L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hiru inkubo

 

Pablo Sastre

 

1

Inglaterran gertatu zen hau, Northwich-etik gertu dagoen Davenham herrian. Evelyn Wigs neska gaztea lotan omen zegoen eta, ametsetan edo, amatzen zuen mutilaren deia somatu zuen. Biharamon arratsean, amante hura bizi zen herriskara joateko bidea atzeman zuen. Bide hartan baso ilun bat zeharkatu behar zuen. Iluntzen ari zen; basoaren erdian zegoenean, William —hala bait zen izenez neskaren amantea— azaldu egin zitzaion, eta neska gozatu zuen. Evelyn bere etxera itzuli zenean, ondoezik sentitu zen, eta ordu gutxiren buruan larri gaixorik erori zen. Hark pentsatzen zuen, gaitz hura mutilak kutsatuko ziola; Williamek ordea, ezeztatu egin zuen: iluntze horretan bera ez zela baso hartan izan, esaten zuen. Hala bada, laster entenditu zuten deabru inkubo baten azioa izan zela hura. Evelyn Wigs gaizki eta gaizkiago jarri zen, eraman ezineko kiratsa zerion; hiru egun geroago, hil egin zen, ezpainak ubel, sabela beltz, gorputz dena anpaturik.

 

2

Helen Tündern Arnsberg-etik hurbil bizi zen, Uladislao jauntxoaren legepeko herriska batean. Esaten dutenez, gau nahasi batean, demonioak sorturiko ume batez erditu zen. Ez omen zuen ume hark ez buru ez hankarik, belarri antzeko bat omen zeukan bizkarraren eskuinaldean eta aho antzeko bat ezkerraldean. Behatzen ordez, haragi puxketa likits batzu omen zeuzkan, apo itxurazkoak. Behazunaren koloreko gorputza zeukan, eta dardar egiten zuen, gelatinaren gisa. Emaginak garbitu nahi izan zuenean, karraxi horriblea egin zuen. Beraz, ito egin zuten monstruoa eta kanposantuan, bataiatu gabe hiltzen ziren haurrak gorde ohi zituzten partean lurperatu zuten. Helenek aitortu zuenez, bere senarraren figura hartutako demonioak behin baino gehiagotan ezagutu zuen. Orduan Uladislaok monstruoa atera eta erre zezaten agindu zuen. Borreroak egur pila iretsi eta umearen gorputza ez zen urreztatu ere egiten; azkenean, haizkoraz txiki txiki egin eta Aszensio egunaren ondoko ostiralean lortu omen zuten suntsitzea.

 

3

Nantesen gertatu zen hau. Marie Blanchet, neskatila bizkorra, bertako mutil jator batekin erdi txoratuta zebilen. Oso berotzen ziren eta, noizpaiteko batean, Mariek arratseko suspiroak utzi eta larruko lanari lotzea pentsatu zuen. Parke bateko baso tipi batean egin zuten zita. San Juan bezpera zen, larunbata gainera. Marie iritsi zen eta ez zuen bere mutila ikusi; ez zitzaion hura baino lehen ailegatzerik gustatzen baina. Denbora luzean egondu zen zai; gauak bere itzalak hedatzen zituen eta neskak, batetik beldurrez, bestetik amorruz, mutil hotz harekin baino, deabruarekin ere aritzea nahiago zukeela, marmarkatu zuen. Handik eta segituan, mutila azaldu zitzaion: makina bat lan izan zuela eta arren, barkatzeko, eskatu zion, inoiz baino maiteago zuela, tarari, tarara. Hala behintzat, neskatila lasaitu zen eta, hitz goxo bat hemendik, xirri bat handik, amore eman zuen. Lurrean zetzalarik ordea, mutila besarkatu eta gorputz iletsu eta lakatza somatu zion. Garraxi egin zuen, eta konortea galdu; handik zazpi egunetara katu beltz txiki batez erditu zen etxean, eta bizitza guztirako gaixorik egon omen zen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.