Gure poetarik onena Tuteran jaio zen: Yehuda Ha-Leví
Joxemari Iturralde
Jende gutxik daki, geure artean, poeta honen berri: Yehuda Ha-Leví. Tuteran jaio zen eta poeta judutar aparteko honen entzutea apenas iritsi den poesizale bakan batzuen belarrietara baino.
Norbaiti Tutera hiriaren historiak zerbait adierazten badio, eta balizko irakurle euskaldun horrengan gertu badaude historian zehar Tuteran gertaturiko gorabeherak, aintzat hartu beharko lituzke Yehuda Ha-Leví poeta honen bizitza eta idazlanak, nahi eta nahi ez.
XI-XII. mendeetan ospetsua izan zen Tuterako judutarren alijama, eta baitaere handik urruti ez dauden Tafalla, Lizarra eta Iruñakoak. Kontutan edukitzekoa da azken hiri hauetan beste hizkuntzen artean euskera mintzatzen zela Tuteran ordurako galdua bazen ere.
Erdiaro honetan hizkuntza, arraza, bizimodu eta pentsamolde ezberdin hauen nahastea eta elkartrukatzea izan da, ene aburuz, geure historian zehar gertatu den garairik interesgarriena eta hala bada, "Nafarroako artizarra" nire nobelan saiatu naiz aro hartako berreraiketa egiten deskripzio kriptiko eta moderno batean.
Esan nahi da, politiko euskaldun askok uste duten bezala egia baldin bada Tuterako historia geure historia bera dela (eta poesizaleak ez direnez gero neri ez zait batere interesatzen politiko horien ustea; nahiz eta ez naizen orain honetan hasiko), gutarra dugula Yehuda Ha-Leví poeta judutarra.
Yehuda Ha-Leví, hemen inguruan inoiz ezagutu den olerkaririk haundiena dugu. Esan bezala judutarra zen eta 1105. urtean jaio zen Tuteran. Jakintsua oso, bere poesia hebraieraz idatzi zuen arabieraz ere egindako lanak badauzkan arren: "El Kuzarí" deituriko lana adibidez.
Aski ezaguna egin zen garai haietan eta baita gaur eguneko ikertzaileentzat ere, bera izan bait zen kastillanoz idatzi ziren lehen bertsoen egilea, "jarchas" deituriko estrofa batzuetan, hain zuzen.
Badirudi Zaragozan, Toledon, Cordoban eta Granadan bizi izandu zela, hemen Mosé ibn Ezra-ren gidaritzapean eta maisutzaz arabiar poesigintzaren eragina jaso zuelarik.
Yehuda Ha-Leví-k adiskidetasuna lantzea izan zuen helburu bere bizitza osoan arraza, erlijio eta pentsamolde ezberdin guztien gainetik.
Oi abiatzeko gaua
berandutu eta luza zaitez
bihar baitoaz lagunak.
Luza zaitez, geldo aurreratu
eta ilun ezazu egunsentiaren diztira.
Ojala ene begien lanturua
balitz euria orgak uztartzerakoan
eta abiatuko ez balira,
ene bihotzeko samina
altxatuko balitz zutabe beltzaren gisa
eta egunsentia ikusiko ez balute,
aurpegiko amorrua ene hasperenez irtengo balitz
eta sugarkiskalgarriaren gisa zigortuko balitu.
Agian horrela jakinen lukete,
nire baimenik gabe,
ezinen direla ene dendatik aldendu.
Paregabe trebatu zen amodiozko olerkigintzan baitaere Yehuda Ha-Leví, arabiar poesiaren eragina batzuetan nabari asko delarik.
Oraindik egun ere, eta horregatikan da klasiko, ez du gaurkotasunik galdu. Begira bestela, maitasunezko eskeintza bikain hau:
Ene dama gazela bezain airosa da,
baina lehoiaren antzo baurre dagi,
inoiz berriz ikusiko ez den modu batera.
Baurre egiten du eta edonor bahitu,
baina bere musuez pizkortzen du harrapatua,
eta bere edertasunaz, eta bere orruez,
ahitzen da lehoiaren bihotza daukan hura.
