Hiru poema
Ismail Kadare
euskaratzailea:
Iñigo Aranbarri
Etengabean jausi da elurra Sjiperian Luciano Tovolik Mastroiani eta Piccolik jokaturiko «L'armata ritorna» filmatu zuenetik. Ordurarte mendebaldeko finisterre ttiki honetan ia ezezagun genuen albaniar baten lehenbiziko nobelan zuen abiapuntu Tovoliren lanak.
36an Gjirokastran jaioa, narratiban eman ditu testurik ezagunenak, dozenatik gora direlarik albanieraz argitaratu dituen elaberriak, Europako hizkuntza hedatuenetara itzultze bidean gehienak.
Poesia da ordea hasera haseratik, 18 urte besterik ez eta 'Gaztaroko etorriak' ezagutarazi zuen hartatik etengabean jorratu duen arloa. Albaniak gerra ostean izan duen belaunaldirik interesgarrienaren buru dugu Driteno Agolli, Fatos Arapi eta Natasha Lakorekin batean.
Albaniako Herri Asanbladako deputatu 1970-1982 bitartean, Fronte Demokratikoko Lehendakariorde hautatu zuten iaz Parisen Michel Métaisek prestaturiko edizioaz baliatu izan gara Kadareren gaztaroko hiru poema hauek itzultzeko: 'Ismail Kadare et la nouvelle poésie albanaise' Ed. PJO, Alain Bosqueten hitzaurreaz.
New York la nuit
Gaua lilura beldurgarriko ziudade gainera abaildu da
Non lorerik, txoririk, belarrik ez dagoen...
Etxe aurrekaldeetan ez da dantzaleku, denda
Edota taberna izen besterik ikusten musker bizkorren antzera.
Suge bihurtu dira muskerrak ordea urrunago
42. karrikan,
boskarren abenidan.
Horra hor Brodway, zainak zabaldurik bailitzan
Argi multikoloreetan itorik.
Etxeorratz erraldoiak kolokan dira zango gainetan.
Batak baso whisky bati eragiten dio publizitatearen beharrez
Besteak txiklea mazkatzen du
Drama baten tituloa dauka
egilearen izenarekin hortzartean hirugarren batek.
Orain, han goian narrazti-erreklamoak
Elkarri auzka dira gatazka odoltsuan.
Oihana
asfaltupean zapaldua behiala
Lilura beldurgarriko ziudadeaz mendekatzen.
Requiem Maiakovskiz
Hiltzaileen mahaira eseri naiz
Idazleen opor etxean,
Dabultin, Yaltan.
Errealismo sozialistaz mintzo dira farre artean
Haren odolak
euren autoetako kristalak,
Jantziak, besaulkiak, dirua,
Yermilov kritikoaren arpegi gorriska
ziprintintzen zituelarik.
Sabel beteak igurtzi eta errealismo sozialistaz mintzo
Gorriz apaindariko estartetan
bandera izartuaren pean.
Bitartean, hura zerraldo zetzan lur beltzaren bihotzean
Izoztu egiten du Errusiako neguak
apirilean urtzeko.
Uniforme sozialistaz jantzitako indar ilunek,
Kritiko higuingarriek, espekuladoreek,
kargugoseek
Erasoari diote ekiten mediokreen mendeetako leloa kantatuz:
«Handia hintzen, hautsi egiten dituk handiak ordea».
Baina horra hor haren irudia Maiakovski Plazan.
Tentetu eta tristerik die begiratzen datozen urteei.
Ezagutzen dituen bere hiltzaile andanaren atzean
Kontrairaultzaren lehen hodeiak altxatzen ikusi ditu.
Albania Mina
Minak heldu nau Albania minak
Arrats hontan trolebusez etxeratzen nintzela
Errusiar bat erretzen ari zen «Partizan» zigarretaren kea
Bihurrituz, urdinduz, espiralak eginez zihoan
Isilean mintzatuko balitzait bezala
Albaniarren, ene herritarren hizkuntzan.
Inoiz gaiztakeriaren bat egin dudan
Tiranako kale artean paseatu nahi dut arrastirian
Eta inoiz gaiztakeriarik egin ez dudan kaleetan.
Zurezko ate zaharrek ezagutzen naute
Arrenkuraz gogoratuko naute
Keinu egingo didate
Baina ez dut txarrera hartuko
Herriminak heldu nau eta.
Eta hosto hilez estalitako karriketan ibili
Horbel hilak, udazkenekoak
Zeinentzat konparazioak egokiro aurki daitezkeen.
Karrika batetan paseatu
Aurreiritziak bezain estua
Ahaztura bezain iluna
Motz eta bihurria
Gizon zekenaren gisa;
Zigarreta piztu,
Txiste on batekin farre egin
Eta oroimen bat zapaldu
Neuk lur gainean diren
Hosto hauek zapaltzen ditudan bezala.
Minak heldu nau Albania minak
Zeru handi, zabal eta sakonarenak,
Olatu adriatikarren lasterka azularenak,
Ilunabarrean gazteluen gisa nabarturiko hodeienak,
Adats zuri eta bizar berdedun Alpeenak,
Brisarapean ikaratzen diren nylonezko gauenak,
Indioak bezala egunsentian dabilen lanbroarenak,
Lokomotore eta zaldienak
Bafaka eta intzirika izerdiz estaliak,
Alzifre, saldo eta hilobienak,
Herriminak heldu nau,
Herriminak heldu nau,
Albaniarrenak.
Minak heldu eta banoa agudo
Lainoen gainetik desioak bailiren.
Hain zaitut urrun eta min, herria.
Dardarrez aerodromoa burrunbapean,
Dindilika den lanbroa amildegi atzean ageriko da.
Erreaktoreen abiadura asmatu dutenek
Beren herritik urrun egon behar izan dute inoiz.
Moskun, 1960an.
|