Qui desirat pacem...
Itxaro Borda
Aurrera
(ausartu)
iraultzaren ildoraino.
Gora
(oldartu)
ametsaren muineraino.
Joxe Auxtin Arrieta
I
Urrunean trein baten hotsak entzun
genituen
sutan zegoen bideko errautsa
ezagutzen ez genuen herrialdean zehar
abiatzeko orduan
izotzak ortzeak menperatzen zituen
zohardia begiradetan
urrunean trein baten hotsak entzun genituen
lotan zeuden haurrak seasketan
ezagutu nahi genuen herrialdean zehar
abiatzeko orduan
oi zeruaren arrosa!
oi errautsaren hautsa!
urrunean trein baten hotsak entzun genituen
II
Arratsalde hartan
kartzeletako hormen gibelean
ondartzak hedatu ziren
arratsalde hartan
uhinen laztanak,
III
Lainoak astiro beherantz zetozen
gerletan hil herriko soldadoen
izenak eta izanak gordez
non zegoen atzoko merguez usaina?
non euriaren ezti desirak?
non harmetako arrantzak?
lainoak astiro beherantz zetozen
etxe hutsen mintzaira minberak
aditz ebakietan inharrosiz
aurten zamalzaina
emea sortu zen
argizagiaren urrakotik.
IV
Ez zen amodioaren deia
ez zen bakardadearen biluzia
ez zen urratsaren dudantza
ez zen herioaren asmoa
ez zen belarraren ikara
ez zen artizarraren zilarra
ez zen partitzeko tenorea
ez zen itzultzeko apirila
ez zen udalatzeko goldea
ez zen larruaren labana
dena batera zen
edo
ez zen ezer.
V
Herririk herri ibiltzen hasi ginen
buhameen konpainian
gauaren eta egunaren arteko
guduaren arnasaz betetzearren
si vis pacem para bellum
oihukatzen genuen
airetik
donapaleun (gogoratzen haiz?)
herririk herri ibiltzen hasi ginen
artozango ustelduek alorrak
gauaren eta egunaren arteko
guduaren arnasaz hazten
zituzten goizetan
si vis pacem...
VI
Kalzioaren mortuak trebeskatu
genituen gero
munhoen malda hitsak miretsiz
gosearen norantza
osoki ahantzia genuelako
eta bagenekien noizbait elkarrekin
solastatuko ginela
kalzioaren mortuen gisuaz
altzeiruzko sohakoak ahurren pairamenean
beldurrez
kurutzatzean
senditzen genuen
ezpain herbailetarik
hitzik
ez zitzaigula aterako.
VII
Sabelaren mugetan irria loratzean
gauaren bihotzeko lur beltzean
zinezko hurbiltasun minez erran huen:
isiltasuna... eta erantsi huen
gauaren bihotzeko lur beltzean
zinezko hurbiltasun minez:
maite haunat...
isiltasuna.
VIII
Engoitik maite genuen lurralde
sarraskituan
ele legun xarmeguak etortzen zitzaizkigun
ahosabaiak alegeratzera
saiatzen ginen
hereneguneko inguru mineralak
hatsez zein haragi daldaraz janzten
eta saiatzen ginen
burdinaren tiraniak ez zirela hemen
gaindi neholaz ere hedatuko
sinesten
saiatzen ginen azkenik
hurbil senditzen genuen haize hegoaren
egunerako ardo arinak sotoetan metatuz
apailatzen
are gehiago sinesten.
|