L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-28 (1992-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Planeta abailduak

 

Juan Luis Zabala

 

Louis Arliger idazle iverstarrak 'Planeta abailduak' izeneko poema liburu berria aurkeztu zuen atzo eguerdian Sendler-eko 'Liluratura' liburudendan, liburuaren hitzaurrea idatzi duen Joss Vington literatur kritikari ezagunarekin eta liburua argitaratu duen Sinistiler argitaletxeko Jones Miksi-rekin batera.

        «Zazpi urte dira nire azken poema liburua kaleratu nuenetik», adierazi zuen Arligerrek. «Neure borondatea izan da denbora tarte hori iragan arte itxoitea. Liburu batentzako lain poema aspaldi osatu nituen, baina aukeraketa zorrotzagoa egin eta liburuaren egitura hobeto mamitzeko denbora hartu nahi izan dut. Mesede handia egin dio horrek liburuari nire ustez».

        Eritzi berekoa azaldu zen Joss Vington, eta «Arligerrek idatzitako lan berriaren meritu ugarien artean, bide berrien bilaketan egindako ahalegin grinatsua dela handiena» azpimarratu zuen gero. «Liburuz liburu bere maila gainditzen du Arligerrek, lehengoaren parera heltzearekin ez bait da inoiz konforme izaten».

        Louis Arligerren laugarren poema liburua da 'Planeta abailduak'. Liburu berriko poemek «giza izaeraren osagarri ezberdinen azterketa zintzoa izan nahi dute», egilearen hitzetan, «eta osagarri guztien banan banakako tristura, nekea eta abaildura isladatu». Dena dela, abaildura hori agertu eta adierazteko lanean, «hizkuntza poetikoa adierazpide soil baino askoz gehiago ere bada», Vingtonen eritziz. «Abailduraren islada bainoabaildura beraren eragile eta motore delako, soineko baino haragi, mami», jarraitu zuen oraindik orain Likserade Saria jaso berri duen irakasle sendlertarrak.

        Abailduraren haragi, mami, abaildura huts gara, bai... Planeta abailduak biltzen dituen unibertsoa, unibertso freskoa beharbada, itxuraz behintzat, egokia, bizia, taxuzkoa, areindartsua ere hala esan nahi izanez gero. Dena abaildura, ordea, barren-barrenetik. Abaildura eta bere sinonimoak, poesia, zazpi urteko isilaldia, Joss Vington, kazetariak... eta kazetarien artean neu... zuekin bazkaltzen geratzeko astirik gabe, artikulu hau idatzi behar nuelako. Bada ez, ez diat idatziko, Louis, ez oraingoz behintzat, ezin diat, bazegok aurrera egitea galerazten didan zerbait, betikoak esateko bidea eragozten didan zerbait.

        Gaur goizean bertan pozez ninduan hire liburuaren aurkezpenaren berri eman behar nuelako. Harro nengoan hire gaztetako eta betiko adiskide izateaz. Eta liluragarria iruditzen zitzaidaan 'Planeta abailduak', benetan ondo landutako liburua bait da, benetako poeta batek idatzia. Pronto ninduan neure lana gogo onez egiteko, ilusioz.

        Artikulua idazten hasi naizenean, ordea, liburua iraintzen ari nintzela iruditu zaidak, are gehiago, liburua zauritu eta odolusten ari nintzela, hiltzen eta disekatzen. Horixe iruditzen bait zait egunkariak berriekin eta bizitzarekin egiten duena, horixe bait da nik hain maite eta miretsia nuen ofizio honetako langileon zeregina, egunerokoa eta ankerra.

        Baina ez zegok salbabiderik. Ni gabe, gu gabe ere, ez zeukak salbabiderik hire poemarioak, ez zegok salbabiderik planeta abailduentzat. Zenbat poema liburu idatzi ahal izango dituk? Zenbat urtetako isilunea beharko duk, poemario berria kaleratzeko moduan haizela esan artean? Eta zer, orduan ere zer? Norakoak dituk bide berri horiek, hain nekez aurkitu eta hain mantso ibiltzen direnak? Hartzen al duk astirik, bide horietan barrena hoala, aldameneko paisaiei erreparatzeko? Esaidak egia. Ez al dituk denak berdin samarrak? Izan al daiteke poema bat, poemario bat, bizitza osoko lan poetikoa, bene-benetan berria, bene-benetan baliagarria, bene-benetan ezer? Zein da poetaren benetako bizipoza, Louis? Ba al daukak zintzo erantzuterik?

        Ez ziguk inork gure gaztetako ametsak bete ez ditugunik esango. Laugarren poema liburua aurkezten hi, gure gaztetako idolo miretsia izandako Joss Vingtonen laudorioak jasotzen; eta KRONIKAko kazetari ni, literaturako berrien emaile. Uste baino askoz ere lehenago gainera. Eta ondo, zuzen, benetan, faltsukeriarik gabe iritsi gaituk honaino. Hori ezin ziguk inork ukatu, faltsua ez den inork behintzat.

        Baina bazegok zerbait huts egin duena, ez al zaik iruditzen? Tren bat galdu ote dugun iruditzen zaidak...

 

                Noiz irten zen galdu genuen trena?

                Urrutira eraman behar gintuena?

                Nork abisatu behar zigun?

                Nork zekien ordutegien berri?

                Zer gertatu zen?

                Nola jakin zuten trena hartu zutenek

                noiz joan behar zen geltokira?

                Zein txokotan, zein egintza arrarotan

                               [geunden gu, despistatuta?

                Orain ez dugu erremediorik.

                Hemen gelditu gara.

                Etsita.

                Aurrera baino atzera begira bizi gara.

                Handiari baino txikiari begira.

 

                Trafiko seinale hautsiei erreparatzen diegu,

                baserri hondatuetako harri zaharrei,

                espaloietan sakabanatutako zabor apalari,

                leihoren bat edo beste hausten dugu,

                teleaparatuekin kargajasotze saioak antolatu,

                kale ahaztuetako asfalto gainean etzan

                                      [mozkor plantak eginez.

 

                Kontzentratu egin ditugu lehengo amets

                                   [ederrak kaptsula txikietan.

                Gero eta trinkoagoa da gure hizkera.

 

                Noiz irten zen galdu genuen trena?

                Inork ez zigun ezer esan, ezer galdetu.

                Izan al zen trenik?

                Pena sentitu behar al dugu galdu genuelako?

 

        Tira, berriketak utzi eta artikulua amaitzeko garaia diat. Hasierara jo, lehen lau ahapaldiak berreskuratu eta aurrera ekingo zioat berriz handik abiatuta, gure belaunaldiko poetei buruz esan dituzuenak aipatuz: «Hautsi beharrekoa hautsi dugula iruditzen zait. Orain, hausturaren bideetan esploratzen has gaitezke, eremu berrien bilaketa amaigabean...». Ezduk zaila, baina presaka ibili beharko diat, ordubete pasa galdu bait dut alferrikako ihardunetan.

        Ikusia zegok, Louis, artikulu hasi, poema bilakatu eta orain nola bukatu ez dakidan testu hau asko duk horretaz ohartzeko: ez zegok salbadiderik planeta abailduentzat. Besarkada handi bat, hala ere, nire adiskideen arteko poetarik handienari eta poeten artean adiskide handiena dudanari. Gora planetak!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.