bertan izango nauela esan. Betiko agurra. Ez daukat denbora gehiegirik. Levi's garbiak jantzi, zimurturik dagoen niki beltz bat eta banoa presaka, etxeko argi guztiak itzaliak daudela ziurtatu ondoren.
Kalean, baimenik gabeko laztan zakarrak egiten dizkit gaueko haize hotzak. Nola azalduko diot hau nere neskari? Ba al dago azaldu beharreko ezer? Hau ez da zuzena. Buruko mina daukat.
Lanbro dago autoa leku debekatuan parkeatu dudanean. Hogei minutu nahikoak dira nere neskaren etxera heltzeko. Bera ikusi gabeko hogeitalau egun ondoren batez ere. Automatikotik deitzeko ere ez dit astirik eman. Zain dago ezkaratzean.
Musu heze batez agurtu nau eta hamaika galdera egin dizkit igogailurantz goazela. Bat bera ere erantzuteko aukerarik ez. Hobe horrela. Ez daukat hitz egiteko gogorik. Ez orain. Hamahirugarren botoiari sakatu dio. Eta ez dakit zer filmeko aktore nagusiaren gorputz zoragarria deskribatzen ari delarik, izter artean sartu diot eskuineko eskua. Ezdu hitz jarioa eten. Ez diot modulazio aldaketarik nabaritu ere egin.
Ikusi egin behar duzu. Ziur nago bere zangoak asko gustatuko zaizkizula nere hatz erpurua bere sexuan barrena leunki sartu diodanean. Neri asko gustatu zitzaizkidan behintzat nere erpuru odoleztatua miazkatzen ari naizenean.
Bidaiaren amaiera iragarri du igogailuaren geldiketa bortitzaren astinduak.
Konturatu al zara nigana etortzen zaren guztietan hilekoarekin egoten naizela?
Ez diot erantzun, irribarre egin baizik. Logelara heldu nahi dut. Nere neskaren logelara. Eta brusa askatzen hasi natzaio pasiloan. Hain baldar, berak askatu behar duela azkenean. Diti beteak bilatu dizkiot. Galtzak kentzen lagundu dit logelara heldu garenean.
Zergatik ez zara sarriagotan etortzen? Zergatik ez didazu deitzen?
Gona tiraka kendu eta bilutsik jarri dut paretaren kontra. Eta bere haragi goriaz bete dut ahoa, betiko galderei ez erantzutearren. Ausiki egin diot. Ez dit eragozpenik jarri. Beti da berdin. Ohean etzan dut. Hasperen egin du atzazalekin azala urratuz eskuak sabeleraino jaitsi dizkiodanean. Begiekin jarraitu ditu eskuak. Mutu.
Bero dago nere neskaren sexua. Ukitu gabe ere badakit. Atzera egin dut ordea, eta hain ezaguna dudan azala laztantzen jarraitu dut. Indarrez, luze. Diti buruak izotza bezain gogor jarri zaizkion arte. Lehertzear. Gaziak daude ezpainekin inguratzen dizkiodanean. Haginkada emeekin gozatu dizkiot diti buruetako zirkulu ubelak. Eta ondoren, ahoa beherantz. Saihets artetik zilborrera. Alura zilborretik. Eta mingaina sartu hor. Ahal den tinkoen. Barruko beroak kiskali didan arte.
Ez al dizu nazkarik ematen nere odola irensteak? larritu da. Ez dakit nola egiten duzun horrelakorik.
Irrifarre egin diot. Hozka jarraitu dut aluan, gerriaz gero eta mugimendu erritmikoagoak egiten dituela ohartuta. Iztarrondoetan behera doazkion odol tantak xurgatu ditut. Eta eskuineko esku osoa sartu diot barruraino. Soinurik ez beragandik. Soilik mugimenduak. Eskumuturretik arrosa koloreko zukua irristatu zaidan arte.
Ahora ekarri dut eskua. Gozoa dago. Hatzak gorde ditut miazkatu gabe. Nere neskarentzat. Bere saparen zaporea ezagutu dezan. Baina horrelakorik pentsatzeak soilik nazka ematen diola dio. Primeran. Dena neretzat.
Bere aldamenean etzan naiz begiak hertsita, arnasa lasaitu arte. Ez dut gehiago behar.
Zure txanda da orain aipatu dit doinu bihurriz.
Eskerrik asko nitaz arduratzeagatik.
Ez didazu eskertu beharrik. Ez dut zugatik bakarrik egiten.
Oheondoko mahaitxotik papertxo bildu bat atera du nere neskak. Zabaldu eta bi marra prestatu ditu barruko hautsaren erdiarekin. Sudurretik sartu ditugu. Sabel gainean zabaldu dit beste erdia laztan batez. Pelbis hezurrean amultsu.
