Larruazal berrian
Koldo Izagirre
Zure aitak ezin izaten du luzaz iraun isilik, bazenekien goiz edo berandu eman behar ziola bide bere hamorruari. Eta galde egin dizu, jakinen duzula noski gertatutakoa, gaur ere klasera joan gabe geldituko zineten. Alferrik. Badaki ez diozula erantzunen, ezta behatuko ere. Zeurean jardun duzu, oilarrari hexurrak bereizten burua jasotzeke. Noski badakizula. Baina nolako plazerra, berari entzutea kontatzen. Bere buruarekin berotzen da gizarajoa.
Aluak! Baina jakinen du, jakinen du nor izan den. Nazkatua dago oraintxe herri zoro honetan. Greba eta istilua besterik ba al da gaur egun. Horrela ezin da bizi. Askatasuna behar du herri honek, baina honela jarraitzez gerotan diktadura batetik diktadura berri batera goaz. Gauza berririk ez orain arte, baina laster behar du ederrena, zure aita erdi negarrez ari da.
Ba enfrentamendua nahi baldin badute egin dezatela, egin ezazue esaten dizu, eman iezaiozue harrika Euskadiko kristaleria guztiari. Hori omen da orain politika. Baina lasai uzteko langilea eta jende honratua. Ez baitago eskubiderik, eta errepikatu egin du, zuri beha, ez dago eskubiderik. Noski, berak badaki, hemen ez da inor inozoa, zer uste duzue, orain helduko da ederrena, ezin gorde izanen du luzaz, nik badakit hoietako asko asaldari profesionalak direla. Ez dago gaizki, ezpainak garbitu eta sagardoari ekin diozu, presarik gabe. Beha gelditu zaizu, mutu. Masaileko bat emanen lidake gustora, baina ez du hain maila zikineraino jaitsi nahi. Kontra eginen banio sikira. Gizarajoa, garai haiek joan dira. Betirako joan dira.
Ez du goserik. Berak badaki, ez du ikusi baina, jende aunitzek baitu ikusi, esanen luke zein zokotan gainera, asaldari profesional hoiek dirua ematen dietela gazteei, umeei, bortxakeriak eta txikizioak egitearren. Gaur ere. Badator ederrena, amaitu du hitzaurrea.
Barrikada alu hori errepidea mozten. Hau baldin hada ekarri behar diguzuen askatasuna preskuak gaude. Baina ez duzu burua jaso. Jardun dezagun laranjari azal arrasto xehenak ere zuritzen. Horrekin nahikoa ez eta su eman diola bateren batek barrikadari. Boteila hoietakoren batekin seguru asko, jende artetik botako zuen, oihukatzeko ausartak baikara hemen, baina gero gauzak izkutuan egin behar. Sua eman behar zaiola erabaki baldin badu asanbladak, hau ere niri beha esan du seguruenik, ba joan eta eman su, hantxe, bertatik bertara. Baina bai zera. Inpunitatea. Hobetzen ari da, hitz berria du hau. Errespontsabilitaterik eza.
Baina berak jakinen du koktela nork bota duen ez ezik, nortzuk izan diren auto mugitzen ibili direnak ere. Noizbait. Ezin du isilik gorde. Ederra izanen da ama ere negarrez ikustea. Zure amak ez du espero han behean, etxearen bueltan bertan, kale erdian kixkalita dagoen autoa gure autotxo polita izatea. Orain aitak esan eginen dio, emakumea, aurten bakaziorik gabe. Eta amak zer ba esanen dio. Diru piska bat osatu beharko dugu. Baina ez al ginen gelditu hirurok joanen ginela Errioxara? Eta ez du auto kixkaliarena kontatu beste erremediorik izanen. Aitaren edo esanen du amak, eta burua izkutatuko du esku artean. Ederra izanen da. Ni lasai, kafesne hotzari haize ematen.
Esan ere eginen du berak badakiela nor diren halakoetan ibilten direnak, eta beste norbaitek ere badakiela etxe honetan. Baina zu lasai, eskuak katilu hotzean berotzen. Eta ez dela oheratuko arik eta izenak eduki arte. Hau ez da horrela geldituko. Badaki nondik hasi. Gizarajoa.
Ederrena ikusteko dago gizontxoa. Ez zen batere gaizki egon autoarena. Koktela motz gelditu zen, ez zen txakurretaraino heldu, auto azpira joan zen, kasualitatea. Zeinen ederra den algaraz lehertzeko gogo hau. Ederra da idurikatzea nolako izua hartuko duten bihar goizean jaikitakoan. Zoroa bezala hasiko zaio gizontxoa bere emazteñoari hoska. Beha ezazu, sarreran genuen ezteietako argazkia txikitu du. Beha hemen, zatoz, bisiloak ebaki ditu. Ai, portzelanazko baxera! Egon gelako butakek mueileak agerian! Komun zuloa zapatez betea dago! Frigorifikokoa lurrean sakabanatua! Zer da hau? Enpapelatu berria gurinez zikindua!
|