Benjamin Moloise zela eta
1985eko urriaren 16a
Gabriel Aresti bizirik balego
poema bat egin liezaioke
ostiralean urkatuko duten
Benjamin Moloise beltzari
Esango luke, agian,
polizia bat hiltzeagatik baino
bere herria defendatzeagatik
dutela urkatuko
Esango luke, ziuraski,
poeta izateagatik baino
bere arrazaren eskubideengatik
dutela zintzilikatuko
Gabriel Aresti bizirik balego
ez nukeen, apika,
poema bat idatzi izango,
baina Moloise berdin dute hilko
1985eko urriaren 18a
Ahots kasik negartiz, lokutoresak esan du gaur Benjamin Moloiseri bizia kendu diotela: beltza, poeta eta hogeitamar urtetakoa zela. Irudi luke horregatik kendu diotela bizia...
Politiko zibilizatuek «gertaera kalifikaezin» gisa izendatu dute hain kalifikazio errezekoa izanik. Guztiak, mindurik baino, eskandalizaturik zeudela manifestatu dute. Baina, zergatik ote daude eskandalizaturik?
1985eko urriaren 19a
Poeta izatearen abantailak:
urkatzen zaituztenean, mundu guztia larritzen da; berdin du zure aurretik seirehun joan badira. Bothak ongi ikasiko zuen irakaspena: aurrerantzean ez du poetarik urkatuko, ez behintzat aurretik beste seirehun urkatu baino lehen. Iraultzaile eta borrokalariek ere, espero dezagun ikasiko zutela zerbait: ez dela nahikoa poeta izatearekin, jakinarazi egin behar dela, alegia.
|