L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa2000>— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Irakasleen aginduetara

 

        Liburudendetako langileek berehala antzematen diote. Halako ikastetxeko irakasleak liburu bat gomendatu, eta andana bat ikasle errestan liburu hura barra-barra erostera segituan. Liburu-saltzaileek berehala antzematen diote, instintoa nonbait, liburu bat noiz den klaseetan gomendatua eta noiz ez. Azken urteon andanarekin, irakaskuntza bihurtu da literaturgintzaren motore. Maisu-maistrek erabaki dituzte best-sellerren zerrendak. Berezko zaletasunez erosten dutenen proportzioa gero eta barregarriago suertatzen da.

        Birjintasun komertzial ia guztiak aspaldi samar galdu genituenez oraingoan ez gara pentsatzen jarriko irakaskuntzaren eraso horren aurrean kastidade-defentsarik jantzi behar denik, are gutxiago horrelako deus anatemizatzea. Baina badira kezkagarri erizteko moduko xehetasunak. Esate batera, sarritan liburuak irakurri gabe gomendatzen dira (ikasleak liburu horiexek irakurtzera behartzen dituztela adierazten duen eufemismoa, gomendatzearena), beste bati entzunda edota egilearen ospeak itsututa. Aukerarik behintzat ez zaigu faltako, irakasleei editorialetatik oparitxoak iritsiko zaizkioneko garaia ezagutzeko. OHOko eskoletan eta erderazko munduan dagoeneko indarrean dagoen sistema hori (eskupekoarena) gertu dugu. Baten batek normalizatze bidean gaudeneko frogatzat hartuko luke-eta, erne egon behar.

        Guztia ez da ilun kolorekoa ordea. Idazleren bati beharbada hortik etorriko zaio profesionalizatzeko ahala, hots, liburuko 10.000 ale baino gehiago saltzea. Ez dago ironiarik gure hitzetan. Egoki legoke, baldin eta idazleek irakaskuntzaren bezeriak baldintzatuta idazten ez badute. Esan nahi baita: idazleren bat —profesionalizatze asmoari atxikiz— dibulgazioko literatura idaztera pasatzeko tentazioan jausi liteke. Best-sellerrak idaztea, tira, berezko joera bada, baina asko saltzea xede kalitateari langa jarri eta dibulgazioko literatura idazten hasten denean, kontuz, literaturaren kaltetan ari bait gara. Gainera, hortik sortzen den literatura gehienetan alienatzailea izango da. Esan bezala, gertutik erreparatu behar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.