Louis Aragon
«...Mais aujourd'ui, Apollinaire est mort». 1918. urtean, André Breton-ek bere lagunetarikoetatik bati bidalitako telegrama. Louis Aragon izena zuen berak. Abenduko egun luze horietako batean hil zen duela hiru negu laurogeita bost urte zituelarik. Poeta, nobelagile, komunista, bere garaiko beste edonork baino eragin handiagoa izan du literatura frantsesean. Gaztarotik hasi eta bere azken egunetaraino, beste inork ez bezala sortu zituen, eta bereganatu, lilura eta gorrotoa. Fideltasuna gorde zion bere buruari. Hona hemen bere bizitzaren radiografia. Hezurraz gain mamia nahi duenak jo beza bere obrara.
1897 Urriaren 3a, Louis Aragon-en jaiotza. Aita-ama ezezagunen seme deklaratu zuten. Marguerite Toucas de Biglione, 24 urtetako bere ama, abenturero kastakoa zuen aitak utzi egin du; bere anaiarrebak eta ama aurrera ateratzeko lanean dihardu. Urtetan zehar anaia duela sinestaraziko dio bere semeari, eta ezkutatu egingo dio bere aita-besoetako eta tutore duena, berak oraindik ere ikusten jarraitzen duena, bere benetazko aita dela. Louis Andrieux izena du, 57 urte dauzka bere semea jaiotzerakoan, abogatu ohia, Parisko poliziaren prefetoa izana da (1880), gero enbajadore Espainian. Ondoren diputatu izango zen Basses-Alpes-en.
1902 Obra bat diktatzen dio boro izeboi Aragonek: "les Enfants de Cléoputro".
1904 Familia Neuilly-ra doa bizitzera. Narrazio laburrak idazten dtu Zolaren eragina daukatelarik.
1908 Neuilly-ko Saint Pierre lizeoan seigarrena egitera sartzen da. Lehendabiziko saria frantsesean. Barres-en antologia bat emango diote, gerora esango duen bezala literatura zer den erakutsiko diona.
1914 Batxillerra. Medizina ikastea erabakitzen du. P.C.N. Irakurketa ugariak, horien artean Raymond Roussel.
1917 Bere «arreba» ama duela konturatzen da eta Louis Andrieux aita duela jakingo du. Medizinako lehendabiziko urtea. Mobilizatua. Val-de-Grace-ra inkorporatzen dute mediko auxiliar bezala. Elkarketa garrantzitsua: André Breton aurkitzen du, hau ere medizina ikaslea da. Lautréamont irakurriko dute elkarrekin. Apollinaire deskubrituko dute.
1918 Frentera bidali dute. Gerrako gurutzeaz kondekoratuko dute. Paul Eluard eta Philippe Soupault-en laguntasuna. Bere lehendabiziko poemak argitaratuko ditu «Sic» eta «Nord-Sud» aldizkarietan.
1919 «Littérature», taldearen lehendabiziko aldizkaria. Aldizkariaren izena Paul Valéry-k eman zion Breton-i. Literatur kronikaz arduratuko da Aragon, eta 7 urte zituelarik idatzitako poema bat argituratzen du: «Quelle ame divine!». Desmobilizatu dute. 1921. urtean utziko dituen medizina ikasketekin jarraitzen du.
1920 Bere lehen bilduma argitaratzen du: «Feu de joie». Tristan de Tzara-rekin egiten du topo. Dadaismoan apuntatzen da. «la Nouvelle Revue française»n bere lehen nobelaren zenbait orri aurreratzen ditu: «Anicet ou le Panorama».
1921 Tours-eko kongresuan sortu berri den Partido Comunistan sartzen saiatzen da Breton-ekin batera. Partiduan nagusi indignoak dituztela estimatzen dute. Aragon-en lehen panfletoa arigataratzen da: «A bas le génie français!». Breton, Tzara, Soupault eta Drieu la Rochelle-rekin batera Barrés prozesua haizeratuko du. «Anicet» argitaratu eta kaleratu da. Artikulu bero batez agurtuko du Drieu la Rochelle-k.
1922 Medizina ikasketak utzi ondoren bibliotekario bezala hasiko da Aragon Jacques Doucet modisto eta kolezionatzailearen etxean, «les Aventures de Tétémaque» argitaratzen du.
