Bost galdera Iparraldeko antzerkiari
Lucien Etxezaharreta
Antzerkia beharrezkoa denez gure kulturak dituen zorion atseginentzat? Ostibarreko Ibarlan, Pekotxeko sabaian muntatu taulen aintzinera aski da hurbiltzea: behatzaileak, ondoko minutuetan aurpegiak antzerkiaren hatsari loturik ikusiko direnak hor daude, Angeluko kafetegia batetan arratsaldeko bostetan hirugarren adineko ahoxuri batzu bezala, beren banana splitaren milikatzeko puntan...
Antzerkiak hemen, maitasuna gainditzen du, gormandizaren pare. Batzuek hori «herrikoitasuna» deituko dute. Besteek etxeko eltzekariari etxearen beroa oroit arazteko sendimendu arrunta baizik ez dute aurkituko.
Zer da antzerkia, eta norentzat ari da? Baionako urri honetako antzerki festibalak euskara osoki baztertu du, kulturala nahiko lukeen besarkada franko-iberikoan. Gogoetan ahal duguia zerbait gure euskarazko antzerkietaz parabellumak edo ezkargi hiltzaileak atera gabe?
IRRIZ ARITUKO GAREA?
Irriz arituko garea herri honetan morala eta denak hain gaizki ditugularik? Irriaren premiatsutasunaren apostoluak ditugu, iduriz, Iparraldeko antzerki sustatzaile gehienak. Arrazoin nagusia da irriak zahar eta gazte, hiritar eta baserritar, abertzale Eta Frantziaren mutilak besarkada berean lotzen dituela. Consensus baten beharra hain handia da, hain beharrezkoa... Euskal Kantu Xapelketa-ren lorpen nagusia ez dea preseski horren erdiestea izan?
Irriaren bibrazioarekin liluratzeak gostu samin bat luke. Iragan alemanen okupazio garaian ziren plazaratu frantses kantu alegerenak, Maurice Chevalier batekin... Tout va très bien Madame la Marquise kantatzen zelarik, zalditegiko suaren keak etxea ere milikatzen zuen.
Baionako festetan diren mozkorkeria eta salbaikerien benedizione publikoak ditugu: irri egin, mozkor eta lilura zaitezte, baina mugak guk difiniturik egonen dira, makil eta lakrimogenoak zaindurik.
ABERTZALEEN HERRI NEGARRAK HAZI BEHAR DIREA?
Apez-girixtinokerien itzalak salatuak izan dira: mundu manikeikoa, «ona» eta «gaizkia»ren mugekin. Gure herriko zoriona, lana, euskara eta etxearen soleitzean ditugula, ber-arra-errepikatu digute. Herri negar malkoak aski ontsa apailatuak izan direla erraiten ahal da, gure euskal «sixties» horietan. Herri garaipenaren segurtamenak orduko nekeei zeru bat eskaintzen zietelarik.
Gaur egun ez da holakorik: Daniel Landart, sistima horren loreztatzaile ona izan denak, eta besteek, baztertua dute.
Baina zer pasatzen da? Onartzen ala ukatzen ala jasaiten dugun nazio sendimendu honek pizten dituen borrokek, eta hainbat tragediek ez dutea antzerkirako itzulpenik izaiten ahal? Ez da eginbide bat, posibleki, baina kurios da herri minak hain oihartzun gutxi ukan dezan: Antigonak bere anaien errespetuz Kreon bere aita erregearen hasarrearen ondorio izugarriaz inork ez du gaur egun irri egiten.
ETSIPENA INTELEKTUALEN BIHURRIKERIA DEA?
Horra hitz bat gure herriak maite ez duena: etsipena. Suizidioa bezala: hainbestetaraino ez da maite horren beldur? non bestela erraten den, «bere buruaz beste egitea...». Zer hipokrisia! Alta bada, begira gure inguruan: zenbat lagun ez dira etsipenez desagertzen, ahapetik johan, inoiz egiazko arrazoinik aitortu gabe, lan, bizi, maitasun lekuz aldatzean. Etsipena antzerkiak Euskal Herrian ez du aurrez-aurre begiratu nahi. Gehiegi jakiteak ekartzen zituen kalteetan, jainkoaren moldegabeki desafiatzetik aparte, burua berotzea eta etsitzea zela, zion dio? gure herriak.
Etsipenaren ez kontsideratzeak ez ote du gure gogoetari bere adar handi bat ebakitzen? Desagertze-heriotzaren mugak ez baldin badira buruz buru ikusten, aukera egiazkorik badea? Hamlet-en galderak, gure izaiteari buruz ez genezake zinez egin. Erroraino joan gaiten: euskal antzerkiak tema hori sartuko ez dueno ez du obra onik eginen, hemen. Egun bizi dugun gai nagusia baita.
ANTZERKIA: HITZA ALA GORPUTZA?
Le Bourgeois Gentilhomme antzerkian, frantses eskoletan denek ikasi dugu Monsieur Jourdain famatu hark prosa egiten zuela, eta beraz «Nicole, ene xapinak ekarzkidaxu» erraten zuelarik, literatur mota hartan aritzen zela... irri pollitik antzokietan bada hiru mende hauetan hortaz.
Horrelatsu Iparraldean konturatu gara antzerkian gorputz ariketak badirela. Egunero, minutu oro, gorputzak adierazpenarentzat jestuak baditu. Ez gaiten Jourdain bezain asto egon.
Dilemno faltsua: hitza eta gorputzaren juntan da antzerkia, bata bestearekin. Espresioari lehentasun zerbait eman da azken urte hauetan, eleetan segurik, talde batzu lotsatu direla kudeatzaile ta espezialistarik gabe ez zutela deus balio.
Hitzaren erabilpena besteen aurrean, antzerkiaren definizioetarik da ere. Honek duen feed-back-arekin, entzule-emailearen harremanak kultur eremuak aberasten dituela. Hitzaren garrantzia beti nabari da euskarazko testu onen beharrarekin.
Aipatzen ahal dea iparraldeko antzerki testu produkzioa urtean bat edo bi berri baizik ez direlarik? Guillaume Irigoyen-ek, umorez, euskal kultur begi klixkez eta seriotasun dudazkoz idatzi antzerkiek bide interesgarri bat hasi du.
Ororen buru, to! ahanzten genuen, antzerkia ez dea literatura?
ITZULPENA MODAN DEA?
Piarres Lafitte zenak Zaitegi-k egiten zituen Platon-en itzulpenak aipatzean irriño bat zaukan. Entzun nahi zuenari horren balio dudagarria aipatzen zuen: eginbidezko itzulpen batentzat zeukan, lagun filosofo ikasien arteko sandwich bat bezala, edari fin hortarik urruti egonen zela gisa oroz «gure» herria.
Hortaz kontzientzi minbera bat litaike egungo egunetan: itzulpenak ez ditugu hainbat maite... beharrezkoak ditugularik. «Adaptazio» horietan brauki sartzen ari gara: gaurko jendea inguruko kulturaz minatua dela, eta ez hainbat Platon-ez; guziz egoera normala litaike, eta ez bortxaz «Jean», «Mañex» itzulirik...
Hainbat gauza, hainbat galdera. Berrikuntzaren sorminak dira Iparraldean: euskaldun entzulerik izanen denezko galdeak ez gaitzala beste galdera beharrezkoetarik bazter, hala ere.
|