L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gernikako astelehena

 

Marta

 

Aitak harrapatu gintuenean begien kolorea arras aldatu zuen. Gibelminak horitutako zuri aldeko zaintxoetara odola ponpatu zuen. Eskuek, beren kabuz, mugimendu geldoak burutu zituzten norbaiten zama birrindu, txikitu, zotza bihurtu nahi bailuen. Hoztu ginen berehala. Bere gorputzaren hoztasuna barruan sentitu nuen, azala zeharkatu zidan.

        Aita, gaztetan, milaka aposturen inguruan ipurdia, burua eta dirua mugitzen ibili zen. Nork ardo gehiago edango, zein bertsolarik pot egingo, lehenen nor helduko pikutaraino... Famatua izan zen eta hala ere horrek ez zion egotzi ama Paskoa baino lehen ernetzea, baserria oso norgehiagoka ospetsuan galtzen eta familiarekin sumintzen.

        Aitari beharra gaitza zitzaion. Eguerdiro sartu eta ama deitzen zuen, atsedentxoa jaso behar duzu, laztana; eta niri, helduok eguerdian ere ohean egon behar dugu. Holakoetan gelatik botatzen ninduten, nahiz eta negarretan hasi, nigana ez ziren etortzen. Haurretan, jan aurretik indarra berreskuratu behar zutelako, eta jan ostean, bazkarian nekatuak zirelako oheratzen zirela uste izaten nuen.

        Aitarekin osaba tabernara joaten hasi zen gero, eta elkarrekin afizio ederra hazi zuten. Aitak bere apostu garaia berpiztu zuen taberna giroan, musean etengabeko jolasean eta botila ardoa mahai erdian, ber berea zuen eta. Osaba koplakari zorrotza zen eta inguruetako neskatxek haren zirikadak jasan behar izan zituzten. Tabernan, aitarekin berriz horrenbeste sofritzen ez zutela irazkintzen zuten irribarretan. Orduan nik ez nuen aditzen guzti hori. Gero bai. Aspaldi horretan ama urduri eta haserrekor aritzen zen. Gauez soilik oheratzen zen eta maiz aita etxeratu gabe.

        Aitarentzat mingarri eta harrigarria gertatu zen gu biak kortan aurkitzea, jipoi galanta jaso genuen. Akuilukadak ez zituen ardoak ekarritako bihotzerreak arindu arrats euritsu hartan, berak soilik pekatu egin ahal zuen eta.

 

Astelehena zen, egun sonatua herrian, astelehena merkatu eguna izaten baita. Bi urte pasata ziren aitak baserrian ezkutatu ninduenetik, bi urte eta arrats euritsu bat auzo kutunari besoa akuiluka birrindu zionetik.

        Astelehena zen eta gurasoak merkatura joanak ziren, eta sarritan jipoitzen ninduen aitak, eta niri baserria espetxe bihurtua zitzaidan eta errekaz goragoko pinudiaz eta auzoaren usainaz gogoratzeak aspertua ninduten. Suminduta, ernegatuta eta nire senetik aterata. Horregaitik sakabanatu nuen lastoa, txingarrak eta kriseiluetako olioa, amaren maletatxo zaharra bete nuen eta baserriari su eman nion. Bidexka erdian nengoen orain. Auzo guztiak merkatuan zeuden. Sugarrak haunditzen hasi ziren.

        Zeruan hegazkina agertu zen. Bere zarata entzun nuen. Lehenengoa. Merkatu eguna, astelehena. Zeruan hegazkinak agertu ziren. Beraien zarata haundiagoak entzun nituen. Geroko zaratak higuingarriagoak izan ziren. Zutik iraun zuen etxe bakarra guardia zibilena izan zen.

        Nire kateak apurtu nituen astelehen horretan kate bortitzagoak apurtu gabekoak zirela ohartu nintzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.