1923 Giverny-n instalatuko da obra «tzar» batetan lan eginaz: «la Défense de l'infïni». Zatiak baino ez ditu argitaratuko titulo ezberdinekin. Dadaismoa utziko du.
1924 Andre Breton-en «Surrealismoaren Manifestua». Anatole France-ren heriotzean «Un cadavre» panfletoa idazten hartuko du parte. Urte amaieran «la Révolution surréaliste»ren lehen zenbakia kaleratuko da. Aragon-ek «Une vaque de reves» eta «le Libertinage» argitaratzen ditu.
1925 Buttes-Chaumont anderearekin liatuko da, amerikana bat. Konferentzia Madrilen: «Mendebala, hiltzera kondenaturik zaude. Europako galtzaileak gara gu...». Drieu la Rochelle-rekin haserretuko da. Trotski-k Lenin-i buruz idatzitako liburua goraipatuko du. «Clarté»ra artikulu bat igorri du «le Prolétariat de l'esprit» gaiari buruz. «Le Mouvement perpétuel» argitaratzen du.
1926 Nancy Cunard ingeles aberatsarekin liatuko da: «Emazte baten itzala bilakatu nintzen». Bizimodu mundanoa, modan dauden boiteak maiz bisitatzen ditu. Dandismoa. «Paysan de Paris» argitara ematen du.
1927 P.C.n sartzeko beste saio bat egingo du Breton eta beste hiru surreatistarekin batera. Nahaste borraste bat sortuko dute arduradunek hauek onartu ahal izateko. 1932. urterarte ez da benetazkoa izango Aragon-en sarrera P.C.n.
1928 Albert de Routisie-ren ezizenez «le C... d'Iréne» nobela erotikoa argitaratuko du. Urte honetan beste bi liburu ere argitaratuko ditu Aragon-ek: «la Grand Gaité» eta «Traité du style».
Irailean bere burua botatzeko saio bat egingo du Benezian Nancy Cunard haraino segi ondoren.
Azaroan Elsa Triotet aurkituko du Ilya Ehrenbourg-en konpainian. Errusiarra, Elsa Kagan, 1896. urtean jaioa, Liti Brik bere ahizpa Maiakovski-ri aurkeztu zion gaztetxo bat zelarik. Bere maitale bihurtuko zen. Elsa-k surrealistengandik urruntzen lagunduko du Aragon. Elsak ez ditu atsegin eta Aragonek idazle sobietarrak ezagutuko ditu honen bidez. Elsa ez zen sekula P.C.koa izan.
1929 Trotski-ten deserriratzeak surrealista eta P.C.ren arteko krisisa sakonduko du.
«1929» tituloaz poema erotikoak idatziko ditu Benjamin Péret-ekin batera Man Ray-ren argazkiekin ateratzeko. «La Peinture au défi» argitaratzen du Aragon-ek. Breton-ek berriz «Surrealismoaren Bigarren Manifestua»>.
1930 Maiakovski suizidatu da Moskun. «Le Surreatisme au service de la Révolution» aldizkaria kaleratzen da. «l'Humanité»ren literatur jarrerak salatzen ditu hor Aragon-ek baina Kharkov-en ospatutako idazleen Kongresura joango da Georges Sadout-ekin batera. Bueltakoan Partiduak idatzitako deklarapen bat sinatuko dute, beste zenbait gauzaren artean, «le Surrealisme au service de la Révolution», «Surrealismoaren Bigarren Manifestua» eta troskismoa kondenatuz.
1931 «Le Surréalisme ASDLR» aldizkarian, Aragon Kharkov-eko kongresuan eta ondoren mantendutako jarrera esplikatzen ahaleginduko da. «Front rouge» argitaratuko du, «Littérature de la Révolution mondiale» aldizkarian. Enbargatu egingo dute aldizkari hau eta Aragon salatu militarrak desobeditzera xaxatzeagatik eta heriotz mehatxuengatik.
1932 André Breton-ek, Paul Eluard eta beste zenbait surrealista atzean zituelarik, Aragon salatzen du panfleto ezagun baten bidez: «l'Affaire Aragon». Erabat hausten du Aragon-ek Andre Breton-ekin. Ez du sekula ahaztuko. SESBera doa urtebete osorako Elsarekin batera. Moskun «la Correspondance internationale»n kolaboratuko du.