Badakit arima eta bizia, berak eskatu orduko, emanen dizkiodala,
baina, non dago? lagunek esango dute ez banaute ikusten.
Badirudi gizaki atsegina izan zela Yehuda Ha-Leví, natura eta lagungiro zale, eta sarritan laudatu zituela ardoa eta amodioa. Ezkondurik, alaba bat eta honek emandako iloba izan zituen, bere poema batean irakur daiteken bezala.
Lur Sainduak ikusteko asmoz eta senide, lagun eta bere lurralde maitatuak uzterakoan sorturiko samintasun osoz, abiatu zen ibilaldi luze bezain penagarria burutzekotan. Jaiotzaz lur lehorrekoa izanik, bere itxasoko poemak dira ederrenak, zeinetan itxasoa agertuko bait zaigu beti zerbait misteriotsu bezala, krudel batzutan, baina sortzen eta aldiberean mugatzen jakin zuen Jaungoikoaren handitasunaren lekuko.
Jauna, etzazu baretu itxasoaren harrotasuna
eta ez egiozu agindu ozeanoari lehor dadin.
Olatu horiek eta mendebalaizeak
eraman nazaten amodioaren uztarriraino,
eta urrundu arabiarrenetik.
Neke haundiko bidaia izan zen eta itxasaldi zatarra suertatu zitzaion antza denez:
Berriro urpetu al du lurra uholdeak
itxasoa baizik ez ikusteraino?
Iadanik ez al dago gizon, txori edota bizirik?
Mundu osoa izan al da suntsitua?
Zein dultze izanen litzaidaken orain ikustea
mendiren bat edo hobi bat edota desertua!
Edonora begiratuta ere ez dakusat ezer,
ura soilik eta zerua eta leizea,
eta Leviatan olatuak irakinaraziz,
itxasoa urdindu nahi bailuan;
eta itxasoaren bihotzak untzia ezkutatzen du
lapurren esku bailegoan.
Ene arima pozten da ikusirik
Jaunaren tenplura naraman itxasoa harroturik.
Berdin zitzaion edozein oztopo eta ustekabe Jerusalemera iristeagatik. Askok eta askok bezalaxe uste bait zuen Jaunarekin eta bere herriarekin harreman osotuena Lur Sainduetan erdietsiko zuela eta ez beste inon.
Belaun baldartuekin eta bihotz harrituarekin
deitzen dizut, Jauna.
Ene izate osoa larritzen da
itxasoan arrauna sartzen denean
eta marinelei besoek uko egiten dietenean;
eta ni untzizubian,
zeru eta itxasoaren tartean,
balantzaka, dantza batean lez.
Baina zer da guztiau, zuregan dantza
egitea lortzen badut, Jerusalem?
Baina gure Yehuda Ha-Leví-k ez zuen inoiz lortuko Lur Sainduak begiztatzea. Alejandria-ko portua iritsi zuen eta bertan berak nahi baino luzeago egon behar izan zuen, zenbat denboraz ez dakigularik. Handik, noizpait, Damieta-ra ailegatu zen, Nilo hibaiertzean kokaturiko hirira. Hemen, bi urtez geratu behar izan zuen-eta ondoren, zergatia ez dugu ezagutzen, El Cairo-ra abiatu zen eta bertan, Nilo hibai biblikoan, galtzen dugu betirako bere arrastoa. Badirudi 1140.urtean hil zela, hau segurutzat ezin badaiteke ere jo, eta, zehazki, non ere ezin esan.
Menfis-eko eremura Braman ninduen ene patuak,
eskatzen diot segi dezala neri jirabirak emanaraziz.
Juda-ko desertua begiztatuko dudanerarte,
iparraldera jarraituz, muino gotorrerantz.
Gure poeta ezin bikainagoa bere jaioterritik hain urrun desagertu zen unean badirudi sortu zela, eta hau ere Tuteran bertan, beste idazle unibertsal bat (eta benetan gutxi baino gutxiago izan dugu halakorik geurean) judutarra hau ere, Benjamin Tudelako, gerora garai hartan ezagutzen zen mundu osoa zeharkatuko zuena. Baina Tutera-ko beste idazle honen gorabeherak hurrengo baterako lagako ditut, oraingoz.
|