Thorvald Vinlandera heltzen
Kanko Ispizua
Thorvald-ek itsasbidaierako abiamenak egin zituen bere anaia Leif-en zentzunezko aholkuei jarraiki eta hogeita hamar gizon hartu zituen eskifaia gisa. Itsasontzia apailatua egon zenean, itsasora egin ziren eta ez da Leifsburdireraino (Leif-en Etxeetaraino) iritsi ziren arte, Vinlandian, inolako aipamenik gordetzen. Han, itsasontziaren hondarpena egin eta negua egiteko eta arrainak arrantzatu zituzten jateko.
Udaberrian, itsasontzia apailatu beharra zegoela esan zuen Thorvald-ek eta, horretan zebilen bitartean, gizon saldo txiki batek ere batela hartu eta lehorrari helduta mendebaleko bandan itsasoa iragan, udan zehar lurraldea ikuskatzeko.
Herrialdea oso ederra iruditu zitzaien, ia itsasbazterreraino zabaltzen ziren basoekin eta harea zuriko hondartzak; irlak nonahi eta urpeko hondarpilak edonon. Mendebaleko irla baten izan ezean, ez zuten inolako ez gizaki ez animalia arrastorik aurkitu; irla hartan lastadi oso umil bat ikusi zuten; eta ikusitako gauza guztietarik hura baino ez zen giza eskuez egina izan. Eta udagoienean Leif-en Etxeetara itzuli ziren.
Hurrengo udan, eta gizonik gehienekin, Thorvald-ek ekialdeko bandan jo zuen bere itsasontzian eta ondoren, lehorrari helduta, iparralderantz lematu zuen. Lurmutur baten paretik zihoazela ekaitz batekin egin zuen topo eta lehorrera sakatuak izan ziren. Ontzipeko gila birrindu egin zenez, denbora luzez geratu behar izan zuten konpontzeko.
Thorvald-ek esan zien kideei: «Lurmuturrean sartu nahi dut gila zaharra eta leku honi Klalarnes (Gilaren muturra) deitu».
Behin hau eginda, lehorrari ekialdeko bandan helduta urrundu ziren. Handik gutxira, fiordo bik erdibana zuten itsasarte batera sartu ziren, eta, han, fiordo bien artean altzatzen zen muino batera iritsi arte barneratu ziren; arbola ugarik berdetzen zuten muinoa. Lurbazterrari parez-pare geratzeko moduan amarratu zuten itsasuntzia, ointzubi edo pasarela atera eta bertatik lehorreratu ziren Thovald eta bere kideak.
«Paraje ederra da hau» esan zuen «eta hemen nahiko nuke eraiki nire etxea».
Itzulbidean, muino aurreko hareazko hondartza baten hiru bultoz ohartu ziren. Hurbilago zeudenean hiru kanoa zirenaz konturatu ziren, azpian gizon bana zutenak. Thorvald eta bere kideak indarrak zatitu eta ihes egin zuen bat ezik denak atxilotu zituzten. Beste zortziak hil eta muinora itzultzen azkartu ziren, handik ingurua behatu zutelarik. Fiordoan gora begiztatu eta etxebizitzatzat jo zuten bulto moltzo bat ikusi.
Hain logura handiak jota aurkitu zituzten heuren buruak ezin geratu izan zirela esnaturik, eta denak hartu zituen loak. Ez zuen ezerk heuren lotaldia asaldatu oihuka ziharduen ahots batek esnatu zituen arte. «Ei zutik, Thorvald, zeu eta zure gizon guztiak, bizirik segitu nahi baduzue! Zoaz zeure itsasuntzira zure konpainiarekin eta ahal duzuen bezain azkar aldegin!».
Larruzko kanoa multzo handi bat jaisten zen fiordotik eta heurenganatz zuzentzen zen.
«Altza itzazue parapetoak bordan», agindu zuen Thorvald-ek, «eta defenda gaitezen ahalik eta hoberen, baina ez erantzun erasoari derrigorrak hala eskatzen ez badu».
Holan egin zuten. Skraelingar-ek geziak jaurtiki zizkioten denbora batez eta gero bizkarra erakutsi eta ihesari eman zioten ahalik eta arinen.
Thorvald-ek inor zauriturik aurkitzen zenetz galdetu zien bere kideei; denek erantzun zioten zauririk gabe irten zirela batailatik.
«Zauri bat daukat galtzarbean» esan zuen Thorvald-ek. «Gezi batek hegaz egin du borda eta nire ezkutaren artean, eta nire besoaren azpian geratu da. Hona hemen heriotzera eramango nauen gezia».
«Leif-en Etxeetara ahalik eta arinen itzul zaitezten gomendatzen dizuet. Baina lehenago nire gorputza karga dezazuen nahi dut eta bizitzea hainbeste gusta zitzaidakeen muinora eraman. Egia esan nuelakoan nago denbora batez biziko nintzela esatean Ehortz nazazue han, sartu gurutzeak nire buru gainean eta oinetan, eta Krossanes dei iezaiozue leku honi betirako».
Hau esanda hil zen Thorvald eta bere gizonek agindu bezala ehortzi zuten. Thorvald hil zenerako Groenlandia guztia zegoen kristaututa; Eirik Gorria, bere aita, kristautu aurretik hil zen.
Eta Thorvald-ek esana osorik betetzeko, Leif-en Etxeetara itzuli ziren, non espedizioko gainerakoak bildu eta elkarri kontatu zioten gertaturikoa.
Han igaro zuten negua eta mahatsak eta mahataienak bildu zituzten heurokaz itsasontzia betetzeko. Udaberrian Groenlandiako bidaian irten eta Eiriksfjorden lehorreratu Leif-eri emateko notizia ugarirekin.
|