Asko gustatzen zait zure hezur hau.
Eta hor gainean eseri du klitoria. Beti bezala. Mugitzen hasi da. Astiro hasieran. Nahi gabe arituko balitz bezala. Baina berehala bizkortu ditu gerriaren joan etorriak, nere arnasari jarraiki. Gerriak eskuekin inguratu eta aurpegira begiratu diot. Inoiz baino politagoa iruditu zait une horretan bertan. Hemen. Ohe gainean. Ni menperatu nahian gehiago ezin arte bera erotu denean.
Maite zaitut esan dit dardar batean. Eta badakit nik ere berdina esan beharko niokeela. Dena den, ez nintzateke egiatik urrunegi ibiliko. Isilik geratu naiz ordea. Beti bezala.
Nere alboan etzan da. Nekatuta. Masailak gorri. Polita dago. Hori ere esan beharko nioke. Isilik jarraitu dut ordea. Berriro hasi natzaio gorputza laztantzen. Horregatik musukatu dut berriro ere.
Zer gertatzen zaizu gaur? Arraro zaude esan dit nere neskak begiak nigana zuzenduz.
Ezer ere ez.
Eta ez diot gehiago esan. Musu eman diot. Eta barrez hasi da mingainarekin lepoa kilikatu diodanean. Eta barrez jarraitu du ahulki hozka egin diodanean. Eta horrela jarraitu dugu biak telefonoa berriro entzun arte. Nere neskari begiratu ere egin gabe eseri naiz ohean. Badakit nor den.
Bai, esan?
Ezer ez.
Nor da?
Isiltasuna.
Amaitu dezagun behingoz!
Klik hotza belarrian. Botagurea sentitu dut. Ohean etzannaiz eta nere neskari begiratu diot. Eskua luzatu diot, bere azala ukituz lasaitu asmoz. Baina nere neskak ez du nik ukitzerik nahi.
Zer dun? galdetu diot haserrez.
Zergatik hartu duzu telefonoa? berak.
Ez dut galdera ulertu. Norbaitek deitu duelako hartu dut telefonoa. Norbaitek deitu didalako egunero azken lau hilabeteetan. Ni erotu nahian dabilen norbaitek. Eta azken aldian lortu duela iruditzen zait. Guztia esan diot. Baita erotzear nagoela ere.
Zurbil dago nere neska. Berriro luzatu diot eskua, baina bera oheko txokorik urrunenera joan da. Lasaitzeko eskatu diot, eta horretan ari naizela, nere neskaren odol arrastoak ikusi ditut maindireetan.
Ez du inork telefonoz deitu. Egun osoan ez du inork deitu. Zeure buruarekin hitz egin duzu duela bost minutu.
Izututa dirudi. Eta ni lasaitu nazakeen bakarra bera dela esan diot. Baina berak ez dit erantzun. Ezdaki zer esan.Ohetik jaiki, gela zeharkatu eta kanpora irten da. Alferrikakoak izan dira nere hitzak. Ezdu ulertu. Bere atzetik atera behar izan dut. Zergatik hertsi du komuneko atea krisketaz?
Ireki atea, mesedez! Txantxetan ari nintzen.
Hau esan ahala konturatu naiz horrelakorik sinestea ezinezkoa dela. Nik ez nuke inoiz sinestuko behintzat. Baina nere neskak sinetsi egin du. Eta atea ireki du. Gezur hobeagoa asmatu beharko nuke. Ez zait ezer bururatu.
Komunean sartu eta nere neska ikusi dut baldosen gainean oinutsik. Hotzez dardarka. Zangoetatik behera dihoakion odolak hari gorrizko galtzetak josten dizkio. Besarkatu egin dut, inoiz baino indartsuago. Maite dudala esan diot. Lehen aldia izan da ezagutu nuenetik. Lehen aldiz bederatzi hilabetetan. Bururatu zaizkidan hitz gozo guztiak esan dizkiot. Aurpegia ferekatu eta logelara eraman dut, bere egonezinaren arrazoia hitz hutsalekin ahazterazi diodanean. Malkotan dago. Lasaiago. Ohean sartu dut eta bere aldamenean etzan naiz. Bertan egon naiz loak hartu duen arte.
Logelako argia itzali dut. Goizeko lehen argiak itsutu egin nau pertsiana altxatu dudanean. Irteerara abiatu naiz. Baina atea zabaldu orduko, telefonoa berriro. Egongelan hartu dut. Ez dut urduri jarri nahi. Nor den galdetu dut. Eta erantzunik ezean, eskegi egin dut. Logurak nago.
Nere neskaren etxetik irten eta kalea zeharkatu dudanean, auto gorri bat pasa da albotik. Gidariak ez nau ikusi ere egin. Oraindik kaleak bustitzen ditu lanbroak.
|