1933 «L'Humanité»ren kazetari bihurtzen da Aragon. Maurice Thorez aurkitu eta laguntasun pribilejiatu bat izango du berarekin.
1934 Poema bilduma bat argitaratzen du: «Hourra l'Oural». «Les Cloches de Bale» argitaratuko du, «Monde réel»en lehendabiziko tomoa. Eskaintza «Elsari, bera gabe hilik nengoke».
SESBera itzultzen da berriro. Oraingoan Idazle sovietarren Batasunaren lehen batzarrerako.
1935 «Pour un réalisme socialiste» publikatzen da, hitzaldi eta texto bilduma.
Parisen «Kulturaren defentsarako idazleen Batzarre Mundiala». Breton eta Aragon-en artean, surrealismoa eta komunismoaren artean, suizidatu egingo da René Crevel.
1936 Frente Popular delakoaren garaipena. Espainiako gerratea. Moskuko lehen prozesoa: Zinoviev eta Kamenev ejekutatuko dituzte. Aragon eta Elsa SESBan daude orduan. Beraien bueltakoan agertzen da «Monde réel»aren bigarren tomoa: «les Beaux Quartiers». Renaudot saria.
1937 Egunkari komunista berri bat agertzen da: «Ce soir». Jean-Richard Bloch-en laguntzaz zuzendari da Aragon. Nazioarteko politika Paul Nizan-ek darama.
1938 Munich-eko hitzarmena. «Nik pakea desio dut, horrek deusestuko du Munich-eko oroitzapenik urrunena ere».
1939 New York-era doa bidaia batetara. Itzulitakoan izango du hitzarmen germaniar-sovietarraren berri. Reich erasotzailearen aurkako tresna bakezale izan daitekeela uste du.
Paul Nizan P.C.tik ateratzen da. 1940. urteko maiatzean frentean hilgo dute.
Irailaren 3an mobilizatuko dute berriro Aragon. Handik piskatera Partido Comunista desegin egingo dute.
Urte bukaeran «Vingt ans apres» poema argitaratuko du. Elsarekiko maitasuna eta bere aberriarekikoa hasiak dira jada nahasten.
1940 Zenbait tokitan egon ondoren Dunkerken dago Aragon maiatzean. Han Plimouth-erako itsasoratuko dute, handik Brest-era joateko gero. Gerrako gurutzea, kondekoratu dute berriro. Périgueux bitartean jarraituko du erretirada. Militar domina.
1941 «Creve-Coeur» argitaratzen du Parisen, erresistentzia poemen lehen bilduma. «la Leçon de Riberac ou l'Europe française» argitaratzen du: «Gizartea aldatu beharra dago poetak aldatzeko, eta ez poetei eutsi gizartea hobetuko duten itxaropen inozoan». Drieu la Rochelle bere lagun zaharrak eraso egingo dio egunkari kolaboratzaileetatik.
Itzulera laburra Parisera. Jacques Decour (alemanek fusilatuko zutena) eta Jean Paulhan (laister preso hartuko zutena)rekin batera «Lettres françaises» kaleratuko du (klandestinitatean aterako da hurrengo urtean). Nizan Partidoarekin harremanetan jarriko da berriz. Henri Matisse-rekin egingo du topo.
1942 Suizan argitaratuko du bere poema bildumarik ezagunena: «les Yeux de Elsa». «Le Témoin des martyrs» atxilotu eta erresistente fusilatuen omenez. Drome-ko Dieulefit-en instalatzen da. Aragon-en ama hil da.
1943 «Les voyageurs de l'impériale» agertzen da Parisen. Comité National des Ecrivains (C.N.E.) delakoa sortzen da. François la Colere ezizena erabiliz «Musée Grévin» argitaratzen du «Minuit» argitaletxean (klandestinoa).
1944 Paris liberatura itzultzen da. C.N.E. konprometitzen da alemanak egon diren bitartean beraiekin kolaboratu duten idazleen liburu edo artikulu atera dituzten argitaletxe, egunkari edo aldizkaritan ez parte hartzera.
