Lehen manifestua
(errealismo ezkutuaz)
Mila urte pasa dira honetaz aritu ginen azkenengotik. Ez genuen beti "rollo" berarekin "aspertu" nahi gure irakurlego "exkax" (baina leiala), beti ere suposatu izan denez, planteatzen genituen arazoak, geneuzkan kezkak, gure E.H. honetan ikusten genituenak (eta ikusten ditugunak, ez bait dira aldatu) "rollo aspergarri" baino ez zirela. Horrela, adjetibatze horrekin errealitate miserable bat (euskal literatura) ezkutatu baino egin ez delarik.
Eman dezagun literatura pittin bat egitera goazela, eta zergatik ez, Aliziaren eskutik ispiluaren beste aldera pasa eta gure inguruan (hau da, paper honetatik kanpo) dagoenari errepaso bat ematera goazela.
Eguraldi kaxkarra benetan. Beraz editorialetaz mintzatzea beste erremediorik ez daukagu. Erdal Herrian, mendebaldeko gehienetan bezala, editorial guztiek Merkatu Ekonomi sistema onartu dute posible bakar bezala. Ondorioz suizidiora kondenatu dute euskara eta euskal literatura (edota nahiago baduzue, ostrazismora, eskaparatismora, liburutegikeriara). Euskaraz irakurtzen ez dakigunean, E.H.aren historiaz apenas dakigunean, erdal literaturak gure buruak erabat jan dituenean, bertsolaritzaren eta ahozko literaturaren aztarnak garatu eta gaurkotu ez ditugunean... Idazle On Nobel Saridunaren ipuin fantastikoarekin liluratu nahi gaituzte. Inbutuaren legea. Elitismoa. (Txarrak garela, redios!).
Ezinbestekoa izan da instituzionalizate prozesua arestian aipatutako joeraren oinarri bezala. Herri normal batean bizi garenaren ipuina kontatu digutenek, "literatura normal" bat (hau da idazle batzuk gorteko bufoi modura eta kanpoko herriei erakusteko moduan) daukagula tragatu arazi digute azkenean. Eta bota larria dugu.
Literatur Jeneroen arazoari ez zaio konponbiderik eman. Editorialek ez diote sekula santan irtenbiderik emango (gehiegi begiratzen diote poltsari horretarako).
Literatur Plangintzari ez da oraindik egin. Editorialek ez dute Plangintzarik egin. Ez eta egingo ere (ez dira horretarako gai, askotan frogatu ahal izan dugun bezala).
Zer pasatzen da saioarekin? Zer poesiarekin? Zer itzulpenekin? Ze arraio pasatzen da!
Editorialek probetxu ekonomikoa baino ez dute bilatzen eta ehuneko hamar zoritxarreko horren bidez erosi nahi dituzte euskal idazle guztiak (miserablea izan beharra dago hain merke saltzeko norberaren folioa!).
Ogiaren prezioa igo digute. Beraz, Instituzioetaz mintzatzea beste erremediorik ez daukagu.
Instituzioen subentzioak euskal literaturarekiko ez dira editorialaren ehuneko hamar hori idazlearekiko baino haruntzago joaten.
Instituzioek beraiek hitz egin dute beren beka politikaren huts egiteaz. Eta halaz ere ez zaie besterik bururatzen. Erre ke Erre.
Mintza gaitezen euskal literaturaren alderik «bizienaz»: sariak. Zenbat sari, hainbat herri (aldrebes, noski). Literatur sariak dira Instituzioen oskurantismoaren eta imajinazio urriaren eskrementu bakarra. Literatura kenduta, sari baten gainontzeko osagaiak baino ez dira kaka horretaz elikatzen direnak (Instituzio, Epaile, Komunikabide eta elkarte benefikoak, hau da Banku edo bankeruak).
Unibertsitateak atrofiatuegiak dauzka neuronak literaturaz aritzeko edota norbait literato egiteko. Beraz, mintza gaitezen komunikabideetaz. Ez. Mintzatzen al dira horiek gutaz? (Itzali ezak/n telebista. Desentxufatu irratia. Erre periodikua. Bizi. Idatzi. Irakurri. Ostiak...).
Zigarrorik gabe gaude. Beraz, mintza gaitezen Idazleen Elkarteaz (Euskal, vamos). Instituzioen segidismoa baino ez du egin sortuz geroztik hilaur honek. Kultur Ministraria argazki pare batetan agertzeko baino ez du balio azkenean. Idazlearen eskubide profesionaletaz arduratzea prometitu zuenak, sindikatu hori baten gisara, aipatu dugun Editora-Idazle-Ehunekohamar sistema horren lejimitatzaile lana egin du. Idazlearen joera indibiduala baino ez du kontutan hartu, inpotentea izan delarik Euskal herrian literatur mugida bat sortzeko, eta itsu hemen bertan egin diren eta dauden mubidak kontuan hartzeko.
Komuneko paperik gabe gelditu gara. Beraz, mintza gaitezen idazleaz (euskal, benetan). Sar dezatela behatza ipurtzuloan eta idatz dezatela besterik ez bada paretean. Baina idatz dezatela...
Kritika.
Nola demontres ausartzen dira bere burua «kritiko»tzat edukitzen sistema guzti hau onartu baino egiten ez duten semiobobo guztiak?
Lilurarik ez. Ez dago itzultzerik. Guzti honen errealitatearen itxurarik aurkitu ez duenarekin gustora baino gustorago eztabaidatuko genuke. Baina ba al dago horretarako aukerarik? Biderik? Ardurarik? Has gaitezen atzo berandu da eta! Badakizu non diraugun.
|