Violet Font
Beste taberna mozkortu bateko amerikar billar mahaiean, fokoek argitzen dituzten bolek iduneko bateko perlak dirudite, partida hasi aurretikako hirukia eratuz, distirant.
Aurrenengo kolpeak iduneko bitxia apurtzean, perlen elkar jotze hots erakarkorra entzungo duzu, ia magikoki, barreiatuko dira mahai berdean zehar indar ezezagunek eragindako higiduraz, eta, oraindik ere printz dagitela, kalertzetako estoldak bailiren sei zulotan galtzen lagako dituzu zure bola multikoloreak... agian iduneko preziatuaren inolako konponbiderik gabe jada, fokoek argitzen zaituzte taberna hordiko amerikar billar mahaiean.
Pokerrerako naipe frantsesak banatu direnean, beti tabernaren atzekaldeko gela kamuflatuan, itzal estrainu bat pausatu zaik, berriro ere sortu duen tabako ke arteko bonbila indarge kulunkarira itzultzeko, astiro. Astiroegi hiretzat (ia lanbrotan). Ez bait duk erreparatu banatzailearen eskua besterik izan ez dela; edota tximeleta beltz bat bestela. Eta orain, kartomantzia sorginaren kartei urduri baino artegago beha ondoren, badakik hire hestutasun imentzioek hondatu hautela hire azken jokaldian. Osabak askotan esandakoak ekarri dituk gogora bapatean: demagun mahai berdeko hire aldera botatako naipeak eskuratuak dituala, etzak orduan tarotekoak izan daitezkenik inoiz ere pentsa, jadanik heu haiz, eta heu bakarrikan, etorkizunarekin jolastuko duena; eta jainkoak hieratikoak dituk, betidanik, eta are gehiago, hieratikoagoak, kezko lanbrotan.
Beranduegi duk ostera. Beranduegi dagoeneko tokatu karta horietaz desegiteko. Kondenatu duk heure burua. Hatz dardarati, estraineko karta ikusi bezain laster. Denok antzeman bait diagu taroteko naipe esoterikoak dituala hireak. Eta badakik, guk bezain ondo gainera, basoan geratzen zaiken alkoholak ez hauela mozkortuko jada, beranduegi dela hiretzat. Eta tranpa egiteko nola arraio moldatuko ote haizen itxaroten gaudek, (irriz), hire aurpegi zurbilduari adi-adi so.
|