Bere nobelarik ederrena (etakoa) argitaratzen du: «Aurelien». Elsa Triolet-ek Goncourt saria bereganatzen du «Le premier accroc coute deux cents francs» nobelarekin.
1945-46 «L'Homme communiste» argitaratzen du Aragon-ek.
1947 «Ce Soir» kaleratuko da berriro eta Aragon izango da horren zuzendari. «les Lettres françaises» aldizkariaren bitartez kanpañatxo bat antolatuko dute lehen disidente sovietarraren aurka; «J'ai choisi la liberté» idatzi zuen Kravtchenko-ren kontra.
1948 Pakearen aldeko intelektualen kongresu mundialera doa Wroclaw-era (Polonia). Parisen Jdanov, errealismo sozialistaren teoriko indartsuaren gorasarre egingo du hau hildakoan.
1949 «Communistes»en lehendabiziko aleak kaleratzen dira; 39-40. urteetako gerratearen lekuko da obra hau.
1950 Hungrian ari den Rajk-ekiko prozesua dela eta polemika bat izango du Vercors-ekin. Maurice Thorez-ek krisis bat sortzen du PCFn, justu Aragon komite zentralean sartu berri denean.
1952 Paul Eluard hil da. Pakearen kongresu berri bat, Bienan. Moskura doa gero. Pierre Daix-ek dioenez hunkitua etorri omen zen han ikusitakoengatik, baina berak Stalinen zahartzaroari egozten omen zion guzia («blusa zuri»en afera).
1953 «Ce Soir» itxi behar dute. «Lettres françaises»eko benetazko zuzendari izango da nahiz eta Pierre Daix agertu kargu horretan. Stalin hil da. Artikulu bat aterako du «Lettres françaises»en hori dela eta. Ilustrazio modura Picassok egindako Stalinen marrazki bat. Partiduan haserretu egiten dira Stalin gazte eta ezezagun bat agertu delako. Autokritika egingo du gero. Artikulu luze asko idatziko ditu 20 urtetan zehar aldizkari honetan. Hor ikusten dira partidua eta bere gusto pertsonalen arteko tirabirak.
1954 «Les Yeux et la Mémoire» 15 kantu dituen poema; partiduarekiko bere atxekipena argi eta garbi azaltzen du hor.
1956 Partiduaren XX. kongresua eta «Khrouchtchev afera»; batzurentzat Stalin-ek krimenak egin zituen, partiduarentzat eta Aragon-entzat ez da horrelakorik.
«Le Roman inachevé» argitaratzen du. Gallimard argitaletxean «Littératures soviétiques» sail garrantzitsuari ematen dio hasera.
1957 Pakearen Lenin saria eskuratzen du Aragon-ek.
1958 «La semaine Sante» nobela argitaratzen du.
1959 «Elsa» poema, Aragon-ek berriro nahasten ditu bere maitasun fidela eta bere eritzi politikoak.
1960-61 «Histoire de l'URSS» bat argitaratzen du André Maurois-ek Estatu Batuetako bat birrargitaratzen duen heinean.
1962 Sljenitsyne-ek Moskun kaleratutako lan bati oihartzun internazionala emango dio «les Lettres françaises»ek.
1963 Roger Garaudy-ren «Un réalisme sans rivages»en hitzaurrea egingo du Aragon-ek. Errealismo sozialista-ren uztea apuntatzen da.
«Fou d'Elsa» poema luzea argitaratzen du.
1964 Tristan Tzara hil da. Maurice Thorez ere bai.
1965 «La Mise a mort» (Tiempo de morir, Alianza ed.) argitaratzen du, itzala galdu zuen gizon baten nobela. Pragara doa. «les Lettres françaises»en Siniavski-Daniel prozesua kondenatzen du: «Nobela edo ipuin baten edukiagatik atxilotzea opinio delito bat egitea da, eritzi krimen bat; Siniavski eta Danielen obrak baino prezedente kaltegarriago bat sortzea da sozialismoarentzat».
1966 André Breton hil da.
1967 «Blanche ou l'Oublie» nobela argitaratzen du.
1968 «Oeuvres croisées» argitaratzen da. Berrogei liburu baino gehiagotan beraien obrak tartekatzen dituzte Elsak eta Aragonek.
