Heldu dira udaberriko egunak. Aurrerantzean libre da loreez jardutea. Harik eta hurrengo dekretoz berriro debekatu arte. Orrialde honetan esan dezakegu beraz, libre da esatea: «martxoko neguan zuritu ziren aranondoak / laster etorriko dira eltxoak ziztuan / eta sorbeltzak gero eltxoak jatera». Mikel Belardi izeneko batek, esate baterako, zera idatziko luke aldizkari honetan: «lili bat / argi distiratsua» eta abar. Eta beste batek «lili bat hartu eta hostoz hosto erantzi» eta abar. Udaberriko dekretoz, lasai jardun dezakete loreez. Libre bait dira orain (abisu berria bitartean). Libre orain, nahiz eta preso. Libertateagatik. Eta horregatik loreez esan dezakete, adibidez: asun hostoak gara / besarkada mingarriz salbu / amodiorik ezin dugula eta abar.
Loreez jardutea bakarrik da libre udaberrian. Dekretoz. Baldintzapeko askatasunean gaude. Nola neguan hala udaberrian. Askatasunean, hamabostetik behin edota hilabeteroko lehen egunean sinatu behar izaten dugu epaitegian. Eta baldintzapean sina dezakegu: udan, hareaz; haizeaz, larrazkenean; neguan, euriaz. Euriaz idatzi behar izaten dugu neguan, euria egin dezan, neguko euriaz udaberria loratu, lore ximelak hare bihurtu eta, ondoren, haizeak eraman. Baldintzapeko askatasunean, alegia.
Gaiaz aldatuko dugu. Debekatuta egon arren. Loreez ordez, elektrodomestikoez hitzegingo dugu. Edo tristeziaz. Edo monarkiaz (zergatik ez?). Edo zapatez bestela. Zapatez idaztera ausartuko gara, loreez jardun behar dugun udaberrian. Eta burua zapalduko digute orduan eta eskuburdinez lotuko. Dekretoz.
|