L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Egonaldiaz

 

Patxi Sarriegi

 

Musika zen berea, bere benetazko zaletasun bakarrenetakoa. Musika dendaz denda igarotzen zituen horretarako aukera zeukan arratsalde guztiak. Musika aparailuak ziren bere ahuleziarik nabarmenena. Urtebetetzean oparien artean diskorik ez zitzaion faltako, horrela zen betidanik eta iadanik ez zen kuestionatzen grina horren zergatia. Bakar bakarrik, aldartearen arabera gustokoen zitzaion musika mota eskuratzen zuen, besterik gabe.

        Burutik zerbait kendu ezinean zebilela, disko aparailua besterik ez zuen ipini behar. Bestetan, soinu konkretu bat bilakatzen zitzaion ezabatu ezinezkoa. Maizenik, ezabatu nahi ere ez.

        Iritsi zen neurriraino iritsita, hain hunkigarritzat zuen grina ia mingarri bihurtu zitzaion, ezin etxean egunkaria edo beste zerbait musikarik gabe irakurri, ezin telebistako musika programa guztiak ikusi gabe pasatzen utzi, ezin asteroko ezinbesteko azken esklusiba lortzeke etxera bueltatu, ezin hogei duro ezertarako gorde. Baina ordurako ohitua zegoen bizitza erritmo horretara, ez zion inportik, dudarik gabe baziren zaletasun garestiagoak eta gusto txarragoenetakoak ere bai.

        Halabeharrez, hain barneratua zuen mundu zoragarri hori gehiegi kiribilatzen hasi zitzaion, kontzertu garaia zetorrela ere ezin garrantzizkoenetan azaldu gabe geratu. Hori bizimaina frenugabea! Bete beteau harrapatua zuen musika munduak. Eta pozik bizi zen, diskoak lagun minenak zituelarik.

        Aspaldiko partez ez zela giro bizi horietara hurreratzen, jende-uholde hori batera ikusteak sorterazten duen sensazioa ez zuela dastatzen, hamaika aldiz zoratuko zuen taldearekin bat eginik ez zegoela. Guzti horregatik eta beste makina bat motiborengatik ez zuen kontzerturik galtzeko asmorik, gehienetara gerturatuko zen. Harik eta lehertu arte.

        Horien zain egon, besterik ez zen falta. Kontzertu egunari so egin eta bertan egon ahal izatearen sensazioa milikatzen hasi. Bide batez, txanponen bat lortu eta lagunen batzuk konbentzitu. Eta ez zen erraza, itxarotea batez ere.

        Kontzertua iritsi bitartean zenbait zirrara akumulatuz joango zitzaizkiolako, ia jasanezinak, egun horretakoaren baitan dauden inpultso modukoak. Bateriajolearen izerdiak, hots eskandalogarria, kitarrajolearen punteoa, geldirik egon ezina, argi kontrasteak, besarkada espontaneoak, zorabioa. Ezin dena batera imajinatu.

        Horregatik ekitaldia gertatu aurreko egunean, gertu ala urrun ote dagoen neurtzen hain konplexua den egun horretan, desira bizia gainezkatu egiten zitzaion, une horretara iritsita egonaldi oro gutxi delakoan. Arnasa bakarrean geldituko bailitzan, azken arnasa gutxiegi denean. Eta azkenik, antsia guztiak errealitate bihurtuak.

        Aitzitik, egun hartan disko guztiak alde batera utzi zituen, etxetik inoiz baino lehenago irten zen eta eskuarki egiten zituen keinu eta detaile guztietatik bat ere ez zuen agertu. Ohizkoa ez zuen zurruntasunak agerian utzi zuen okasio berezi hartako garrantzia. Hitz juxtuak. Irribarrerik ez. Begizizta tristea, dena desenkusatzen duenetakoa.

        Geroxeago, antolatzaileak ez dakit zein arrazoi emanez kontzertua bertan behera utzi beharrean aurkitu zirela adierazten entzun nituen irratian, azkenik aurreko guztiari bere behar bezalako esanahia idoro niolarik. Ez zegoen eskubiderik. Harrez geroztik, norberaren egiazko zaletasunak seriotan hartu ohi ditut, baita begirunez onartu ere, eta nireei, badaezpada ere, noizpaiteko errepasoa ematen diet. Musika dendaz denda ikusmiran ibiltzen hasia naiz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.