68.eko Maiatza. Quartier Latino-ra doa Aragon estudianteei hitzegitera Cohn-Bendit-ekin batera. Matxinada goraipatzen du «les Lettres françaises»en.
Suizan dago sovietarrak Txekoslovakian sartzen direnean. Nonbait zera esan zion Elsa-ri: «Berrogeita zortzi ordu ematen dizkiot Partiduari publikoki salatzeko sovietarren interbentzioa: bestela burua botako dut». Ez zen horrelakorik gertatu. Protesta bat argitaratzen du «l'Humanité»n. Urrian, Milan Kundera idazle txekarraren «la Plaisanterie» nobelaren hitzaurrea egingo du.
1969 Sljenitsyne Union des Ecrivains delakotik kanporatzen dutela eta protesta egiten du Aragonek. Soviet Batasunean «les Lettres françaises» debekatzen dute horren ondorioz. Goncourt akademian sartu, eta atera egingo da.
1970 Elsa Triolet hil da. Heriotz gorasarrea Georges Marchais-ek egingo du; ez da oraindik Partiduko idazkari orokorra.
Elsa hil ondoren itxuraz aldatzen da Aragon. Hippien modura uzten ditu hileak luzatzen, eta beti traje grisez jantzi izan zena arropa eszentrikoz jazten da orain. Gauez Saint-Germain-des-Prés edo Contrescarpe plazan ibiliko da noraezean, arropa zuriz eta sonbrero handiekin. Aktore, poeta edo fotografo gazteak atzetik dabilzkiola.
1971 Hogeita hamar urte lehenago hasitako «Henri Matisse, roman» argitaratzen du.
1972 Hirurogeita hamabost urte dauzka. Urriko Iraultzaren ordenarekin kondekoratzen du Pariseko enbaxadore sovietarrak. PCFk ordea subentzioa kentzen dio «les Lettres françaises»i. Desagertu egingo da. Azken zenbakian «la Valse des Adieux» artikulu luzea argitaratzen du Aragonek: «Azken asteotan mundutik aparte egon naiz... Nere bizitza, zein zapore garratza utzi didan nik ondo ezagutzen dudan nere bizitza, azken finean belarriak gehiago apurtuko ez didan bizitza hau, gehiago kontatuko ez didana zein ederra izan den, nere leiendarekin gehiago izorratuko ez nauena. Joku izugarri batetan bezala galtzaile atera naizen bizitza hau. Erabat alperrik galdu dudana...».
1973 George Marchais bultzatzen du Parisko auzotako hauteskunde kanpañan.
1974 «Oeuvres poétiques completes»en lehendabiziko aleak kaleratzen dira. «Théatre/Roman» argitaratzen du eta TNP inguruko antzerki giroan zabaltzen da.
1977 Moskura itzultzen da delegazio ofizial batetan Urriko Iraultzaren 60. urteurrena ospatzeko. Laguntasunaren ordenarekin kondekoratzen dute (bere hirugarren kondekorazio sovietarra): «Bihotzik handienak ezingo du gorde herri sovietarrekiko maitasuna, zeren eta jendeak hobeto ezagutzen ditu beraiek etorkizunaren izenean onartu dituzten sakrifizio ikaragarriak...».
1978 Lili Brik hiltzen da Moskun (Elsaren ahizpa) larogeita sei urterekin.
1979 Telebistan sekula agertu nahi ez zuen Aragonek elkarrizketa sail bat eskaintzen dio Jean Ristat-i. «L'Humanité»ren festa batean erabilia zuen maskara batekin agertuko da saioetan zehar.
1980 «Le Mentir-vrai» urteetan bárrena mailakatzen diren testuen bilduma.
1981 Mitterrand ateratzen da presidente. Mugimendu homosexualen aldeko manifestapen batetara deitzen du Aragonek. «Les Adieux» kaleratzen da; poema argitaragabeen bilduma.
1982 Jean Ristan-ekin batera, eta udaletxe komunistek gonbidatuta Toscanan pasatzen du uda. «L'Umanité»ren festan omenaldi handi bat eskeintzen diote: berak maite dituen pinturen erakusketa, berak idatzitako kanten errezitalak... Nekatuegi... ez du joaterik izango Aragon jaunak.
|