Hamaika urte, hamar liburuki, bederatzi ohar...
Omar Nabarro
"Susa" argitaletxeari heldutasun agiria eman beharko diote, horretan patentea dutenek, kaleratu berria duen azken lanarekin "Gabriel Arestiren literatur lanak" orain arte euskal herrian inork ere egin gabeko lana burutu bait du. Hots, halako idazle hain oparo baten lan guztiak argitaratzearena, modu honetan.
Egia esan, badateke argitaratu gabeko arestiar literatur paperik hor zehar. Ez da "Susa"ren errua izango argia ezagutu barik geratzen badira.
Aurrerantzean, Arestiri buruz eztabidatzekotan, eskura ditugun erreferentziak aipatuz egitea eukiko dugu. Horretara errazki frogatuko dugu "Nire aitaren etxea" esatean Arestik ez zuela beraren aitak Zornotza aldean izan ei zuen etxeari buruz hitz egiten, Xabier Kintanak Txit Jakintsuak Bilbon izandako harako hitzaldi hartan frogatu barik esan zuenaren aurka. Edo ni jota nago edo Kintanak adarra jotzen digu. "Aziendak, soloak, pinudiak, korrituak, errentak, interesak" galdu ondoren, non dago etxea, zentzu denotatiboan? Inon ere ez. Garbi dago Arestiren aitaren etxea euskara bera dena, BBBko ezdozein ikaslek errez frogatzea duakanez. Halan da ezen, zer dela eta sartu nahi digu Kintanak ziria barik kristoren habea den aurreritzi hori? (Arestik hamargarren liburukiko hitzaldi eta gutunetari ezin garbiago dio, "sorterria dut aitaren etxea").
Ibon Sarasolak, aurreragoko errataz beteriko Arestiren poesien argitalpenaren aintzin solas batetan (oraingoan ere bada erratarik), gure neba bilbotarraren obra poetikoan lanik poetikoena "Maldan Behera" dela diosku. Gerokoa, badakizue, hain fama zantarra duen "errealismoa" besterik ez ei da, hots, ez-poesia. Aurreritzi horren modukoak, Sarasola zein beste edonoren iritzi guztiak errespetagarriak izan arren, azterketaren bidezko frogaren bidez erakutsi beharko lukete non dituen oineritzia. Nik, neure aldetik, ohar parea egingo dut.
Bat, Bernardo Atxagak "Etiopia" delakoan erabiltzen duen lexikoa eta Arestiren "harriaren ziklo"an erabiltzen dena alderatzeko eskatzen diot unibertsitate edozein mutiko nahiz neskatori, ea zer aurkitzen duen (lexiko soilak poetikotasunik frogatzen ez duen arren). Bi, imaginak eta sinboloak ere aztertzeko Arestiren obran; eta beste poetenekin alderatzatzeko. Bernardoren kalatxoriek eta Arestik berak ez ote dute, bada, memoria liburu bana, zeintzuetan sandalo lorez edo lorerik urrinxenak gordetzeko bait dute egun seinalatua?
Arestiren bigarren aldiko obra literarioan mundu poetiko aberatsa, mamitua, poetika "poetiko" zehatzaren gainean eraikia dago, azaleko eta axola gabeko lehen irakurketaren itxura guztien aurka. Argiagarriak dira, oso, hamargarren liburukian poesiaz argitartzen diren hitzaldiak. Arestiren "harria" Milia Lasturkoren kopletan dago, orain dela ehundaka urte. Ez du harea higikorretan ezarri zimentarria Arestik.
Boskarren oharra idazterakoan zelako tonu dotrinala hartuz doan parrafada hau kontuan harturik, neure buruari egiten diot barre. Umorea da Arestiren ezaugarrietariko bat. Baina nire ustez Amurizak bertsolariari buruz dioen gauza batek definitzen digu Aresti, sustraiak sendo lehenean, adarrak luze geroan, arestiko oharrean aipatu hildoan. Arestik lehen eskutik, lehen begitik, edota lehen belarritik, ezagutu zituen, hala gure tradizio literarioa nola gure literatur tradizioa. Ez dut hemen zein den aipatuko baina, tradizio hori ezagutu gabe, nola euskal poeta izaten ausartu? Kexatu egiten zaigu Aresti, geure metrika ere ezagutzen ez dugula eta. Alabaina, Aresti metrikaz harantzago ere bilatzen du; herri hizkera ere bilatzen du ahozko literaturaren altxorrean. Azkue zein ondo ezagutzen zuen frogatzeko aski da "Euskalerriaren Yakintza" liburuari begidatxoa ematea. Nonahi identifikatuko ditugu Arestik poemetan, zein gainerako lanetan, herri tradiziotik jaso eta bere lanetara txertatuako materiala.
Idazleak hizkuntzarekiko du konpromezua. Ados. Hizkuntzaren egoerak axola dio eta hizkuntzaren egoeraz kezkatu beharra dauka. Arestik euskara batuaren premia ikusita, batasunaren alde obratu zuen. Horretan obra eta lana ikusten zituen beharrezkoak. Gaur askok lana, idazlana, baino besterik ez du sudurren aurrean, inguruko arazoetaz paso egiten duelarik. Hizkuntza egunero erabiltzen duenak badaki zelako akatsekin egiten duen topo. Batua ez dago burututa. Akademia lotan dago. Agindutako lanak astiro datoz (Baina, ba ote datoz baina?) Berriro ere frankotiradoreok proposatu beharko dugu gure lanak bideratzeko obratu behar dena obratua izan dadin, poltrona guztien gainetik eta akademia guztien azpitik.
Zazpigarrenean, Arestik burutu barik utzi zituen lanek antzerki itzulpenak, adibidez oinarrizko euskal bibliotekarako pausotzat har ditezkelarik, atzera ere gure literaturgintza eta euskalgintza orokortasunean hartu beharraz gogorarazten gaituztela esan behar. Zer itzuli behar den eta norako, hara aurreragoko beste bateren batetan ere aldizkari honetan berton ekindako gaia.
Zikinkeria, saldukeria, lagunkeria, zurikeria... gainerako ezein keria ez da gaurkoa. Zelan ikusten ei den sugearen itxura arraultzean bertan, argitara ageri orduko, halaxe ikusi dugu gaurko hainbat joera Arestiren salaketetan diseinatuta. Geure geureak egin behar salaketok, egun ere erdaraz idazten segitzen bait da euskarari buruz, ez dakit nongo hiztegiaren zai segitzen bait dugu, sariketa literariotan eta literatu sariketetan arbitrarikeria bait da nagusi egun ere,... Eta batez ere zabarkeria delako nagusi hizkuntzarekikoetan. Gabriel Aresti, omenaldiek ez zaituzte alferreko hitzen pean ehortzi. Gure eskuetan zaitugu, oraindik ere, ia egunero, maitasunez. Ingudearen gainean imintzen zaitugu. Eta eguneroko ihardunaren mailuaz jotzen zaitugu. Irin barbiturikoa zaitugu, gure ardo pobreari nahastuta.
Bederatzigarrena: anfeta hutsa zara, Gabriel Aresti Segurola.
|