L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Luis Iturri:
«Aktoreak bezain inportantea da
tramoiagile onak ateratzea»

 

        Luzaro ibilia da teatrogintzan, 20 urtetik gora. Besteak beste, ondoko alorretan aritu da: aktore, zuzendari, testugile, saiogile, etab. «Akelarre» izeneko teatro taldearen fundatzaile eta zuzendari. Gaur egun Bilboko Udalaren esku dagoen Arriaga Antzokiaren zuzendaria dugu.

        — Zertan da antzerki prestakuntzaren panorama Euskal Herrian, eta zein premia berezi azpimarratuko zenituzke prestakuntzari buruz?

        — Antzerki tailerren sare bat sortu beharko litzateke kolejioetan, unibertsitatean, auzoetan, etab.; horretara, Antzerki Eskola (Antzerti?) ikaskuntza prozesua burutzeko azken pausua izan dadin. Eskola hau deszentralizatua izan beharko litzateke, hau da, Autonomi Elkarteko hiru hiriburuetan Udal Antzerki Eskola gisa banatua, honetako bakoitzak bere ikasgai bereziak izango lituzkeelarik. Antzerki Eskola hauetan sartzeko aukeraketa bat egin beharko litzateke, nolabait tailerretan eskuratu den curriculuma aintzat harturik, eta era guztietako profesionalak prestatuko lirateke bertan. Aktoreen prestakuntza bezain inportantea bait da tramoiagile onak ateratzea.

        — Zer deritzozu zirkuito teatralen funtzionamenduari?

        — Zirkuitoen politikak ondoko oinarriak izango lituzke:

        1.— Aldez aurretik jendearen eritzi azterketa bat egitea, ikuslea eta ikuskizunaren arteko hartuemana nolakoa den jakiteko. Hortik ateratako ondorioak ez lirateke oso pozgarriak izango, baina dagoenari heldu behar zaio.

        2.— Antzerki ekipo ezberdinen mailaketa egin beharko litzateke, herriz herriko programakuntza osatzerakoan lekuan lekuko premia eta ahalmenetara egokitu ahal izateko.

        3.— Eskualde bakoitzean eragin gehien duten herriburuak azpiegituraz hornitu behar dira, eszenatoki erdi-iraunkorrak muntatu eta inguru horretan erabili daitezen.

        4.— Guzti honen gainetik Udal Antzokiak egongo lirateke, hiriburuetan kokatuak gehienbat, izan ere horiexetara joango bait dira kalitate haundiagoko ikuskizunak eta azpiegitura gehiago behar dutenak. Antzoki hauek inguruetako herrietara zabalik egon beharko dute informazio, garraio eta ordutegi egokien bidez.

        Zirkuito hauek antolatzeko, gaur egun erakunde ezberdinek egiten dituzten ahaleginak batzetik hasi behar da.

        Programakuntzari dagokionez, —eta oraingoan Udal Antzerki Iraunkor horretaz ari naiz— lehentasuna eman behar zaio kalitateari. Estadistika zehatzak eta jakinak daude ikuslegoak kalitatea bilatzen duela frogatzeko. Ikuslegoak informazio eta ikuskizun eskaintza zabala dauka eta ez du engainurik onartzen. Kalitate hori dagoen lekuan bilatu behar da. Ezin dugu geure zilborrari begira egon. Bertoko taldeen artean aurrerapen handiak egin dira, baina ikuskizun onak ateratzen saiatu behar da oraindik eta uste dut horretarako oso komenigarria litzatekela talde ezberdinen ahaleginak eta gaitasunak bateratzea.

        — Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa...

        — Hemen, beste edozein lekutan bezala, beharrezkoak dira antzerki-programaziorako laguntza zuzenak. Subentzio ondo aukeratuak baina handiak ematearen aldekoa naiz. Profesional onek osatutako taldeek aurkezturiko proiektu interesgarriei behar adinako subentzioa eman zaie, hau da, kalitate dexenteko ikuskizunak burutzeko gauza direla erakusten dutenei.

        Gaur egun Euskadin dauden talde guztiei laguntza txikiak banatzeak dirua alferrik galtzera besterik ez gaitu eramango. Ikuskizunen produkzioa oso garesti ateratzen da, eta aurrekontu eskasei lotu beharrak kalitatea urritzea baino ez dakar.

        Antzerkiari laguntzeko politika honek euskal nortasunaren ezaugarriak dituzten ikuskizunen sorkuntza bultzatu beharko luke, euskal antzerkiak ez bait du halako ezaugarri zehatzik, literatur tradizio propiorik ere ez daukalako; ezaugarri horiek herri honen kultur adierazpen aberatsetan oinarritu beharko lukete, beti ere modu libre batez, jakina. Ildo horretatik, uste dut, «Irrintzi», «Gerra ez» eta «Hator» trilogiarekin AKELARRE taldean urratzen hasi nintzen bidea oso argia dela. Antzerkilan horietan edozein ikuslek antzeman zezakeen antzerkia egiteko «euskal» tankera bat, euskal antzerkiarena azken finean.

        — Nolabaiteko funtzio, aproposik betetzen al dute antzerki jaialdi eta topaketek?

        — Ez naiz jaialdiak antolatzearen aldekoa. Gezurrezko itxura eman eta urtean zehar egin behar den gainerako programazioa agortu besterik ez dute egiten. Horretaz gain, oso zaila gertatzen da urterik urte kalitate minimo bat mantentzea.

        Horren ordez, eztabaidak edo antzeko ihardunaldiak antolatuko nituzke estreinaldi edo antzerki-gertakizun baten inguruan, beti ere emaitza jakin batzuk edo ondorio praktikoak bilatzen saiatuz.

        — Egizu gaur egungo euskal antzerkiaren halamoduzko diagnosia.

        — Euskaraz egiten den antzerkia, zenbat jenderengana iristen denaren pentzura dago. Denok dakigu euskaraz mintzatzen direnak gaztelaniaz egiten dutenak baino askoz gutxiago direna eta horrek oztopo handiak jartzen dizkio euskarazko testu luze batean oinarrituta dauden ikuskizunen produkzioari. Horregatik bada, nik uste dut bertsio bietan egin behar direla antzerki lanak, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz; edo bestela, testuan oinarrituta ez dauden lanak egin, entzuteko baino ikusteko pentsatuak, hots aldetik hobeto moldatuak, hau da, ikusleengana errazago iristeko modukoak.

        Euskarazko antzerkiari laguntza eman behar zaio, baina modu arrazional batez, ez bakarrik urteko antzerkilan kopurua gehituz, baizik eta kalitatea eta eraginkortasuna bilatuz, eta horretarako eritzi azterketa bat egin beharko genuke. Mendian bizi den baserritar horrengana joan beharko genuke, seguru asko inoiz teatrora joan ez den horrengana, eta galdetu ea zer ikustera joango litzatekeen herrira; euskaltegietara joan, era berean, eta euskara ikasten dabilen horri galdetu ze teatro molde nahi duen edo behar duen ikusi.

        Labur esanda, euskarazko antzerkiari lagundu nahi bazaio, oso kontutan izan behar dugu ze ikuslego daukagun, eta era berean, egiten dugun antzerkia ulerterraza izan dadila, bai euskaldunentzat eta bai erdaldunentzat ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.